Ataungo Barandiaran museoa, Bergarako Errege Seminarioaren Eliza Ezkutua, Errenteriako gune historikoa, Getariako Balentziaga museoa eta alde zaharra, Lazkaoko Beneditarren Fundazioa, Legazpiko Igaralde errota, Oñatiko Gipuzkoako Protokoloen Artxibo historikoa eta San Migel errota... Gipuzkoako toki horiek denak bisitatu ahal izango dira asteburuan. Hain zuzen, herrialdeko sekretuak ezagutzeko, 21 bisita egingo dira gaur eta bihar hamar herritan, Ondarea Bertatik Bertara egitasmoaren barruan.
Lurraldeko sekretuak ezagutarazi nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, baita ondarea herritarrengana hurbildu ere. Horretarako, hainbat herritako udaletako kultur teknikariekin elkarlanean, programa zabala prestatu du astebururako.
Iaz egin zuten lehen aldiz Ondarea Bertatik Bertara, eta «arrakasta handia» lortu zuen. Hori dela eta, Kultura Zuzendaritzak erabaki du aurten ekitaldia hiru asteburutan banatzea: lehena asteburu honetan bertan egingo da; bigarrena, ekainaren 6 eta 7an; eta hirugarrena, azaroaren 14 eta 15ean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak dioenez, «egitasmo honen helburua da ohiko zirkuituetatik kanpo geratzen diren eta ezkutatuta dauden edo ezezagunak diren ondare elementuak jendeari ezagutzera ematea».
ONDAREA BERTATIK BERTARA
Zer. Ondarea ezagutzeko bisitak.
Non. Gipuzkoako hamar herritan: Ataun, Bergara, Donostia, Errenteria, Getaria, Lazkao, Legazpi, Oñati, Ormaiztegi eta Tolosa.
Noiz. Gaur eta bihar.
Informazio gehiago.http://www.gipuzkoakultura.eus/
Asteburuko proposamenak
Gipuzkoako altxor ezkutuak, bistara
Ondarea Bertatik Bertara egitasmoaren harira, artxibategiak, museoak eta abar bisitatu ahal izango dira Gipuzkoako hamar herritan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu