GERIZPEAN. Industriaren bidetik

Nerbioi eta Ibaizabal ibaiak garbi sortzen dira, baina biek laster egiten dute topo industriekin, eta industriak markatu gunean bat egiten dute, Bilboko itsasadarrean

ENEKO BIDEGAIN
2008ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Bilbo zeharkatzen duen ibaiak bi adar nagusi ditu: Nerbioi eta Ibaizabal. Bi ibai horiek Basaurin elkartzen dira, eta handik aurrera, hango urek Bilbo zeharkatzen dute, Portugalete eta Getxo artean itsasoratzeko. Azkarki urbanizatua den gunean bukatzen dute beren ibilbidea. Uraren kalitatean nabari da gizakiaren urteetako aktibitatearen eragina. Bilboko itsasadarra bera eta haren bazterrak garbiago eta atseginago bihurtzeko ahaleginak hasi zituzten 90eko hamarkadan. Horren lekuko dira Guggheneim museoa eta bere inguruak, Euskalduna jauregia eta abar. Bizikletez edo oinez ibilaldi luzeak egin daitezke, orain, han gaindi.

Eremu luzea du ibaiak berak, eta ez bakarrik ibilaldiak egiteko. Itsasontziak hamabost kilometroz barnera sar daitezke. Aukera geografiko hori baliatu zuten XIX. mendean, Bilboko portua garatzeko, eta haren inguruan industria egituratzeko. Oraino ere ageri dira garai bateko labe garaien arrastoak, ibai bazterrean. Azken hamarkadetan, lantegi handiak itxi zituzten; eta gaur egun, lantegiekin batera, ibai bazterreko auzo oso batzuek daukate utziaren itxura, itxura beltza. Pixkanaka hori ere aldatzen ari da.

Lantegien kea

Dena den, ez da Bilbon hasten Nerbioi eta Ibaizabal ibaiek industriarekin daukaten harremana. Ibaizabalek Bilbotik Durangoraino ia bide guztian egiten du bat gizakiaren aktibitatearekin. Ekialderako norabidean, errepideak, herriak eta industriak ez dira falta haren inguruan. Durangon bertan ere lantegi baten ke beltzen ondotik pasatzen da.

Basauritik hegoaldera ere industriak eta hiriak ugariak dira. Nerbioi ibaia ez da biziki zabala, eta Laudioraino maiz pasatzen da lantegien bazterretik. Laudion sartzean berean ageri dira tximinia gorri luzeak, lantegiz inguratuak. Ur gainean harrizko zubi zahar baten arku zati bat. Arkuaren gainean koartza bat zaindari. Airatu da, errekan urrunago joateko. Ur bazterrean, ahateak. Laudion sartzean, egun hauetan bestan ari direnekin egiten du topo Nerbioi ibaiak.

Laudiotik Amurriora, bazter lasaiagoetan barna egiten du bidearen zati bat, mendialdera hurbiltzearekin. Errekak ez du ur handirik, baina oihanen itzalaren freskura nabaritzen zaio. Luiaondora (Araba) heldu aitzin, erromatar garaiko zubi txiki eder bat ageri da. Ez da zubi eder bakarra, baina xarma berezia du. Harrizko zubitik beretik, ibai hertsiranzko bista polita dago bi aldeetara.

Inguru haietan, ur baino harri gehiago ageri da errekan. Baina harriak inguratuz, ur xirripak hor ur xirripak han, landareen artetik, forma politak hartzen ditu errekak. Hori ongi ikus daiteke Luiaondotik beretik. Lehengo zubi baten bi zutabe ia oso eta beste zutabe baten zatitxo bat ageri dira, ur gainean. Bazterrean garai bateko lantegi zahar bateko tximinia dago.

Gero Amurrioren bazter batetik pasatzen da ibaia. Berriz ere eremu zabalagoetan sartzen da, Urduñara bidean. Urduñatik landa Delikako bidea hartzen du. Han, arroilaz inguraturik, ikuskizun paregabea eskaintzen du. Handik hurbil sortzen da Nerbioi, ur jauzi ikusgarri batekin. Delikako urjauzia 270 metrokoa da. Ez du balio garai honetan joatea haren ikustera, ez baita urik isurtzen handik. Haatik, euri franko egin duenean edo elurrak urtzen direnean, ikusgarriak bisita merezi du.

