Aurtengo Justizia Sozial eta Arteari Buruzko III. Konferentzia Euskal Herriarentzat bilakaeraren ispilu izan den herrian egingo da: Gernikan (Bizkaia). Aurten bonbardaketaren 75. urteurrena betetzen dela aprobetxatuz, Gernikako Bakearen Museoak, Gernika Gogoratuz ikerketa taldeak eta Gernikako kultur etxeak antolatu dute hitzaldia. Bonbardaketa ostean herriak aurrera ateratzeko izan zuen borondatea eta esfortzua nabarmendu nahi dute antolatzaileek leku hori aukeratuta.
Giza eskubideek Gernikan izan zituzten urraketak gaur egungo egoerara eraman nahi izan dira konferentzia horrekin. Azken urteotan dagoen krisi ekonomikoak oinarrizko eskubideak nola urratu dituen azalduko dute antolatzaileek egitasmo horrekin. Goraipatu nahi dute zer-nolako garrantzia duten artelanek, besteak beste, lan, etxe, hezkuntza eta osasun arloko oinarrizko eskubideen urraketei erantzuteko. Azken batean, krisialdietan egiten diren obrak ikuspegi kritiko batetik egiten dira, eta injustiziaren aurka sortzen diren erreakzio gisa definitu dituzte antolatzaileek. Aurretik, Durban hirian (Hegoafrika) eta Nikosian (Zipre) egin izan dira konferentzia horiek. Egunaren amaieran, zenbait mahai inguru, artelanen erakusketa eta artistek emandako lantegi ere egongo dira Gernikan.
KONFERENTZIA
Noiz. Gaur eta bihar, 19:00etan.
Non. Gernikako Bakearen Museoan (Gernika, Bizkaia).
Gernika, bilakaeraren eredu
Artea, krisia eta bilakaera soziala aztertuko dituen konferentzia bat egingo dute Gernikan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu