Duela mende bat gertatu zen, 1908ko ekainaren 30ean. 07:17an Baikal aintziraren ipar-mendebaldetik lekukoek eguzkiaren adinako distira zuen objektuak zerua nola zeharkatzen zuen ikusi zuten. Hamar minutura, flash bat eta leherketa handi baten hotsa. Eztandaren uhinak lurrera bota zuen hondamenditik hurbilen zegoen jendea. Kilometrotan zeuden kristal guztiak hautsi zituen, 600 kilometrora eta haizeak beirak mugitu zituen, eta Alemanian ere sentitu ziren bibrazioak.
Gero lurrikara. Garai hartan ez zegoen lurrikarak neurtzeko eskalarik, baina egun hartan zenbait tokitan Richter eskalan 5,0 gradua izango lukeen lurrikara izan zela uste dute.
Erresuma Batuan presio atmosferikoaren gorabehera nabarmen bat antzeman zuten, eta hurrengo asteetan gauez argia zegoen 10.000 kilometrora, Londresko zeruan, irakurri ahal izateko beste, estratosferan zabaldu zen hautsarengatik.
Asteroide bat edo kometa bat izan zela uste dute aditu gehienek. Horien arabera, ez zen oso handia izango, 20-30 metroko diametrokoa, agian. Bost-hamar kilometroko altueran egingo zuen eztanda eta Hiroshimako bonba atomikoaren eztanda baino 1.000 aldiz handiagoa izango zen.
«Gosaltzeko ordua zen eta etxeko atarian eserita nengoen. Ez dut sekula ahaztuko. Zerua bitan banatu zen eta sua agertu . Iparralde guztia suak estali zuen. Momentu horretan bero handia sentitu nuen gorputzean, alkandora sutan izango banu bezala. Iparraldetik sekulako beroa zetorren. Orduan leherketa izugarria entzun zen eta metro batzuetara jaurtia izan nintzen. Emazteak sartu ninduen etxera...». Semenoven lekukotza hau Leonid Kulikek grabatu zuen 1930ean. Lekukoa, eztandaren tokitik 65 kilometrora zegoen, hegoaldera.
Inor ez zela hil uste dute, ehiztari eta arte-jartzaileak soilik bizi baitziren Siberia erdiguneko toki hartan. Baina hondamendia sekulakoa izan zen. Bi kilometro koadrotan 80 milioi zuhaitz eraitsi zituela uste dute.
Misteriorako
Tokiko egunkarietan egin ziren aipamenak gertatukoari buruz, baina agintariek ez zuten inor bidali gertatutakoa aztertzeko eta tsarrek ez zuten interes berezirik agertu bazter galdu hartan gertatu zena argitzeko. Gero, gainera, I. Mundu Gerra eta Errusiako Iraultza etorriko ziren. Horregatik 1927ra arte joan behar da Tunguskako gertakariari buruz tokian egindako lehen ikerketa aurkitzeko. Leonid Kulik izan zen aztertzen lehena.
1938ko espedizioan Kuliken taldeak hegazkinetik ere argazkiak hartu zituen eta eroritako zuhaitzen guneko aireko mapa eta guzti osatu zuen. Eztandaren erdigunean zutik zeuden zuhaitzekin harrituta gelditu zen. Eroritako enborrez inguratuta, zutik zeuden batzuk gune batean, hori bai telefono posteen antza zuten, adarrik gabe zeudelako. Ikerketen arabera, eztandaren azpian zegoen tokian ez zen zuhaitzik erori, baina bai inguru guztian.
Kuliken ondoren, errusiarrez gain italiarrak, Bolognako Unibertsitatekoak batzuk, izan dira hondamendia gehien aztertu dutenak. Eroritako milaka zuhaitzi analisiak egin dizkiete, baita nola erori ziren ere aztertu. Eremuko zulo guztiak aztertu dituzte, krater posible baten bila.
Baina mende bat igaro denean, oraindik ere ez da gertakaria erabat argitu. Eta bitarte honetan misterioak irudimenari ateak zabaldu dizkio, eta Tunguska fikziozko hainbat liburu eta filmetan aipatzen da.