Errekatxoaren ibilbide korapilatsua ageri da Nerbioi sortzen den gunetik. Gain batean dago, Burgosko Berberana herriaren eta Urduña mendatearen artean dagoen bidetik pixka bat baztertuz. Zuhaitzen artetik, naturgune lauan barna, ibilbide laburra egin daiteke, familia giroan. Delikako ur jauziaren parera heltzean, begiak zabal-zabala egon daiteke, bazterrei begira. Ur-jauzia baino lehen ikusten da putzutxo bat. Han sortzen da Nerbioi, Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko mugan. Handik laster, arroilan behera jaisten da ura, ura badenean. Handik behera Nerboi errekatxoaren meandroak ikus daitezke. Udan ez dauka urik, harri grisak baizik ez dira ageri.

Paisaia ederrez inguraturik sortzen da Nerbioi, baina Ibaizabalek ere ez du ahalketzeko arrazoirik. Hainbat erreka juntatzen zaizkio Ibaizabali. Horietarik bat Mañaria, Durangon. Urkiola aldetik ura garbi-garbi dator. Elorriotik datorren erreka ere Durangon biltzen da. Horietarik adar bat Anboto aldean sortzen da. Ibaizabalekin Zornotzan batzen diren beste bi adar ere bazter ederretan sortzen dira. Arratia errekak Gorbea aldean du iturburua.



Jakingarriak

NERBIOI

Iturburua: Delikako ur-jauzia

Ibai ahoa: Bilboko itsasada-rra

Luzera: 72 kilometro.

Arroa: 1.900 km2

Emaria: 9,6 m3/s

IBAIZABAL

Iturburua: Elorrio aldean

Ibai ahoa: Bilboko itsasada-rra

Luzera: 63 kilometro.

Arroa: 416 km2

Emaria: 18 m3/s





Bizkaiko zubi esekiaren gorabeherak

Industrializazio garaiarekin eraiki zuten, 1936ko gerransuntsitu zuten etagero berriz eraiki
E. Bidegain

Bilboko itsasadarra itsasora heldu aitzin, monumentu ospetsu bezain ikusgarri baten azpitik pasatzen dira. Alde batean, Getxoko Areeta auzoa dago, bestean Portugalete. Bien artean, burdinazko zubi beltz handi bat. Bi dorre ditu, alde bakoitzean bat. Eta bien artean kabina bat pasatzen da, batetik bestera, auto eta guzti. Ikusgarria izateaz gain funtzionala den zubi horrek XIX mendean du jatorria.

1890ean hasi ziren zubiaren eraikitzen. Alberto Palacio Bizkaiko arkitekto eta ingeniariak ibaiaren bi aldeak nola elkartu pentsatu zuen. Hainbat proiektu landu zituen, baina, azkenean, orain dagoen zubiaren hautua egin zen, itsasontziei bidea ez zielako trabatzen, oinezkoak eta zamak garraiatzeko aukera eskaintzen zuelako, eraikuntza kostu egokia zuelako eta eguraldi txarrak ez zuelako zerbitzua etengo. Ezaugarri horiek zituen lehen zubia izan zen, Europan. Eiffel dorrearekin parekatua izan zen.

Bilboko portuaren industrializazio garaian eraikitako zubia eta industrializazio haren lekuko izan zena oraindik badabil. 1937an, ordea, gerra garaian jasandako leherketen ondorioz, kalte handiak jasan zituen. Ekainean, Iparraldeko Gudarosteko Ingeniarien batailoiak zubia suntsitzeko agindua eman zuen, Francoren tropek ibaia zeharka ez zezaten. Ekainaren 17an, leherketa bat izan zen, eta zubiaren zati gehienak urera joan ziren. 1941ean hasi ziren zubia berreraikitzen. Orduz geroztik, zubiak bere funtzioa betetzen du, eta Euskal Herriko ondareko elementu garrantzitsua da. Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen 2006an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.