GERIZPEAN. INGURUMENA. Berdea itxuraz eta politikaz

Ultzamako Udalak iraunkortasunaren aldeko apustuan jarraitzen du. Iaz perretxikoen parkea ireki ondotik, udazkenean, biogasa eta biomasa fabrikak eraikiko ditu herrian dituen baliabide naturalak erabiltzeko.

XAN HARRIAGUE ULTZAMA
2008ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Garai batean, Euskal Herriko Suitza deitzen omen zitzaion Ultzamako ibarrari. Ikuspegi berdeengatik bi tokien arteko lotura egin zuten batzuek. Herritarrak laster ohartu ziren horretaz baliatzen ahal zirela, eta turismoa gero eta tarte zabalagoa hartuz joan zen herriko ekonomian. Nekazaritza izan da betidanik ibarraren motorra, eta oraindik ere horrela jarraitzen du dagoen industria txikiari baliabide nagusietariko bat emanez. Hori da behi-esnea. Zaila da hiru arloen uztartzea bat bertzeari lekua utziz eta elkar errespetatuz, baina azken urte horietan, Ultzamako Udalak iraunkortasunaren apustua egin du turismoa garatzeko, nekazaritzan dauden arazoei irtenbidea emateko eta herriak dituen baliabideak erabiltzeko.

Klima aldaketa dela eta, modan daude ingurumena errespetatzen dituzten proiektuak, baina oraindik gutxi dira gauzatzen direnak. Ultzamako Udalak joan den urtean egin zuen horren aldeko lehen urratsa. Perretxikoen Parkea abian jarri zuen, mendian onddo bila zebilen jende kopurua murrizteko. Horrez gain, perretxikoei buruzko aholkularitza gunea ere zabaldu zuen, gehiago jakin nahi zuten herritarrentzat, baina baita onddo bila zetorren turistentzat ere. Emaitza baikorra izan bada ere, Udalak ez du horretan gelditzeko asmorik, eta urte bukaerari begira iraunkortasunean oinarritzen diren bertze bi proiektu abiatuko ditu: biogasa fabrika eta biomasa fabrika.

Ultzaman betidanik izan dute arazoa pixorrarekin. Ongarri gisa erabili dute, baina ezaugarri on batzuk baldin baditu belar edo landareentzat, bertze batzuk kaltegarriak dira ingurumenerako. Gainera, usain azkarra du soroetan hedatzen denean. Arazoak konpondu nahian, duela bost urte hasi ziren irtenbidea bilatzen, eta orduan ohartu ziren biogasa egiteko baliabide oso ona zela. Gasa eman eta nekazarientzat kutsatzen ez duen usain gutxiko ongarria ekoitziko zuen.

Nahita egindako gasa

Biogasa erreakzio kimikoa da. Oxigenorik ez dagoen lekuetan,gai organikoen deskonposizioak gasa egiten du bertan sortzen diren bakteriei esker. Ingurumen natural batean gas naturala da adibiderik adierazgarriena. Baina erreakzio hori nahita egin daiteke gai organiko hezeak oxigenotik at paratuz. Prozesua 36 gradutan egin behar da, eta gai organikoak nahiko azidoa izan behar dute. Prozesua burutzeko, pixorra 30 bat egunez utzi behar da oxigenorik ez dagoen biltegi batean. Hortik gasa aterako da, metanoa batez ere. Motor batean sartu eta argi indarra ekoitziko da, baita beroa ere. Ultzamako Udalak argi indarra sareari salduko dio, eta beroa, fabrika 36 gradutan edukitzeko erabiliko dute. Sobratzen zaiena ondoan dagoen esnekien fabrika bati salduko dio. Prozesu kimikoa ez da osoa, eta hortik ongarri gisa balia daitekeen gaia ateratzen da, pixorra baino neutroa da, eta hobeki asimilatzen dute landareek. Gaineran usain txarrik ez du botatzen.

Ultzaman 33 etxaldek parte hartuko dute -3.300 behi inguru-. Egunero 250 tona pixor biltzea espero dute heldu den udaberritik aitzinera. Fabrika udan hasiko da gasa eta beroa ekoizten, deskonposizio prozesuari 30 eguneko epea utzi behar baitzaio.

