Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Gezurrak

Xabier Lasa.
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Betorik ez.Javier Torrontegi, EITBko irratietako arduradunaren adierazpenak izan berri ditugu, Urtzi Urkizuk egindako elkarrizketan. Baieztatu egin zuen ez dagoela ezker abertzalearen aurkako betorik. Logika horri jarraiki, ulertu beharko dugu RE eta EIko albistegietako kazetarien gauza dela ezker abertzaleko kideen hitzek interesik ez dutela pentsatzea, informazioaren ikuspegi hutsetik. Ikusteko dago kazetari horiek guztiek onesten ote duten Torrontegik beren bizkar jarritako erantzukizun hori….

Nork bereak.Xabier Lapitzek, Onda Vascako esataririk ezagunenak Ana Urtxuegiari buruzko erreportajeak argitaratu berri ditu Noticias taldeko egunkarietan. Herenegun legebiltzarrean, Patxi Lopezek gezurrak zabaltzea leporatu zien kazetariari eta prentsa taldeari; besteak beste, jendea diruz erosi nahi izan omen dute testigantza faltsua eman zezan. EAEko buruzagi gorenenak prentsaren kontra inoiz egin dituen salaketarik gogorrenak dira horiek. Lapitzekerantzun du: «Lopez da gezurtia». Antzeko salaketa latzak gurutzatzen diren aldiro, atera ohi dugun lehen gogoeta: alde bat, edo biak, gezurretan ari dira.

Ez da ezer gertatu.Lopezen adierazpen guzti-guztiak aireratzea usadio duen REk, polemika hori aipatu ere ez zuen egin albistegietan. Onda Vascaren aurka eduki dezakeen ezin ikusia entzuleak informatuta edukitzearen mandatu moralaren gainetik jarri zigula, alegia.

Madril-Malaga.Sergio Cala Malagako jokalaria ohatila batean, aieneko atera zuten Bernabeutik. Ronaldok ere handik gutxira utzi zuen jokoa, mina zuela esanez. Aste bat geldirik egon beharko du merengeak, hilabeteak malagarrak. Estatuko kirol irratsaio guztiek eman zuten, gauez, partida osteko prentsaurrekoa; Mourinho versus Pellegrini, morboa zegoen. Oharkabean, baina, pasadizotxo bat gertatu zen. Kazetari batek Mourinhori «partidako gertakaririk mingarriena izan den Ronaldoren zaintiratuaz» galdetu zion. Hara entrenatzailearen erantzuna: «Ezbehar bakarra Calarena izan zela». Onargarriak dira Mourinhoren azal gogorra aipatzen adierazten ari diren gogoeta gehienak; ostegunean, baina, Mourinhok zera gogorarazi nahi izan zien kazetariei: gizatasun puntua ondo letorkiokeela masa ikuskizun huts bihurtu den futbolari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.