Egun gogorrak izan dituzte G-Ieko beheko kanpalekuan. Gerfried Goschl, Nisar Hussein eta Cedric Halhen hirukoari buruzko albisterik ezak kezka eragin zuen aurrena, eta atsekabea ondoren. Itxaropenik ez dute orain. Bigarren kanpalekura igo ziren asteazkenean Shaheen eta Abbas pakistandarrak, eta ez zuten mendizaleen arrastorik ikusi. Beheko kanpalekutik atzo atera zituen helikopteroak mendizaleetako batzuk, eta gainerakoak gaur edo bihar ateratzeko zain daude, Alex Txikon haien artean.
Zu zeu nola zaude?
Hanketan izozte batzuekin jaitsi nintzen menditik, baina ez da larria eta ari naiz pixkanaka osatzen. Fisikoki bainoago psikologikoki egiten ari zaigu gogorra. Ez dugu barneratu zer gertatu den eta zergatik. Galderak ditugu eta erantzunik ez.
Zer asmo duzue orain?
Lehenbailehen alde egin nahi dugu hemendik. Helikopteroak gaur [atzo] atera ditu Tamara, Adam eta Janusz beheko kanpalekutik, eta eskalatzaileen artean Darek, Artur eta ni geratzen gara hemen. Gerfried Goschlen anaia Skardura iritsi da, eta anaia hilda dagoela onartu digu. Gu irteteko zain gaude.
Nola bizi izan dituzue azken egunak beheko kanpalekuan?
Larritasun handiz. Azkenekoz ostiralean izan genuen haien berri, baina larritzen larunbatean hasi ginen. Albisterik ezak areagotu egin zigun kezka hori, eta orduak eta egunak pasatu ahala iritsi ziren malkoak eta negarrak. Eguraldia oso hotza eta desatsegina da hemen, eta horrek are eta gogorragoa egiten du egoera.
Zu izan zinen Goschl, Nissar eta Cedric bizirik ikusten azkena, ezta?
Ostiral eguerdia zen, eta 7.700 metro inguruan zeuden. Handik gutxira haizea indartu egin zen, eta lainoa sartu. Egoera eta baldintza horietan handik gora nekez egingo zuten. Aste bat pasatu da, eta ez dakigu ezer, baina zortzi gau ezin dira baldintza horietan jasan.
Haiekin batera ez abiatzea erabaki zenuen, eta egun bat geroago irten zinen. Erabaki horren inguruan askotan pentsatu al duzu?
Bueltak eman dizkiot, bai, baina batez ere haiengan pentsatuz. Haiekin batera igo izan banintz, akaso buru apur bat jarriko nuela eta buelta lehenago emango genukeela pentsatzen dut, eta baten bat nirekin jaitsiko zela. Baina balizko gertaerak dira, eta dakiguna da mendira etorri ginen taldekideon erdia itzuliko garela etxera.
Alex Txikon. Mendizalea
«Gertatutakoa ulertu eta barneratu ezinda gaude»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu