Jaiak. Leitza

Giro aparta Leitzako tiburtzioetan

Tiburtzioak hasi ziren atzo Leitzan, eta asteazkenera arte festa giroa izango da nagusi herrian

Suziria botatzearekin batera lehertu zen festa, atzo, Leitzan. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
2012ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Festa lehertu zen atzo Leitzan (Nafarroa). Herri kirolak izan zituzten goizean, eta plazan bazkaldu zuten ondoren. Arratsaldean bota zuen Aurrera dantza taldeaksuziria udaletxeko balkoitik. Eztanda entzun bezain laster hasi zen parranda herrian. Incansables txaranga, txistulariak, erraldoiak, gaiteroak eta buruhandiak kalejiran atera ziren, eta geroztik ez da aspertzeko aukerarik egon. Azteazkenera bitartean jai giro aparta egongo da herrian.

Gaur San Tiburtzio eguna da, festetako egunik handiena. Gaur izango da lehenengo entzierroa, eta ondoren, ezpata dantzariak arituko dira plazan. Arratsaldean, herri kirolak izango dira. Euskal Herriko hirugarren mailako kanporaketa izango da, eta hamaika aizkolarik parte hartuko dute. Festen azken egunean ere, egongo da herri kirolak ikusteko aukerarik. Aizkolari eta harri-jasotzaileak ariko dira ezkonduen eta bikoteen egunean.

Musikarik ez da faltako tiburtzioetan. Urtero bezala, Incansables txaranga aterako da goiz eta arratsaldez kaleak animatzera. Baina ez da bakarra izango. Iruindarrok elektrotxarangak erronda egingo du gaur arratsaldeko zazpietatik aurrera, eta Tximeleta eta Karma taldeek amaituko duteeguna. Bihar gauean, berriz, Garraxik emango du kontzertua plazan, eta Atekabeltz gaztetxean DJa egongo da.

Eguerdirako umeentzako Ametsen Fabrika bertso antzerkia antolatu dute. Baina ez da izango bertsoak entzuteko aukera bakarra. Astelehenean, herriko bertsolariek lagundutako txakolin dastatzea eta sardina jatea egongo dira. Arratsaldean, berriz, plazan izango da bertso saioa. Andoni Egaña, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolarien jarduna entzun ahalko da.

Hitz egin beharraren kezka

Aurrera dantza taldeak urtero alaitzen ditu festak hainbat dantzarekin. Urtero betetzen du plaza goraino, eta, aurten, hamaika urtetan egin duten lana saritzeko, txupinazoa botatzeko aukera eman dio udalak. Joseba Sagastibeltza (Leitza, 1973) dantzaria izan da suziria piztu duena. Taldeko gainontzeko kideen laguntza ere izan du. «Hurbiltasuna izan da sentimendu nagusia. Ez gaude ohituta jendeaurrean hitz egitera, eta horrelako ekitaldi batean gutxiago». Urduri ere jarri da, baina ohore handia izan da harentzat festei hasiera emateko aukera izatea.

Bi dantza talde dauzkate Leitzan: handia eta txikia. 55 dantzari dira osotara, eta goiz eta arratsaldez dantzatuko dute festetan. Atzo hasi ziren ezpata dantzarekin. «Leitzan, ezpata dantza esaten zaio, baina dantzari dantza da». Batzokia inauguratu zutenean iritsi zen herrira, 1972. inguruan.

Abuztuaren 12an izango da Aurrera dantza taldearen saio nagusia, eta ordu eta laurdenez arituko dira dantzan taldeko kide guztiak. Dantza tradizionalak egiten dituzte, eta errepertorioaren barruan beti sartzen dute Leitzako Ingurutxoa. «Nola ez?», dio Sagastibeltzak. Ingurutxoa gauero dantzatzen zen garai batean, berbena amaitzean. Orain, ordea, egun bakarrean egiten dute ordu horretan. Bihar egingo dute 03:00etako saio hori, herriko plazan. Baina beste ordu batzuetan ere arituko dira ingurutxoan: gaur, 21:00etan, eta asteazkenean, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.