Gihartsuen bidezidor argi-ilunak

Kulturismoko eta fitnesseko Euskadiko bigarren Koparik ez da izan aurten. Dopin kontrola egongo zela jakitean, parte hartzaile gehienek alde egin zuten. Kirolariek ezjakintasuna argudiatu dute, baina adituek uste dute bazutela zer ezkutatu.

Gimnasioetan hainbat makina baliatzen dituzte kulturistek ariketak egin eta giharrak lantzeko. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo. Imanol Magro Eizmendi
Bilbo
2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu kulturismoak azkenaldian. Santurtzin (Bizkaia), duela hiru aste jokatzekoa zen Euskadiko Koparen bigarren lehian gertatutakoak piztu du eztabaida. Azkenerako, lehiaketarik ez zen izan. Arrazoia: 28 parte hartzailetik 25ek alde egin zuten dopin kontrola egongo zela jakitean. Bertan ziren kulturistak jada, martxan zegoen txapelketa, eta «ezustean» agertu ziren DAEA Dopinaren Aurkako Euskal Agentziako kideak. Kontrola egin ez, eta, kirolarien ihesaldia zela medio, lehiaketa bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Egoera ikusirik, ez dira gutxi izan gertatutakoaren arrazoiez mintzatu direnak.

Juan Antonio Gonzalez kulturista da, eta Santurtzin zegoen txapelketaren egunean, babesle eta epaile gisa: «Giroa ez zen asaldatua. Ez zen izualdirik egon. Beldurragatik eta gertatuko zenaren ezagutza faltaren ondorioz egin zuten alde kirolariek. Ezjakintasuna izan zen arrazoi nagusia». Teresa Gaztañaga, ordea, Ekime Euskal Kiroletako Medikuen Elkarteko presidentea da, eta garbi du kirolariek bazutela zer ezkutatu: «Gertatu zena adierazle bat da. Zerbaitegatik egin zuten alde kulturistek, hori argi dago. Garbi egon izan balira, ez zuten ospa egingo».

Giharrak lantzen duten kirolariak dira kulturistak, gizakiaz gaindiko estetikak garatzeraino entrenatzen direnak. Gorputza gurtzeko jaio zen kulturismoa, irudi onaren izenean. Hor gakoa eta gatazka: batzuek diote entrenamendu orduen ondorioz lorturiko gorputz deigarriak direla. Beste batzuen iritziz, ordea, anabolizatzaile, estimulatzaile edo substantzia dopatzaile deritzotenak barra-barra baliatzen dituzte kirolariek. Gaztañagak honela azaldu du kirolariek dopatzeko aurkitzen duten arrazoia: «Jendeak lasterbideak bilatzen ditu. Tentazioa handia da, eta substantzia horiek lortzea, oso erraza».

Dopina kirolariaren errendimendu fisikoa handitzearren kirol erakundeek debekaturiko substantziak hartzean datza. Finean, lehiakideekiko abantaila lortzea helburu du, betiere era artifizial eta ez garbian. Dopin kontrolak, beraz, txapelketetako kiroletan izaten dira. Lehiaketarik ezean, ez litzateke dopinik egongo. Txapelketak bai, baina orain arte kulturismoan ez dira dopin kontrolak egin. Zer dela eta? «Kirol ikuskizuntzat gauzkate. Oholtzara igotzeari ikuskizun deritzote, baina badira ikuskizunean oinarritzen diren beste hainbat kirol ere. Orain, kirol gisa onartuak izateko bidean gaude». Horrela ikusten du egoera Gonzalezek.

Kirol estatusik gabe

Zenbait herrialdetan, Euskal Herrian adibidez, ofizialki kulturismoak ez du kirol estatusik, eta, beraz, kirolei ezarritako baldintzetatik at mugitzen da. Oraingoz, kirol elkarte bat balira bezala antolatzen dira. Beraz, ez dute dopina atzemateko kontrolik. Edo behintzat orain arte ez dute izan. Aurtengo maiatzean izan zen aldaketa.

DAEAk eta IFBBak (International Federation of Bodybuilding and Fitness) hitzarmen bat sinatu zuten. DAEAk dopin kontrolak egiten ditu, eta IFBBak kulturismoari eta fitnessari dagozkion praktikak arautu eta txapelketak antolatzen ditu. Akordioan, Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan IFBBak antolaturiko txapelketetan dopin kontrolak egiteko eskumena ematen diote DAEAri, agentziak ezarritako baldintzetan. DAEAk jakinarazi duenez, horien bitartez «kirol garbia eta bidezkoa» sustatu nahi dute. Proba horiek «ezustean eta aurrez abisaturik gabe» egitea da irizpidea.

Hala ere, Gonzalezek azaldutakoaren arabera, Europako txapelketetan lehiatu ahal izateko kontrolak egin behar dituzte, eta, beraz, hori ez da guztiz berria batzuentzat. Bi kontrol egiten zaizkie Europako txapelketetan parte hartu ahal izateko. Lehenengoa, sailkapenaren egunean, eta bigarrena, ausaz izan daiteke txapelketaren egunean bertan.

Gonzalezek orain dela 30 urte ireki zuen Golden Sport Gym gimnasioa, Bilbon. Kulturismoa eta fitnessa izan ditu ardatz gimnasioak, eta horiek egiteko baliabideak eskaini. Bete-betean murgilduta dago kulturismoaren munduan. Kirolaria izateaz gain, entrenatzailea eta IFBB-Euskadiko kide eta txapelketetako epaile ere bada. «Kulturismoaren oinarrian gihar metaketa dago. Estetikoa eta simetrikoa denaren arabera giharrak metatzen ditugu. Ez da ohikoa, eta askok ez dute ulertzen. Horregatik, desatsegina egiten zaie».