Alde ekonomikoari dagokionez, inbertsio nahiko handia da: kilowatio bakoitzeko 500 bat euro. Fabrika eta biltegien egiteko 4,2 milioi euro beharko dituzte, baina herriko alkate Patxi Perezek erdia diru laguntzekin ordaintzea espero du. Biomasaren fabrika anitzez gutxiago kostako da, 500.000 euro inguru. Batean ala bertzean obrak udazkenean hasiko dituzte, baina biomasarena negurako prest nahi dute, horrekin udal azpiegiturak berotu ahal izateko, udaletxea, osasun etxea eta kiroldegia, bertzeak bertze.

Biomasa erreakzio termikoa da. Erretzen da. Kea egiten badu ere energia garbitzat hartzen da, erretzean egiten den karbono dioxidoa zuhaitzek jaten dutelako. Fabrikak galdara baten lana egiten du, eta hortik beroa ateratzen da egurraren erretzetik, baina baita prozesu horretan oxigenoa kontrolatzean ateratzen den gasogenoa errez. Sistema horri motor bat erantsiz argi indarra egin liteke, baina Ultzamako Udalak ez du halakorik aurreikusi. Oraingoz, oihanean duten aberastasuna erabili nahi dute azpiegituren berotzeko. 9.000 hektarea oihan dituzte, baina biomasarako bi heren erabiliko dituzte, eta hektarea bakoitzean tona bana egur atera nahi dute denboraldiko.

Bi proiektuekin herritarrek ez badute berehala bat egin Perezek uste du haien konbentzitzen jakin dutela. «Hasieran zalantzak zituzten funtzionatuko ote zuten, baina azalpenak eman eta ulertu dute». Jirko Bezdicek energia berritzaileen teknikaria eta bi fabriken arduradunak are baikorki baloratzen du. «Hasi ginenetik baserritarrak bat bertzearengandik hurbildu dira, eta iruditzen zait orain lehen baino harreman gehiago dutela». Etorkizunari begira oso kontent dago energia berritzaileak ezagutarazi dituelako, eta Ultzama «eredu» bihurtu duelako: «Ingurumena babestuko dugu, eta gutxi badira ere, lanpostu batzuk sortuko». Biogas fabrikan sei langile hartuko dituzte, eta biomasarenean pare bat.

Ingurumenaren aldeko proiektu horiekin politika berdeetan Euskal Herriko eredu nagusietariko bat da Ultzama. Eta dirudienez, ez dute horretan gelditzeko asmorik, heldu den urteetan Green Leading saria eskuratzeko gogoa baitu Perezek.

Gurean Ultzama aitzindaria izanen bada, Europan badaude energia iturri horiek dagoeneko nahiko garatuak dauzkaten herriak: Herbehereak, Alemania eta Txekia. Urteak joan ahala errentagarriak bihurtu dira teknologian aurrera pausoak egin direlako, baina batez ere, lurpeko erregaiak izugarri garestitu direlako. Prezio horiek nola eboluzionatzen duten ikusita, badirudi etorkizuna dutela. Berzdicek dio teknikari eskasa dagoela eta orain dauden doblea baino gehiago lan egiten ahalko luketela.



Iaz Ultzamako mendien zaintzeko hartutako neurriekin jarraituko dute aurtengo denboraldian, bezeroek eskatutako aldaketa batzuk eginez.

Onddoketa mendia zainduz

X.Harriague Ultzama

Harrigarria dirudi erratea mendian ibiliz ingurumena hondatzen dela, baina horrela da luze gabe jende gehiegi pasatzen bada pista, senda eta oihanetan. Ultzaman aspalditik ohartuak ziren onddoketari gehiegik bazterrak urratzen zituztela, baina 2006ko denboraldiaren arrakasta ikusi eta gero, neurrien hartzea erabaki zuten ondoko urterako. Batzuek dirua irabazteko erabaki besterik ez zuten ikusi, baina udaletik argi utzi zuten mendia zaintzeko neurriak zirela.

