Euskal Jaiak

Giro jatorra Zarautzen, Euskal Jai Egunean

Goiztarrak taldearen usadio zaharrak, Alprojakoen 'Nitanic' antzezlana, orga lehiaketa eta Zuazobideri omenaldia, 11/13 auzikoei babesa adierazteko ekimena... Ohi bezala, festa askorako ematen ari da gaur Zarautzen.

Herritarrak dantzan, Zarautzen. UROLA KOSTAKO HITZA
Urola Kostako Hitza
2019ko irailaren 9a
07:07
Entzun

Txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta joaldunak dabiltza kalez kale eta plazaz plaza gaur Zarautzen, eta herritarrak gogotik ari dira gozatzen Euskal Jai Egunaz. Giroan murgilduta, orgekin ala gabe, tragoxkak hartuz edo mokaduak janez, dantzan eginez…. ongi pasatzeko nahikoa osagai dago Zarautzen (ikusi argazki bilduma, Urola Kostako Hitza-n).

Antzinako ohiturak berreskuratuz, garai bateko pertsonaiak irudikatu dituzte Goiztarrak taldekoek. Goizeko mezaren ondoren, Frontoi Txikin elkartu dira eguerdi partean pilotaz, sokatira eta bertsoez gozatzeko. Aldi berean, Munoa plazan eskaini dute urteroko antzezlana Alproja taldekoek. Plaza goraino beteta, ohi bezala, galtxagorriek hartu dute eszenatokia eta hitza. Aurten 39 kidek hartu dute parte Nitanic izeneko lanean.

Orga lehiaketa eta omenaldia

Eguerdirako ere orga parte hartzaileak ikusgai zeuden Lege Zaharren enparantzan, jai giro betean. Joxe Mari Zuazobide apartexeago zegoen, udaletxeko ate ondoan, euskal kirolak irudikatzen zituen orga batekin. Beharbada, zetorkion omenaldiagatik urduri antzera.

Hain justu ere, merezitako aitortzarekin ekin diote ekitaldiari: aurrena, txistularien laguntzaz, agurra dantzatu diote enparantzaren erdian eta, ondoren, Xabier Txurruka alkateak, esker hitzekin batera, Musika Plazako kioskoaren oroigarri bat oparitu dio.

Berehala, III. Orga Lehiaketako sari banaketarekin hasi dira, eta omenaldiarekin jarraitzeko, Zuazobideren lanari aipamen berezia eskaini diote. Aurten, bederatzi orga aurkeztu dira, eta, urtero bezala, guztientzat izan da saria. Baina lehen hiru sailkatuak ondorengoak izan dira: Jokin Juaristiren Zarauzko talogileak izenekoa garaile, Ander Silvanen Taberna Zaharra bigarren eta Thelia Illarramendiren Baratza hirugarren.

Elkartasun jendetsua

Irailaren 16an hasiko den 11/13 auziko 47 auziperatuen alde, elkartasun ekimena egin dute gaur Euskal Jai Egunez, 13:45ean, Musika Plazan. Jende ugari bertaratu da auzipetuei –horien artean, Ainhoa Baglietto herrikideari– babesa adieraztera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.