Badaki kulturismoan aritzen direnei egozten zaizkiela dopin praktikak, eta zurrumurrua beste kirol askotan baino hedatuago dagoela. «Gu gara gehien dopatzen garenak. Bakarrak, eta, gainera, denak! Astakeria hutsa da denok zerbait egiten dugula esatea. Ustea izan dezakegu, baina datuei heldu behar diegu», esan du, ironiaz. Datuak, ordea, urriak baina esanguratsuak dira. WADAk(World Anti-Doping Agency) plazaraturiko datuen arabera, 31 milioi pertsonak legez kanpoko produktuak kontsumitu dituzte inoiz errendimendu fisikoa hobetzeko. Era berean, zenbait kalkuluren arabera, urtean 700 tona esteroide, 70 tona testosterona eta 14.000 milioi anabolizatzaile dosirekin trafikatzen da.

Lehen proba

Hitzarmenaren ostean kontrol bat egin zuen DAEAk. Ekainaren 16an Santurtzin egin zen txapelketara joan ziren. Bertan egin zuten lehen proba. Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria kezkatuta agertu da jaso ziren emaitzekin: «Kontroletan hamabi lagin hartu genituen, eta bost positibo izan ziren. Hori portzentaje handia da. 300 kontroletik, normalean, ez ditugu bi positibo ere izaten. Hamabitik bost, %40tik gora gabiltza. Hori izan zen gure lehen ezustea». Hori ekainean izan zen, eta ez zuten berria zabaldu nahi izan. Bigarren probarekin, ordea, etorri zen iskanbila. DAEAk eta Jaurlaritzak kulturismoan dopin kontrolak egiten jarraitzeko asmo irmoa agertu dute, eta Gonzalezek azaldu du kontrol horiek ezinbestekoak direla kirol ofizialtzat onartuak izateko borrokan. Hor dago bien arteko ika-mika.

Gertakariaren ondoren, DAEAk ohar bat argitaratu zuen. Agentziako kideen iritziz, substantzia dopatzaileen erabilerari dagokionez, arazorik handiena duen jardueren artean daude kulturismoa eta fitnessa. Bat dator baieztapen horrekin Gaztañaga. Kontrolak iruzurrak identifikatzeko egiten dituzte; eta, horrez gain, «heziketa lana» egiten dihardute agentziako kideek. Formakuntza ezinbestekoa iruditzen zaie. Gonzalezek ere antzeko iritzia du. Hala ere, haren ustetan, kirolarien artean hutsune handia dago arlo horretan: «Guk informazioa exijitzen dugu. Informazioa eta formakuntza. Zerrendan dauden substantzien erdiak ez dakigu ez zer diren, ez non egon daitezkeen... Ezjakintasun handia dago».

Abantaila ala ardura?

Dopatzearen helburua besteekiko abantaila izatean datza. Horregatik, substantzia dopatzaileen zerrendan daudenak helburu horrekin bat datozenak behar dute izan.«Zerrendan ageri diren substantzien erdiak ez dira dopatzaileak. Dopinaren helburua lehiakidearekiko abantaila izatean datza, eta zerrenda luze horretan ageri direnen artean, askok ez dute inongo abantailarik ekartzen. Esaterako, hori gertatzen da droga sozialekin». Gonzalezek lista luze hori salatu du, baina Gaztañagak zerrendan dauden substantzien arrazoia azaldu du: «Kirolaria izatea ardura bat da, eta kirolaria bazara ezin duzu kalamua hartu». WADAk osatzen du zerrenda, eta urtero berrikusten da. Substantziak, gainera, bi multzotan bereizita daude: inoiz kontsumitu ezin daitezkeenak, eta lehiaketa garaian kontsumitu ezin daitezkeenak. Kalamua, esaterako, bigarren multzoan dago.

WADAk berak ere zehazten du oso ohikoa dela substantzia dopatzaileak topatzea gaixotasun arruntak sendatzeko erabiltzen diren botiketan. «Kirolariak positibo eman dezakeen tratamendurik badu, medikuari esateko ardura du. Horrela, lehia baimentzen dion ziurtagiria egingo dio medikuak». Gaztañagak azaldutakoaren arabera, horiek dira eman beharreko pausoak gezurrezko positiboak saihesteko.

DAEA aurrera begirako lanaz ere jardun da. «Lan asko dago egiteko. Txapelketak antolatzeaz gain, kirolariekin informazio eta heziketa lan handia egin beharra dago». Dopinaren aurkako agentzia, Jaurlaritza eta mediku elkartea ere bat datoz arazoaren muinean. Euren kezka nagusia kirol amateurrean dago. Lehiaketetatik harago doa arazoa Redondorentzat: «Arazoa kulturismotik harago doa. Oso txikia da txapelketetan parte hartzen duten kirolarien kopurua. Gimnasioen erabiltzaileak asko dira, eta helburua ez da izaten osasuna, gorputz irudi bat lortzea baizik. Osasun publikoko arazo bat izan daitekeela uste dugu». Gimnasioetan eta bestelako kirol hornikuntzetan geroz eta ugariagoak dira gorputz gihartsua helburu biltzen direnak. Horietan, eskasa da kontrola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.