Erromak Dazia mendean hartu zuen 106. urtean. Konkistatzaileen buru Trajanok 40 metroko zutabe bat eginarazi zuen, konkistaren oroigarri. Zutabea gertatuaren komiki arkaikoa da, gertakari adierazgarrienen mapa. 1902 urte geroago, Urruzunotarrak Errumaniaz jabetu gara. Soinu joleen lurraldea geure eginda gatoz etxera, eta gu ez gara erromatarrak baino gutxiago izango. Distantziak eta denborak bat egiten duten mugan, Trajanoren zutabe berria eraiki dugu, 10 eguneko luzera, 10 zertzeladaren irudiak gure ibileren neurrikoak izango direlakoan.
Drakula
Bram Stokerrek ez zuen Drakula ezerezetik sortu; Vlad Tepes Transilvaniako Sighisoaran jaiotako pertsona erreala izan zen. Ez zuen hegan egiten, baina hala zirudien. Odolik ere ez zuen edaten, baina benetan zen odoltsua. Odolzaletasun enpala... gosoa. Hala, XV. mendeko pertsona batetik edonor kikiltzeko gai den mitoa sortu zen. Dena den, inork ba al daki nondik datorren Drakularekiko dugun hotzikarez josiriko sentipen beldurgarria? Transilvanian uso bezain beste kondaira dago horren inguruan, herriko plaza nagusiaren erdian zein aire molekula artean kamuflaturik... Agerian daudenen bidez, ordea, Vlad Tepes jaunaren maltzurtasuna belaunaldiz belaunaldi transmititu zaigu. Gaur egun Drakula deitzen dugunak egurrezko makila gorputzean zehar (heste, giltzurrun eta biriken artean) sartzen zien portaera okerra izandakoei, odol guztiak ihes egiten zuen arte. Odolzaletasun enpala... tzailea.
Ikuzgailua
Kilometrotan urrunduz ohartu ohi gara inguruan ditugun desberdintasunez, eta orduan baloratzen dugu eskura dugun guztia. Zurezko etxola txikiek osatutako Baia Mare herritik igaro ondoren, etxeko garbigailuarekin oroitu ginen. Erreka ertzeko uraren presiopean eta eskuez garbitzen zituzten zikinak itsusi bilakatzen zituen arropak eta guk, erosotasunari helduz, arropa zikinak, (edo sarritan zikinera iristen ez direnak) garbigailuaren atea ireki, barrura bota eta botoi bati sakatu ostean, guk nahi bezala garbi ditzakegu. Herri honetan arreta dietu ziguten beste hainbat gauza ere ikusi genituen. Beraiek sortutako txapel propioak, hilerri koloretsuak, tuica izeneko edari gogorra, zuhaitzetan eskegitako heltzeen esanahiak... Horrelakoxea da Maramures.
Itsaso beltzak lapurtutako altxorra
Iratzargailuaren beharrik gabe esnatu ginen gau hartan ere, esnatzeko lo egin behar baita lehenago. Gau beltza zen, euria ari zuen gogor eta arropa lodien beharra izan genuen hotzari gure gorputzetan ez sartzen uzteko. Hala ere, autobuseko bidaia ohi bezalakoa izan zen: barreak, kantuak, gitarra. Eta kilometro gehiago. Eguerdi aldera hiri gris eta ilun batek eman zigun ongi etorria; Constanza. Itsaso beltzak garai bateko urre kolorea lapurtu ziola zirudien. Horrela, belztasunean murgildu ginen aberastasun horren bila. Eta gure begirada lausotuaren aurrean txori beltzek estali zuten zerua. Berriro ere euria, hotza..; konstantzia.
Deklarazioa
Autobus bidaia luzeegietako eserlekuen ezerosotasuna eta Ambient hotel-eko burko lodikoteak gure lo ezaren konponbide. Jauna, ez gaitzazu tentaldira eraman... Baina Jauna Barajaseko aireportuan ahantzi genuen antza. Eta hark utzitako hutsa beteaz bezala agertu ziren burko tripontziak gure bizkarzorroetan. Beste erremediorik ezean eta haietaz baliatuz, autobusean lo goxoa egin genuen azken sei egunetan lehenengoz. Zoritxarrez, Jaunak esango zukeen, egon balitz, bekatu zela, eta penitzentzia gisa, Charlie-ren aingeruak Sibiuko posta bulegora joan ginen gainerakoek eliza ortodoxoen edertasunaz gozatu artean. Ederra izan zen bulegoko anderearen begirada zulatzailea hiru burkoak mahai gainean jarri genizkionean, beren jatorrira itzul zitzan. Orduan hasi zen ginkana: lortu kaxa, gero zeloa, gero papera bete... Ordu eta erdi geroago, azken garrasizko mimika bakarrizketarekin sententziatu zuen andereak gure lan gogorraen prezioa: 3.64 lei. Burkoak etxera bidean ziren eta guk ere taldearekin bat egin genuen autobusean. Orain, kontzientziaren xomorroa bareturik lo lasai egin dezakegula esan liteke, baina, burkorik ezean, inor gutxi da eztitara itzultzeko gai. Epaile jauna, hori da gure alde esateko dugun guztia.