Gertatutakoaz 30 hipotesitik gora aurkeztu dira. 2004an bertan, Errusiako zientzialari talde batek Tunguskan Lurretik kanpoko tresna bat erori zela adierazi zuen eta frogak zituztela.
Hipotesiak
Lurrazaletik hurbil, sei-hamar kilometroko altueran eztanda egin zuen meteorito bat da zientzialarien artean onarpen handiena duen hipotesia Tunguskako gertakaria esplikatzeko. Egunero sartzendira halako meteoritoak atmosferan, baina gehienetan oso txikiak izan ohi dira. Tunguskakoa handiagoa izango zen.ASTEROIDEA?
Baina zer zen zehazki eztanda egin zuen objektua? 1950 eta 1960 urteetako espedizioek nikel eta iridio kontzentrazio handia zuten kristalezko esfera mikroskopikoak topatu zituzten zoruan, eta osagai horiek ohikoak dira meteoritoetan. Antzeko emaitza izan zuten 90eko hamarkadan zuhaitzetako erretxinari egindako analisiek. Baina ez dago, meteoritoen erorketan ohikoa den kraterrik. Edo bai? Iazko ekainean gertakaria ikertzen urteak daramatzaten Bolognako Unibertsitateko zientzialariek Cheko aintzira izan daitekeela kraterra ondorioztatu zuten. Baina lakua eztandaren erdigunetik zortzi kilometrora dago, eta 60ko hamarkadako ikerketa batzuek jada baztertu zuten aukera hori, aintziraren hondoko lokatzaren lodierak 5.000 urteko antzinatasuna adierazten duela esanez. Uda honetan, azterketekin jarraitzekoak dirak italiarrak Cheko aintziran.
KOMETA?
Kometaren hipotesia 1930ean aipatu zuten jada. Ur eta hautsez osatutako kometak ez zuen inolako arrastorik utziko eztanda egin ostean, eta leherketaren ostean Europan ikusi ziren gau argiak esplikatuko lituzke, atmosferaren goialdean barreiatuko zirelako izotz eta hauts partikulak. Baina, nolatan ez zen ikusi kometarik aurretik? Nikela bezalako elementuak ere arraroak dira kometetan....
BESTELA?
Hipotesi bereziagoak ere ez dira falta izan. Hidrogeno bonba natural bat izan zela, edo Lurra zeharkatu zuen zulo beltza, edo antimateriaz osatutako meteoritoa. Hipotesi iradokitzaileenetakoak, fikzioan emankortasun handia izan dutenak, OHErekin (Objektu Hegalari Ezezaguna) lotutakoak dira. OHE baten erorketa, OHE baten erasoa, edo zergatik ez, OHE batek gizateria salbatzeko asmoz atmosferan leherrarazitako meteritoa.
Leonid Kulik mineralogoa izan zen, ia 20 urte geroago, hondamendi tokira iritsi zen lehen zientzialaria; lekukotza eta argazki garrantzitsuak jaso zituen.
Meteoritoen ehiztaria
I. LasaLurrazalean gertatzen den guztia sateliteetatik ikusteko arazorik ez dugun garaiotan, nekeza egiten zaigu irudikatzea, esaterako, Leonid Kulikek (1883-1942) egin zuen lanaren zailtasuna. Estonian jaioa, fisika eta matematika ikasi zituen. Errusia eta Japoniaren arteko gerran borrokatu zen,baita I. Mundu Gerran ere. Tartean, bolada bat egin zuen espetxean, jarduera iraultzaileetan aritzeagatik.
Irakasle zela, San Petersburgoko Mineralogia Museoan lortu zuen lana. Han hasi zen meteoritoak ikertzen eta erosten. 1921ean Sobietar Batasuneko lurretan eroritako meteoritoak kokatzeko eta aztertzeko agindu zioten. Horretarako prestatzen ari zela, egunkari zahar batean Siberian jazotako leherketa baten berri jakin zuen. Zenbat eta informazio gehiago bildu, gero eta argiago zeukan meteorito bat erori zela Tunguska haranean. Lehen espedizio batean, hondamendiaren tokira ez, baina inguruetara hurbiltzea lortu zuen eta bere ikerketa taldeak gertakariari buruzko lekukotzak jaso zituen. Horiekin, Zientzia Akademiak bigarren espediziobat antolatzea erdietsi zuen.
