GERIZPEAN. Gaztelarako pasabidea

Ebro ibaiak Kantabriako mendiak eta Mediterraneo itsasoa lotzen ditu, bidearen zati batean Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko muga marrazten duen bitartean.

ENEKO BIDEGAIN
2008ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Ebro ibaia maiz Aturrirekin lotu da, Euskal Herriaren iparraldeko eta hegoaldeko mugak marrazten dituztelako, gutxi gorabehera. Aturri Euskal Herrian itsasoratzen da. Ebro ez da Euskal Herrian itsasoratzen, ez eta ere sortzen. Atlantikotik franko hurbil sortzen da, Kantabria (Espainia) aldean, Picos de Europa mendietan. Itsasoratu, aldiz, Mediterraneoan itsasoratzen da, 930 kilometroko ibilbidea egin ondoren.

Mediterraneoko aire hori senti daiteke Euskal Herritik pasatzen den zati batean. Menditik jaitsiz Arabako hegitik pasatzen hasten denean, oraino giro franko berdea eta hezea nabari daiteke. Ur anitz dauka Ebrok, Sobron eta Larrazubi bitartean pasatzen denean. Hainbat muino daude inguruetan, herri txiki xarmantak, harri marroizko etxe edo zubi zaharrak dituztela. Arabako mendebaldean, Ebroren iparraldean, egun batzuk bertan iragaiteko toki paregabeak dira, oinez edo bizikletez bazterrak ezagutzeko.

Zubien garrantzia

Larrazubi da Araban gurutzatzen duen lehen herria. Ibaiaren alde batean dago Espainia, eta bestean Larrazubi bera eta Euskal Herria. Erromatarren garaiko herri horrek garrantzia ukan zuen historian zehar, Gaztelako erresumaren eta Euskal Herriaren arteko muga egiten zuelako. Garai hartan balio handia zuten merkantziak, besteak beste gatza, handik sartzen zituzten, kontrabando bidez.

Ibaia bazter lehorrago eta zelaiagoetan sartzen da gero. Bi zuhaitz lerroren artetik segitzen du bere bidea. Geroago, Euskal Herritik ateratzen da, eta berriz sartzen da, Zadorra ibaiarekin bat egiten duen unean, Zanbranaren parean. Hainbat bihurguneren ondotik, zuzenean gurutzatzen duen lehen herria Mañueta da. Erdi Aroan, Ebro zeharkatzeko leku erabilienetariko bat zen. Hasieran barkuz zeharkatzen zuten, eta zubi bat eraiki zuten ondoren.

Funtzio bera betetzen zuen Lapuebla Labarkak ere. Biasteri herriak ontzi pasabide baten beharra zuen, Ebro zeharkatu ahal izateko, eta horregatik sortu zuten herri hori. Erreka gurutzatzeko erabiltzen zuten ontzi horri zor dio, funtsean, izena herriak. Geroago, zubi eseki bat eraiki zuten, ontziaren ordezkatzeko. 1939an, zubi berri bat eraiki zuten haren ordez.

Garai bateko pasabidearen arrastoak ageri dira handik aski hurbil, Asan (Lantziego). Errepidetik pixka bat baztertu eta lur gaineko bide batetik laster heltzen da Mantibleko zubira. Ez da gauza handirik ageri, gaur egun; harrizko bi arku handi bakarrik. Ez dago bide arrastorik ere, ez alde batean, ez bestean. Baina arku horien handitasunaren arabera, aise asma daiteke garai batez zubi handia izan zela. II. mendean eraiki zuten zubiak zazpi arku zituen, 30 metroko goratasuna eta 164 metroko luzera. XIV. mendean erori zen.

