GERIZPEAN. Kontu-kontari Iboneko haitzuloan

Larra gaineko karstetan jatorria duen haitzulo batean, ur-jauzi bat ikusiko dugu soil-soilik barrunbea esnatzen denean, eta zaldi-buztan eder bat bistarentzako gozagarri izango dugu Belabartzeko sakanean.

JOSEAN GIL-GARCIA IZABA
2008ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Ibilbideari hasiera emango diogu Izaban dagoen Ezkiagako aparkalekuan, hots, gasolindegiaren ondokoan. Belabartzeko ibarrera igo aurretik, guztiz balizatuta dagoen errege bideari ekingo diogu eta, Ezka ibaiaren gainetik hainbat zubi zeharkatu ondoren, Iboneko haitzulora iritsiko gara. Barrunbera bertaratzeko, bi aukera daude: Belaguara doan NA-1370 errepidea eta Otsindundua zubiraino doan ibaiaren bazterreko xenda.

Errepidetik abiatzekotan, asfalto gainean egingo ditugu lehen minutuak. Herrian lagatako errege bidea batuko zaigu Molina zubian. Ibilbide garrantzitsua izan zen behiala errege bidea. Somport eta Kantauri itsasoa lotzen zituen antzinako erromatar bidea izan zen; baita Done Jakue bidea, artilearen bidea eta Mauleko lantegietara espartingintzan aritzeko egin beharreko bidea ere. Ardibidegaineko tontorrera (1309 m) doan bidexka ere zubiaren inguruan abiarazten baita, arretaz ibiliko gara han zidorrekin ez nahasteko. Gora doan zidorra bazter eginda, beraz, errepidetik jarraituko dugu. Hala, arroilatik irten bezain pronto, arku bakarreko harrizko zubi baten aurretik igaroko gara. Bi minutu geroxeago, zidorrari heltzeko gonbita eskainiko digun egurrezko seinale baten ondora iritsitakoan, errekaren ertzera hurbildu eta bere konpainian, XVI. mendean Pedro Perez lagunarekin Joanes Beltranek eraiki zuen Otsindundua zubira iritsiko gara.

Atsedena hartzeko asmoz, Iboneko haitzuloan begiradatxo bat botatzea proposatzen dugu; izan ere, barrunbe zabala da hasieran eta, begi-niniak iluntasunera egokituak, Larra mendiguneko karstetan jatorrizko igarobide bat ikusiko dugu barru-barruan. Sarrerako salaraino sartuko gara, besterik ez. Eta iluntasunaren altzoan behialako istorioak eta pasadizoak entzungo ditugu, haitzulo askok bezalaxe Ibonekoak ere zer kontatua badu eta.

Belabartzeko ur-jauzia

Haitzulotik irten eta eskuinera eginez, bidean aurrera egingo dugu seinale gorri eta urdinak bidaide. Zelai batera heltzean, Arrakogoitiko edo Urdaiteko lepoa helburua duen errege bidetik irten eta eskuinetik jarraituko dugu Belabartzeko ibarrerantz. Pintura arrastoa aldatzen da hor eta, berde koloreko markak lagun, goratasuna hartzen jarraituko dugu. Basabide batetik segituko dugu ondoren eta, bidebanatze batean, eskuinetik doana alde batera utzita, zuzen joko dugu harik eta bidezidor batekin elkartu arte. Xenda gogaide, Belabartzeko leporaino doan errepidera irtengo gara.

Bazterrak esploratzeko gogoa asetze aldera, errekan beherantz abiatuko gara ur-jauzi eder bat aurkitzeko asmoarekin. Izabara jaisten den bide zaharrean ikusiko baitugu ur-turrusta, errepidetik irten eta eskuinera egingo dugu lepoko zelaia burutik buru zeharkatzeko (HHE). Bide zaharrarekin bat egingo dugu belardia amaitu eta basoan sartu bezain agudo. Galtzadari segika, maldan behera ekingo dugu erreka ondoan berriz izan arte. Ur-jauzia hurren delarik, errekan gora egingo ditugu metro batzuk eta tobarrizko bloke batzuetatik igarota, buztan zuria agerian izango dugu.

Ikuskizunaz erabat aseta, bidera irten eta galtzadari jarraituz, pista batera iritsiko gara. Eskuinetik segituko dugu han, erreka zeharkatzeke. Ezkaurreko mendebaldeko ertzak pistaren gainean ditugula, Belabartze eta Zuriza norabideak adierazten dituen zutoin batera helduko gara. Bidebanatzean, eskuinetik jo eta Izabara bideari eutsiko diogu. Herria tontor batean gailenduta ikustean, pistatik irten eta, herrigunea erabat zeharkatuta, aparkalekuan izango gara.

Zaharrak berri haitzuloan

Juan Luis Arriola eta Gabriel Santamaria eskarmentu handiko mendizalek izaki eta Iboneko haitzuloaren gorabeherak arras ongi ezagutzen baitituzte, haiengana jo dugu barrunbearen misterioetako bat argitu diezaguten. Iluntasunaren jeinuak lagunduta, akaso, ezbehar batetik kalterik gabe gertatu ziren hartara bildutako 50 lagun orain duela 24 urte. Biak ala biak gustura eta plazenki lotu zaizkigu solasaldira.

Auñamendi igotzeko asmoa bazuten ere, aurreko eguneko ekaitz gaiztoek mendi plana zapuztu egin zieten kanpaleku batera bildutako lagunei. Eta eguraldiak laguntzen ez duenean, zer hobe haitzulo lehor batera babes bila joatea baino? Esan eta egin. Iboneko haitzuloan gaindi esplorazio erreza egitea otu ondoren, 50 lagun inguru ibili-ibilian abiatu ziren Belabartzeko parajeetatik ibarrerantz. Ezustekoa berehalakoan etorri zitzaien, 25 lagun kobazulo barruko zazpi metro bertikaleko paretan gora ari zirelarik. Kobazuloaren aho beltzetik ura saldoka eta borborka zetorrela oihukatu zuen bat-batean Santamariak. «Meategi bateko tunel bat bezalakoa da barrualdea, zutik ibiltzeko arazorik ematen ez duena, baina sumendiak lozorrotik irteten diren bezalaxe, haitzulo horri esnatzea egokitu zitzaion egun hartan; tupustean gainera». Barru-barruko bainuontziak betetzen ari ziren bitartean, paretan behera eginez salbu jartzea lortu zuten lagun aitzindariok. Kobazuloko goiko leihatilatik ur-txorrota irtetean, aurreko paretaren kontra indar biziz talka egin zuen. «Harrabotsa ikaragarria izan zen, eta, jakina, une latzak pasatu genituen», aitortu du Arriolak.



Ur-jauzia

Ur-jauzia: Belabartze

Erreka, arroila: Belabartze

Herrialdea: Izaba, Nafarroa

Mendilerroa, mendia: Ezkaurre

Ur-jauziaren neurria: 8 m

Gomendioak:

Iboneko haitzuloa lehor etortzen denean barruko sala handira sar gaitezke. Euriteak gertatzen direneko garaian, ur-etorri dezente kanporatzen da barruko leihatila batetik, 7/8 metroko ur-jauzia sortuz. Holakoetan ez da komeni sartzea.

Ibilbide egokia da familian egiteko: paisaia zoragarria da eta Belabartzeko ur-jauzia, dotorea.

Iturririk ez dago ibilbidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.