GERIZPEAN. Gorobelgo labirintotik Angulora

Gorobel mendilerroko akuiferoaren tamaina erraz da imajinatzen aukera izanez gero, behinik behin, San Migel errekak sortzen dituen jauzi apartekin gozatzeko. Haitzuloko erraiak mugitzen hastean, ikuskizuna.

JOSEAN GIL-GARCIA ANGULO IBARRA
2008ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
San Migeleko ur-jauzia ikusteko ezinbestekoa da lehenik eta behin Angulo mendatera iristea. Gaubeako ibarretik bertaratzea posiblea bada ere, hobe Artziniegatik egiten bada. Aiaraldeko hiribildu horretan Trespaderneranzko errepideari jarraitu eta mendateko tunela igaro bezain pronto, ezkerraldeko zabalgunean aparkatuko dugu. Ur-jauziraino distantzia motza den arren, ibilbide luzea deskribatuko dugu jarraian eta, bide batez, orain arte Urieta moduan ezagutu dugun tontorrera igoko gara.

Oinez jada, mendateko langa zeharkatu eta ekialdera joko dugu amildegiaren ondo-ondotik. Ler gorrien artean egingo ditugu lehen urratsak. Igoera xumea egin eta segituan, San Migel errekak sortu ohi duen ur-salto bikaina aurrez aurre izango dugu. Udaberriko euriteen osteko egunak ezin hobeak izaten dira, hala ere, ur-jauziarekin gozatzeko; izan ere, egundoko ikuskizuna gertatzen da malkarrean, San Migel errekak Gorobelgo barrunbeetatik indarrez azalerazi eta segituan, 200 metro inguruko desnibela libratu behar izaten du.

Haitzuloa eta otsazuloa

Bide nagusitik irtengo gara orduan eta, zehar-zehar eginda jaitsiera xumea egingo dugu ura amiltzen den lekuraino. Errekan gora ehunka metro egin ostean, errekaren sorlekura iritsiko gara, hala deliberatuz gero. San Migel el Viejo deritzan kobazulo estua Gorobel mendilerroko akuiferoaren hustubiderik garrantzitsuenetakoa da. Haren atarian, gainera, ubide zahar batek atentzioa emango digu. Hoditeriak barrunbera sartu eta gordelekuaren iluntasunean loak hartuko duela irudituko zaigu, akaso. Quincoces de Yuso herriko ur-hornikuntzarako aspaldi egokitutako hoditeria zaharra baino ez da.

Ekaitzen arriskupean ez da komeni kobazuloan sartzea, milaka litro irten baitaitezke bat-batean, noiz eta barru-barruko lakuak eta sakonuneak bete bezain pronto. Urak inplizituki dakarren arriskuarengatik ez balitz izango, oso esplorazio erraza egin liteke Ur-jauziaren sala deritzan tokiraino. Kanpoaldeko saltoa gutxi balitz bezala, 12 metroko bote eder bat sortzen da barnean, ahotik ia kilometro batera. Ur-jauziaz barrualdera zer gertatzen den jakiteko mosketoiak, sokak, kaskoak eta haitzean ibiltzen abilezia izatea ezinbestekoa da. Horren haritik, Arabako eta Bizkaiko Espeleologia taldekideak errekaren gordelekuaren edertasunak harrapatuta gelditu ziren 60ko hamarkadan, batik bat ur-jauziaz haratago joatea lortu zutenean. Hainbat ahalegin egin ostean kobazuloaren amaieraraino iritsi eta Gorobelgo labirintoan 4 kilometro pasatxo ikuskatu zituzten.

Malkarreko pistara bueltatu gara gero, eta gora segituko dugu otsazulo bateko horma erori baten erditik igarotzeko. Gaur egun hondakinak besterik ez duen elementu etnografikoa bada ere, behiala, gizartearen ekonomia nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritzen zenean, otsoen kontrako tranpak ziren. Gaur egungo gizartea industrializatuan otsoen kontrako borroka ez omen da amaitu, animalia horien erasoaldien datuei erreparatuta. Anartean, animalia basatiok Gorobelgo mendilerroan gaindi korritzen segitzen dute alai-alaiki. Felix Murgak otsazuloen bilduma interesgarria osatu zuen 1977ko udan bost umeren laguntzarekin. Arabako, Burgosko eta Leongo zuloen inbentarioa burutu egin zuen. Lantxoan berak aipatzen duenez, otsoak uxatzeko asmoz Losa ibarretik 300 bat lagun bildu ziren behin San Migelera, gizonezkoak eta gazteak denak. Anekdota gisa, berak jasoa da behin batean basurde bat eta otso bat zulora erori zirela eta leia itzelaren ondotik basurdeak irabazi zuela borroka.

Moscadero gailur

Otsazuloaren horma lagun, pista nagusitik jarraituko dugu hiruzpalau minutu gehiago. Ibarbidean gora segitzen duen pista baliatuko baitugu jaitsiera egiteko, horma zaharra eskuinean utzita, ezkerrera jo eta pagadia zeharkatu ondoren, muino baten azpian jarriko gara. Maldan gora segituko dugu nahiz eta zidorrik ez dugun ikusiko. Pista bat zeharkatu eta ehunka metro aurrerago, Moscadero tontorrera iritsiko gara. Gailurreko postontziak Urieta izena dakarren arren, Moscadero toponimoa egokiagoa da, nonbait, Euskaltzaindiko Onomastika Saileko hainbat kidek eginiko estudio baten arabera. Gailurrean izanagatik ere, lautada baten gainaldean gaude eta zaila da esaten zein den punturik gorena. Mapa guztiek Moscaderotik hego-ekialdera tontor altuxeago bat marrazten dutenez, harantz zuzenduko gara zirkuitua osatzeko asmoarekin. Hego-ekialdera jo eta zuhaitz bakarti bat altxatzen den muinorantz egingo dugu. Mostajo izeneko muinora iritsiko gara. Hamar minututxo nahikoak dira Moscaderotik bere ondora iristeko. Gutunontzirik ez dugu bertan ikusiko, Aro mendateko Covata txabolen aldera jaisten den basabidea baizik. Hara iristean, pista zeharkatu eta gainaldetik jarraituko dugu hego-ekialderantz. Lerro xume batetik jaisten hasiko gara gero, Mangadas errekastoaren ibartxoa eskuinean dugula. Bidegurutze batean eskuinera joz, jaisten jarraituko dugu Muleteros izeneko pagadi alderantz. Ibarrera iristean, eskuinera egin eta, otsazuloaren horma gogaide, Angulo mendatera iritsiko gara.



Ur-jauzia

Ur-jauzia: San Migel

Erreka, arroila: San Migel

Herrialdea: Angulo ibarra (Burgos)

Mendilerroa, mendia: Gorobel

Ur-jauziaren neurria: 200 m

Gomendioak:

Ibilbidean iturririk ez dagoenez, kantinplora etxean bete beharko dugu. San Migel el Viejo haitzulora doan bidea labainkorra izaten da errekak ura badakar. Kobazuloan esplorazio txangoa egiteko, ezinbestekoa da espeleologia arropa eta tresna egokiak gainean eramatea. Moscadero (Urieta) eta Mostajo tontorrak gainalde zabal batean altxatzen direnez, ez abiatu lainopean amildegiaren ondo-ondotik ibiliko gara eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.