Ezarian. Argazkigintza

Gerraren eta bakearen oreka

Munduko 33 gerra argazkilari entzutetsurekin osatutako erakusketa egin du 2012 fundazioak. Argazkilariei gerra eta bakea irudikatzeko argazki bana eskatu diete antolatzaileek.

Soldadu estatubatuar bat, taliban baten tiro bat jasotzeko zorian. Afganistango gerra, 2008an. GORAN TOMASEVIC /REUTERS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Gerra eta bakea zuria eta beltza bezala dira. Bi errealitateen artean, ordea, hamaika kolore eta tonalitate daude. Eta hori ongi asko dakite gatazkak bertatik bertara jasan izan dituzten herrialdeetako biztanleek. Baina baita guda horiek mundu guztiaren aurrean erakusteko lan egiten duten argazkilariek ere. «Haiek izaten dira, kasurik gehienetan, gatazka armatuak borrokalariez aparte ikusten dituzten bakarrak», Paco Balderramaren esanetan. Eta lekukotza zuzen horien aurrean egonda, «bakearen inguruko ikuspegi erabat ezberdina daukate».

Bi kontzeptu horiek gaitzat hartu, eta bien arteko oreka eta elkarbizitza bildu nahi izan du 2012 fundazioak Gerra eta Bakea: zuzeneko begiradak erakusketan. Gernikako bonbardaketa izan zela 75 urte bete direnean, «gatazkak konpontzeko bide gisa indarkeria baztertzeko» helburua jarri du fundazioak. Horregatik, munduan ezagunak diren 33 argazkilariri gerra eta bakearen inguruko argazki bana eskatu diete, eta horrela osatu dute erakusketa. Gerra eta bakearen arteko elkarrizketa, zuri-beltzeko eta koloretako argazkiekin.

Gerraren bi ikuspuntu

Gerraren gordintasuna eta gizakiarengandik eman daitekeen ikuspegirik «makabroena» erakusten dute gudetako argazkiek. «Argazkiak ahaztu ezin diren uneak erretratatu behar ditu», Alvaro Ibarra argazkilari bilbotarraren esanetan. Eta ahantz ezin daitekeen argazki horietako bat proposatu du hark gerraren ikuspuntua egiteko garaian: soldadu kongoar bat esku banatan giza gorputzeko bi atal dituela ageri da, sari gisa erakutsiz; ahoan, berriz, horiek ebakitzeko erabilitako aiztoa darama. «Gizakiaren irudirik okerrena da».

Robert Capak esana da: «Argazkia ona ez baldin bada, erreportaria ez zen inguratu behar adina». Gerra irudikatzeko, ordea, gordintasun horretatik haratago ere joan dira erakusketako hainbat argazkilari. Samuel Aranda bartzelonarrak, esaterako, 2011ko World Press Photo saria irabazteko balio izan zion argazkia eraman du erakusketara. Michelangeloren Pietatea gogora ekar dezakeen argazkia da, iragan urtean Yemengo erreboltetan hartutako irudia. Ospitaleko itxaron gelan semea noiz artatuko zain dago emakumea, nikab belo islamiarra daramala. Irudi horrek ez du Kongoko argazkiak izan dezakeen zirrara eragiten lehen begiradan, «baina emakume horren sufrimenduarekin bat egiten du ikusleak, amek batez ere», Arandaren esanetan.

Bakea irudikatzen, zailtasunak

Hori dela eta, egunerokotasunean gerrak eragin ditzakeen irudi gogor horiek erakustea ez da beharrezkoa Arandaren ustez, «garrantzitsuak diren arren». Baina gatazka armatuek ikuspegi ezberdin ugari dituzte, «eta ikuslearengana ere irits daiteke txikitutako gorputz bat erakutsi gabe». Lehen lerroan egotea, beraz, ez da beharrezkoa Arandaren iritziz. Argazkilariak, gainera, gero eta beldur handiagoa dio lehen lerroari, eta bere lanak dakarren beldurraz gero eta jakitunago da. Are gehiago, Libiako gerran lankide bat galdu berri duenean.

Erakusketan parte hartu duten 33 argazkilariek ez dute berebiziko buruhausterik izan gerrako irudiak aukeratzeko garaian, Balderrama komisarioak adierazi duenez. Zailtasunik handiena bakea irudikatzea izan da argazkilari horientzat. «Horretarako, ironia, paisaiak, gerraren inguruko parodia edo izaera barnerakoiagoa duten irudien aldeko apustua egin dute askok». Horien artean daude, esaterako, gizakirik ageri ez den paisaia bat, gerran murgildutako testuinguru bateko bake unea eta Buñolen (Espainia) egiten den Tomatina festa ezaguna. Gerraren ikuspegitik urrun.

Edozein modutan, bakearen inguruko argazki gehienak gerraren testuinguruan ateratakoak dira, «kazetari horiei askotan zaila egiten baitzaie bakea gudatik kanpo ulertzea», Balderramaren ustez. Ibarrak, esaterako, Irakeko gerran ateratako argazki bat aukeratu du. Bertan, soldadu estatubatuar bat ikus daiteke, hamaka batean etzanda, eta musika entzungailuak jarrita dauzkala. «Gerra eremuaren barruan topa daitekeen bake pertsonala irudikatu nahi izan nuen argazki horretan», argazkilari bilbotarrak adierazi duenez.

Arandak, berriz, 2006ko Libanoko gerra amaitu berritan ateratako irudi bat aukeratu du. Zaldi zuri bat txikitutako hiri batean sartzen ikus daiteke. Bertan, «itxaropenaren ideia suma daiteke», baina gerraren isla ere bertan ikus daiteke zuzenean. Zaldia ihartuta ikusten baita, gatazka armatuaren garaian igarotako gosearen ondorioz.

Erakusketa ibiltaria

Erakusketa aurkeztu berri baldin badute ere, oraindik ez dago ikusteko moduan. Horretarako, hilaren 23ra arte itxaron beharko da. Gernika-Lumon dagoen Bakearen Museoan egongo da ikusgai lehendabiziko, bonbardaketaren urteurrena dela eta. Ondoren, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako hainbat hiri eta herri bisitatuko ditu erakusketak: Donostia, Eibar, Bilbo eta Gasteiztik igaroko da Gerra eta Bakea: zuzeneko begiradak izeneko erakusketa 2012. urtea amaitu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.