1927ko udaberrirako iritsi nahi izan zuten, eremua eltxo jasanezinez jositako zingira bihurtu aurretik. Vanavara herrian, hondamendi gunera gidatuko zuen norbait topatzeko zailtasunak izan zituen. Tokikoek uko egiten zioten omen Ogdy jainkoak suntsitutako gunera hurbiltzeari.
San Petersburgotik (garai hartan Leningrad) abiatu eta hiru hilabetera, maiatzaren 20an iritsi ziren hondatutako gunera, Tunguska ibaia baliatuta. Ia 20 urte pasata, oraindik ere zuhaitzak eta zuhaitzak topatu zituen erorita, milaka. Bildutako lekukotza eta argazki mordoarekin, Tunguskan zerbait ikusgarria gertatu zela frogatu ahal izan zuen eta beste bi espediziotarako baimena eta dirua lortu zituen 1929an eta 1938an. Ez zuen lortu ez meteoritoaren arrastorik topatzea ezta kraterrik ere. Baina mundua meteroitoen arriskuaz jabetzeko bidean jarri zuen Kulikek.
II. Mundu Gerran borrokatu zen Sobiet Batasunarekin eta Alemaniako armadak preso hartu zuen. Kontzentrazio esparru batean hil zen tifusarekin.
Lurretik hurbil dauden eta talkarako arriskua duten objektuen ibilbidea jarraitzeko ekimenak abian daude, eta oraingoz ez dago larritzeko daturik.
Arriskutsuak zaintzapean
I. LasaObjektuak etengabe erortzen dira Lurrera, baina gehienak oso txikiak dira eta atmosferan desegiten dira. Baina handiagoak ere badaude, eta baliteke baten batek, edo gehiagok, Lurrarekin talka egitea bere ibilbidean.
Adibidez, 2002. urteko ekainaren 6an 10 bat metroko diametroa zuen objektu bat sartu zen Lurreko atmosferan, Mediterraneo itsasoaren gainean eta airean eztanda egin zuen. Bonba atomiko txiki baten adinakoa izan zen eztanda. Handiagoa izango zen Kretaziko amaieran Tertziario hasieran Lurreko espezien erdiak, dinosauroak barne, desagerrarazi zituena. Hondamendiaren eragilea halako talka bat izan zela uste dute aditu gehienek.
Arriskua, beraz, hor dago, eta Lurretik hurbil dauden objetuak ahalik eta ondoena kokatzea helburu duten hainbat ekimen abian dira, Spaceguard programaren barruan. Ez da erraza asteroideak topatzea, eta haien ibilbidea neurtzea, besteak beste, oso argi gutxi islatzen baitute.
1.000 inguru daude klasifikatuak, Potentially Hazardous Asteroids (PHA) izenpean, hau da, arriskutsuak izan daitezkeen asteroideak. Horrek ez du esan nahi haien orbitak Lurrarenarekin bat egiten dutenik, arriskua egon daiteekela baizik. Bi eskala erabiltzen dira objektuen arriskugarritasuna sailkatzeko: Palermo eskala eta Torino eskala. Lehenengoa teknikoagoa da, eta bigarrena publiko ez adituarentzat. Torino eskalak 0tik 10erako arrisku balioak ezartzen dizkie objetuei.0 balioa duen objetuak Lurreko atmosferan sartzeko aukera oso gutxi lituzke, eta sartzekotan lurrazalera iritsi baino lehen desegingo litzateke. 10 baliodunak ia seguru egingo luke talka eta Lurrean erabateko hondamena eragin. Gaur egun objektu bakar batek du 0tik gorako balioa. 2007 VK184 asteroidea iazko azaroan topatu zuten. 130 metroko diametroa du, eta 2048ko ekainean talka egiteko probabilitatea %0,032koa da. 1 balio duten objektu denak aztertu ostean 0ra jaitsi dira.