Duela bi urte uda bero eta hezea egin zuela eta, perretxiko anitz atera ziren Nafarroako iparraldean, Ultzaman batez ere. Horren ondorioz, kanpotik etorritako onddoketari franko joan ziren, hango oihanak aski famatuak baitira. Betiko onddo zaleez gain, ohitura gutxi duen jendea ere perretxiko biltzen hasi zen, nonahi agertzen zirelako bilatzeko indar handirik egin gabe. Egun batzuetan milaka lagun ibiltzen ziren mendian.

Iaz mendiak ahal bezain bat zaintzeko neurriak hartu zituzten ordainaraziz, baita biltzen ahal ziren perretxiko kopurua mugatuz ere. Urte bat beranduago esperientzia ona izan dela dio Sandra Iraizoz Ultzamako zinegotziak. «Hasieran jende gutxi etorri zen, baina denbora joan ahala orekatu zen, eta espero genuen jende kopurua etorri zen, kontuan hartuz denboraldi txarra izan zela». Neurri berriekin bazterren zaintzea lortu omen dute, eta herritarrek ongi hartu dutela uste dute. «Iaz herritarren %20k baimena hartu zuten. Erran nahi du gurekin ados zirela».

Babesteko neurriez gain, aholkularitza gunea ere zabaldu zuten egunean bi orduz perretxikoei buruz informazioa emateko, onak ziren ala ez jakiteko, edo nola prestatzen ahal ziren azaltzeko. Horretan ere asmatu zutela iruditzen zaio Iraizozi. Horren frogatzeko herriko zaharren jarrera baizik ez du aipatu beharrik. «Hasiera batean gaizki ikusi zuten bertze norbaitek erratea onak ziren ala ez, baina azkenean, horiek zuten teknikariengana jotzen zehaztasunak izateko».

Administrazio kontuak zirela eta, baimenak berandu arte ez zituzten eman, baina irailaren 15etik aitzinera izan bazen ere, bi hilabeteetan 1.294 lagunek erosi zuten perretxikoen biltzeko baimena. %51 nafarrak izan ziren, %42 EAEko biztanleak, eta gaineratikoak Euskal Herritik kanpokoak.

Neurriak zer iruditzen zitzaien jakiteko Ultzamako Udalak inkesta egin zien, eta gehienek ondo baloratu zuten ekimen berria. Hamarren gain batez bestekoak zazpiko nota eman zion. Perretxikoei buruzko aholkularitza ere begi onez ikusi izan zen. 427 lagunek erabili zuten, eta 8,1eko nota eman zioten batez besteko.

Dirudienez, herriko agintariak zein biltzaileak denak kontent dira, baina Ultzamako Udalak neurria hobetu nahi izan du, eta onddo zaleen eskakizunei egokitu. Iaz gehienek prezioen merkatzea eskatu zuten, eta nafarrak ez direnentzat ere urteko baimena eskaintzea, joan den urtean ez baitzen horrelakorik. Bakarrik herrialdeko biztanleek zuten aukera hori. Ekimenaren oinarria ez badute hunkituko aldaketak aurreikusi dute aurtengo denboraldirako. Eguneko prezioa denentzat berdina izanen da bost euroan, eta urteko baimenak edozeinek erosten ahalko ditu 50 euroan. Salmentarako baimenak, aldiz, bakarrik Ultzamako jendeentzat izanen dira, eta horretarako 50 euro ordaindu beharko dute. Biltzen ahal den kopuruari dagokionez, lehengo denboralditik zertxobait murriztu dute, eta orain 8 kilo baizik ez dira biltzen ahalko. Iaz muga 10 kilotan zen. Saltzen dituztenek berriz nahi bezain bat kilo biltzen ahalko dituzte beti ere baimena egokia erosiz.

Balantze ekonomikoa anitzez ezezkorragoa da zenbakietan behintzat. Perretxikoen Parkea abian jartzeko 48.812 euro gastatu zituen udalak, eta baimenak salduz 8.010 euro baizik ez zituen irabazi, baina udaletik diote ez dagoela alde ekonomikoari begiratu behar. «Lehen urtea izaki, dirua galdu dugu, baina ingurumenaren aldetik anitz irabazi. Hemendik aitzinera funtzionamenduak ez du hainbeste kostako, eta espero dugu denboraldiak iazkoa baino hobeagoak izanen direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.