Diktadore gaixoa
Pun! Pun! Tiro hotsa eta dena amaitu zen. Hori al zen Ceaucescuk merezi zuen bukaera? Familia pobre batean jaioa, 17 urterekin kartzelaratua izan zen komunisten propaganda banatzeagatik. Zapatero izan nahi eta presidente bukatu zuen. Kar, kar. Errumania altxatu nahian ibili zen, indarrean zegoenean fabrikak han eta hemen eraikiz. Uraren formula ez zekien kimikalari batekin ezkondu zen. Handinahikeriak bultzatuta, herrialdeko inteligentzia kanalera bota zuen, 10.000 animalia akabatu eta nekazariak langile sartu zituen lantegietan. Dirurik ez eta helikoptero bat marrubiekin ordaindu zuen. Errumania altxatu nahi izan zuen eta Errumania altxatu zitzaion.
Menua
Warning! Eneldo. Sarrerak: Ongietorria ogi eta gatzarekin, palincã likorearekin leunduta. Psst! Apa platã, mulcumesc. Brubuilak bakarrik xanpainetan. Lehenak: Zopa, zopa, zopa, zopa, zopa... Tarteka komunera. Arroz zuria. Bigarrenak: Ardo txuria bertso baten truke. Sarmale eta Mãmãligã; aza orrietan bildutako haragia eta talo masa. Jatorrizko Soinu Banda: Quien ha nacido desnudo que se ponga de pie, que alce su copa llena de tuica y beba hasta el final... Irteerak: Mahatsa Eiffel Dorrean. Eta gero, beti, glup!
Erromesaldia
Zer egingo lukete 10 apaizeketa 20 monagillok San Sonite bidean elkartuz gero? Argi asko, nork bere 20 kiloko gurutzea gurpilduna Secret Garden ostatura eramango luke, batzuena urrutitik datorren gurdi hegalarian gelditu ezean behintzat. Eta ostatuan errezaldi sakon batez gozatzeko aukera izanez gero? Tarteka lagun hauek batzen dituen fedearen euskarriak sakonduko lukete, koruekin angelusa kantatu, ostatuko arropak jantzita klorodun aintziran bataiatu eta bertako herritarrekin jai herrikoan dantza egin. Horrelaxe ibili dira beren apopiloei testuak deklamatzen lagundu dieten apaiz barriolatar eta testu idatziak sortzen aritutako euskal monagillo urruzunotarrak. Ikasle eta irakasle hauek Errumanian zehar ibili eta nork bere bideari ekin dio, nahiz eta Secret Garden hoteleko ospakizun nagusian, Santa Elenaegunean, Zorionak zuriz gain, ikasitako Multi Ani Traiasca kantatu.
Corneliu voicescu
Brasoveko jatetxea. Afalosteko kafeak: saisprezece capucino si sapte expresso. «Corneliu, gitarrista izan ezean, zertan arituko zinateke?». «Medikua izango nintzateke. Hala ere, doktorea izan, banaiz. Gitarran doktoratua». «Zergatik musika?». «Musika sentitzen ez duenaren bizitza azalekoa da, itsasoaren handitasunari erreparatzen ez dion surflariaren antzera». Eskuetan hartu du gitarra. Kordak etengabeko dantzan. Samba, the entertainment, country, tango bat. Zirrarak malkotu dira. Parentesia. Eta bere barnean notak eta gu. Eta Corneliu. Gutako batek gitarra hartu du. Kantatzen hasi gara. Kantatzen hazi gara. Euskaraz. Gero Yesterday. Geroa ere, yesterday izango delako.
Escalibur
«Noapte buna!». Zer esan jakin ez eta buruaz agurtu du zerbitzaria. Haragi errearen usainak ostu dio arreta sagardotegiez oroituz: baina ez, Errumaniako Erdi Aroan dago. Musika instrumentala, armez josiriko hormak, koilara-sardexkarik gabeko mahaiak... Ingurura begiratzean ikastolako jantokia etorri zaio burura. Guztiek zapi bana dute lepotik zintzilik. Berak ere jarri du, nahiz eta arraro sentitu. «Scuze». Bat-batean txerrikume bat plantatu zaio aurrean. Kandelen argipean erasotu du atzamarrez. «Inteligentzia plus baten bila norbait ausartuko ote da burmuina jatera?». Multunesc mult.
Silvia
Eliza baten aurrean gaude. Gure gida gaixoak, arrakasta handirik gabe, eskua altxatzen du jarrai diezaiogun; baina ez da haserretu inork ez duenean pausoa bizkortu. Ohituta dago jada. Silvia moldaviarra da jatorriz, baina Bukaresten bizi da. Gaztea den arren, lan handia egin behar izan du dagoen lekura iristeko. Hainbestekoa izan da gure arteko harremanaren ibilbidea: hasierako seriotasuna konfiantza bihurtu da. Izan ere, uneoro kezkatu da gutaz, behar genuen guztia genuela ziurtatuz. Adibidez, Maramuresetik itzuli ginen egunean, berak bakarrik abiarazi zuen ordurarte lo egondako aireportua, baita bertan galdutako maletak berreskuratu ere.
Urruzuno Saria irabazi eta bidaian parte hartu duten lagunek idatzi dituzte testuak.
GERIZPEAN. Trajanoren bigarren zutabea
Urruzuno literatura lehiaketako sarituek hamar eguneko bidaia egin dute Errumaniara, herrialde hartako kultura eta jendea bertatik bertara ezagutzera. Bidaiako bizipenetan oinarrituta idatzi dituzte lerro hauek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu