Bada gerlen berri egun hauetan: Sahara aldean Marokoren politika koloniala dela eta; Afganistan; Nigeriako bazterretan frantses bahituekilako joka partida Aqmi erakundearekin; Palestinan, alabaina, gerla ezkutu hiltzaile bat dabilela ere; Haitin miseria eta izurriteena, zalantzarik gabe alde politikoekin; Sudan aldean ere estatua bi pusketetan egin daitekeela doala aipamena... eta Euskal Herrian ere, bake ezin lortuzko bat bidean dela, euroatxiloketa aginduaren jartzeak gerla zerbaiten esan nahia duela, eta Parisen, erakunde armatuaren «buruzagiak» berriro auzitan direla, berriro konfliktuen emaitzak aztergai, iturriak ahaztuz eta, beraz, bake bideak baztertuz... Mundua horrela dabil, eta aipatuko digute berriro Aita Santuaren bakerako deia Gabonetarako, han, nonbait, direlarik leherketak eta Joseba Zulaikaren aspaldiko esaldiari jarraikiz hemen «turroien almendra leherketak»...
Jacques Perrin zinemagilearen film ederra, Indotxinaren historiaz Baionako Atalanten eman zuten aste honetan. Irudiak, film zatiak, zuri beltz eta kolorez, eta testu guztiak idazleen testuetarik atereak. Historiaren egiteko modu berri bat zirudien, eta zein sarkorra: aurpegi zauritu galdezkatzaileak, populu umiliatua, kolono aberatsen saloi politak eta militarren jarrera basatiak inoiz baino mingarriagoak. Zer atxik gogoan halako irakurketa minberatik? Berdin azken esaldia, ziolarik denak ahazten ahal direla, eta nonbait barkatzen ahal, etxe eta bizi hondamenak, bazterren funditzea... Baina ezin ahatzia dela gerlaren tristezia.
Gerlaren tristezia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu