GERIZPEAN. Urbasako hustubidea

Urbasa-Andia mendilerroko natur parkean gaindi ibiliko gara, Urederrako esmeralda koloreko urekin gozatzeko. Barnealdeko akuiferoak eztanda egitean, milaka litro ur amiltzen dira borborrean 1987tik natur erreserba izendatutako paradisu horretan.

JOSEAN GIL-GARCIA BAKEDANO
2008ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Urederra iturburua ikustera joaten diren turistei bisita samurtze aldera, aparkaleku zabala egokitu zuten duela urte batzuk Bakedano herrian. Azpiegitura hura eraiki aurreko egoera bestelakoa (eta imajinatzekoa!) zen, nonbait. Gaur egun, bi euro kobratzen dute aparkatzeagatik. Komunak garbi mantentzeko eta guarda baten kostuari aurre egiteko dira, Barindanoko turismo bulegoko arduradunak aitortu duenez. «Badakigu haserrea sor dezakeela horrek, baina ezinbesteko laguntza da natur erreserba egoera onean mantentzeko». Izan ere, Urederrako ikuskizuna bertatik bertara ikustera milaka lagun trumilka hurbiltzen dira urtero-urtero. Bisitarien joan-etorria etengabea bada ere, ikaratzeko moduko prozesioak gertatzen dira, batik bat udaberria iristeaz batera. Natura babesteko eta turisten presioa Urederratik aldentzeko, makina bat proiektu jarri berri dira abian Ameskoa ibarrean. Informazio bulegoetan eskuragarri jarri dituzte sei eskuorri dotore Ameskoagoiengo eta Ameskoabarrengo herrietako heraldika, etnografia, natur baliabideak eta gertaera historikoak, besteak beste, ezagutarazteko.

Ur lasterra, ur ederra

Bakedanoko aparkalekuan garela, herrigunea zeharkatuko dugu, Urederra ibaiaren natur erreserba adierazten duten seinaleei jarraituz. XVI. mendeko San Martin elizaren ertzetik igaro ondoren, pilotalekuaren atzetik joko dugu; hala, mendi bideari helduta, herrigunetik irtengo gara. Urederrako zirkua sumatzen hasiko gara laster, ibarrean aurrera egin ahala, hain justu: errekaren ur emaria jauzika doakigu ezkerraldetik eta, buruz buru, Urederra iturburuaren gaineko horma sendoa dago. Bizilagunen ustetan, toponimiaren erabilera ez da oso zuzena horma ikusgarri hura izendatzeko. Han-hemenka Pilatosen Begiratokia irakur badaiteke ere, hormatzarreko talaia xumea besterik ez omen da hura, eta Kapilauaren Horma, haatik, haren toponimo zuzena.

Arte eder batzuen ondora iritsiko gara laster. Eskuinaldetik mendate zaharrera doan bidexka utzita, pista nagusitik aurrera egin eta langa baten ondoko argibide ohola batera iritsiko gara. Ibilbidearen xehetasunen berri izateko aukera paregabea dugu bertan, 119 hektareako Urederra natur erreserban sartzear gaude eta. Ondoko langa zeharkatu ondoren, eskuinetik zein ezkerretik segi dezakegu, bide biak erreserban egin daitekeen zirkuituaren abiapuntua eta amaiera direlako. Eskuineko pista hobetsiko dugu errekara hurbiltzeko. Basabidea baita, ez dugu hasieran ur korronterik entzungo, zorte pixka batekin txonten, kaskabeltzen, amilotxen eta birigarroen kantu samurrak baizik. Ibaiaren ondora ailegatzean, argazki kamera eskuan duela jende ugari ikusiko dugu harat-honat.

Esmeralda koloreko ur putzu ederrak zain ditugu jada pistatik metro gutxira. Gure ikusmina asetze aldera, errekarekin bat egingo dugu pista ondoko hesia zeharkatu bezain pronto. Ibilbidean zehar ikusiko ditugun ur-jauzietan nabarmenetako bat bertantxe dago. Erakusketa interaktibo batean egongo bagina bezala, putzuaren aurrean jarriko gara berehalako batean. Arima aski baretu ostean, pista nagusira igo eta ezkerrera joz ibarrean gora segituko dugu. Aldapa xume bat igo ondoren, bigarren ur-jauzia ikusiko dugu bide bazterrean. Amiltokira hurreratu gabe, bide ertzeko barandatik begietsiko dugu, zer gerta ere. Ur korrontearen konpainian ibilita, zurezko zubi luze bat pasatuko dugu goraxeago. Goratasuna hartuta, Ubagoa edo Ubaba deritzan iturburu nagusiaren azpian jarriko gara azkenik. Bertan amaitzen da ibilbidea. Segundoko 4.000 litro ur amil daitekeela diote adituek. Eta hamar aldiz gehiago sasoi euritsuetan! Halakoetan ez da zaila imajinatzen Urederrako karstaren barneko baldintza. Izan ere, lur gaineko euri ura barrura sartu ondoren, kareharriarekin erreakzionatzeaz batera leizeak, kobazuloak, estalaktitak eta estalagmitak sortze prozesu motelari ekiten dio. Urederrako iturburua barruko akuiferoaren saturazioaren ondorioa baino ez da, beraz. Gainerako haitzuloetan legez, egun batzuk igaro behar izaten dira barrunbearen danbatekoa ikusi arte. «Ekaitz emaritsuak suertatzen direnean, bizpahiru egun itxaron behar da Urederra bete-betean harrapatzeko; aurtengo euriteek ilea lazteko moduko ikuskizuna oparitu digute», aitortu du Barindanoko turismo bulegoko arduradunak.

Iturburuko talaiatik bide beretik itzuliko gara lehenengo ur-jauziraino. Ezkerretik bazter egingo dugu gora doan basabidea eta, hesia gurutzatuta, errekaren konpainian jarraituko dugu itxitura bateraino. Pistan barrena igoera txiki bat eginda, Bakedanora iritsiko gara.

Basaulako natur erreserba

Ameskoa ibarreko natur balioak handiak baitira, Basaulako natur erreserbara txango xumea egitea proposatzen dugu jarraian. Lokiz mendilerroko ipar-ekialdeko magalean dago, Barindanotik gertu. Lizarrara doan errepidea hartu eta 12. kilometrora iritsi ondoren, errepidea utzi eta eskuinaldetik doan basabidean barrena abiatuko gara. Itxako errekaren iturburu emaritsura iritsiko gara berehala. Pistan gora jarraituko dugu, ur biltegi baterantz. Iturri eta edanleku batera iristean, pistatik irten, eskuinera jo eta Basaulako haitzulora jaitsiko gara. Barrualdeko hasierako metroak lasai asko egin daitezkeen arren, arreta berezia jarriko dugu ekaitzak gertatzen direnean, barrunbetik ura saldoka irten daiteke eta.



UR-JAUZIA

Ur-jauzia: Urederra.

Erreka, arroila: Urederra.

Herrialdea: Bakedano, Nafarroa.

Mendilerroa, mendia: Urbasa.

Ur-jauziaren neurria: 20 m.

Gomendioak:

Urederrako natur erreserban errespetuz ibili, zaborrik ez bota eta ez oihukatu.

Zidorretik eta pistatik ez irten, presio handia jasaten baitu Urederrako parkeak.

Iturburu inguruan arretaz ibili amildegi parean.

Behin Basaulako haitzuloan, eta Itxako iturburura beste leku batetik itzultzeko, esplorazio erraza egin daiteke errekan behera segituz gero.

Ura herrietan hartu behar da, iturririk ez dagoelako; ez Urederran ezta Basaulan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.