Handik kilometro gutxira sartzen da Nafarroako lurretan. Arabatik bezala, Nafarroatik ere bazterrez bazter pasatzen da ibaia. Lodosatik pasatzen da lehenik. Lodosan Mairuen Zubia izeneko akueduktua ikus daiteke. Erromatarrek, Santa Kurutze Kanpezuko (Araba) urak Calahorrara (Errioxa, Espainia) eramateko eraiki zuten ubide hori. Lodosatik Sartagudara, Ebrori segi egiten ditu hainbat kilometro.

Ebrori segi doa ere, Errioxako aldetik, Done Jakueren Ebroko bidea. Logroñon egiten du bat Garestik datorren bide nagusiarekin. Castejondik Cortesera, Ebrori jarraiki doa Done Jakue bidea.Tarte horretan, 40 kilometroko ibilbidea egin daiteke. Bide batez, Ebroren inguruan dagoen herrietako arkitektura ikus daiteke. Tutera da inguru horretako herri nagusia. Ebro zabal-zabal pasatzen da handik, Tuterara sartzeko zubi luzea horren lekuko.



Jakingarriak

Iturburua: Peña Labra (Kantabria)

Ibai-ahoa: Mediterraneo itsasoa

Luzera: 930 km

Arroa: 85.362 km2

Emaria: 426 m3/s





Miranda de Ebro euskal herria?

Ebro, Miranda de Ebroren hegoaldetik pasatzen da. Ibilbide gehienean Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko muga egiten badu ere, gune horretan Burgosko probintzia dauka bi aldeetan. Bada, ordea, Miranda Euskal Herriko herria dela aldarrikatzen duen mirandarrik. Mirandako Ezkerra alderdiaren ustez, Miranda Arabako herri bat da, eta hala aldarrikatzen du, Trebiñuren gisan. Miranda Nafarroako Erresumaren parte izan zen Erdi Aroko zenbait garaitan. Miranda de Ebro Gaztelako Erresumaren esku gelditu zen, Antso IV.a Nafarroako Erregea eraila izan zenean, 1076an.





Sobron, urarekin eta naturguneekin lotu herria

Uraren Interpretazio Zentroa, Uraren Museoa, Abentura Parkea eta naturgunea dauzka Sobronek
E. Bidegain

Sobron Ebrotik arras hurbil da. Naturgune batean dago, eta ildo horretatik, hainbat aktibitate eskaintzen ditu. Berriena, agorrilaren 15ean inauguratu zituzten Uraren Interpretazio Zentroa eta Uraren Museoa. Uraren Museoaren helburua bisitariak ingurumenaren zaintzearen eta natura baliabideen babestearen premiaz ohartaraztea da. Ibilbide bat eskaintzen du, uraren egoerak ezagutzeko. Uraren eta biziaren arteko harremana esplikatzeko gune bat ere badauka erakustokiak. Uraren jatorria azaltzen da, baina baita ere hainbat erlijiotan duen garrantzia eta urak historian zehar izan duen funtzio terapeutikoa.

Sobron herriak XIX. mendean eta XX. mendearen lehen erdian bisitari anitz ukan zuen, jendea ur mineral sendagarrietan bainatzera joaten baitzen. Orain, ura aisialdirako ere erabiltzen dute. Sobrongo Abentura Parkeak hainbat aktibitate eskaintzen ditu, besteak beste zubi-saltoa eta urpekaritza.

Txorien erresuma

Hain zuzen, Sobronen bazterrean urtegi bat dago. Sobrondik abiatu eta urtegi haren inguruan barna, ibilaldi erraza egin daiteke, naturaz gozatuz. Sai anitzen babesleku diren arroken artetik, ehunka urte dituzten gaztainondoen bazterretik, mendi handiz inguraturik, bizpahiru oreneko ibilaldia egin daiteke. Sobronek naturaz gozatzeko parada eskaintzen du. Alabaina, interes ekologiko handia duen herri edo gune gisa ezagutua da, lore mota anitz daukalako, eta baita animalia espezie ugari ere. Halaber, hegaztientzako interes bereziko gune gisa izendatua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.