Haurren eguna izan zen atzokoa Baionan. Goizean, korrika egin zuten Entzierro Txikian, eta korrika saioa bukatu, eta herriko etxearen aitzinera joan ziren gehienak, Leon erregea iratzartzera.
Goizeko hamaiketarako bilduak ziren ehunka haur Paul Bert plazan, luzaketak egiteko. Entzierro txikirako prestatzeko ziren luzaketa horiek, oholtza gaineko animatzailearen aholkuek gidaturik. Ondoko entzierroa, plastikozko zezenek harrotzen zuten.
Egiazko kabala batek sortzen duen tentsio apurrik gabe ere, korrikalari serioak baziren, aitzina so eta ziztu bizian joanak, baina gehienak irriz eta zezenaren adarrak hunki nahian. Plastikozko zezenak garraiatzeko, berriz, gizonak. Jokoa luzarazteko kabalak baino egokiagoak, nahi bezainbeste aldiz itzul daitekeelako jokoz kanpo gelditu haurrengana joateko.
Baiona Txikian gaindi ibili ziren alegiazko zezenak haurren atzetik, eta jadanik jendea inguratu zen karrika horietara entzierroa ikustera. Baina herriko etxearen pareko plazara heltzean, ez zen jendetzan mugitzerik. Mayou zubian, bereziki, aurten ezarri dituzten segurtasun hesiek metro bat kentzen dutelako alde bakoitzean. Bien artean, jendea tinkatua, eta hesien artean haurrak korrika. Eguerdia gabe, hesiak kendu zituzten haurrak Leon erregea iratzartzera joan zitezen.
Kirola eta militarrak
Herriko etxeko haur uholdeaz harago, Poterne izeneko parke lasaian zen iragaiten haurren eguna. Oihal etxe lerro bat ezarria zuten parkean, mutur batetik bestera. Eskubaloia, zirkua, ile apainketa eta beste hainbat tailer proposatuak zitzaien han. Arrakastatsuenak, itzalekoak, ile apainketarena, adibidez, beste oihal etxerik gehienak eguzkipean baitziren.
Haatik, eta ez da berrikuntza, eguzkipean izanik ere, militarren guneak ere arrakasta kausitu zuen egun osoan. Abentura parke gisa aurkeztua, sokatik gora eta beste balentriak eginarazten zizkieten gazteenei. Ondoan, kamioi militarrak, suhiltzaileenak bezain erakargarri bilakatu nahian.
Hainbeste oihal etxeren artean ehunka haur izanik, mikrofonokoek animatzailearena baino zerbait gehiago egin behar zuten. «Victor izeneko sei urteko mutil bat galdu da. Elkartasunari esker, hamar minuturen buruan atzemanen dugu», hitzematen zuten. Baina handik laurden batera, zuzenean Victor delakoari mintzo ziren: «Mezu hau entzuten baduk, galdetu norbaiti informazio gunera eramatea, hire amatxi zain duk hemen».
Antolaketa handia da hainbeste haurrei animazioak proposatzea, eta ezin da arazorik gabe izan. Baina Pakitoa egiteko, lerroan jarri eta esku keinuak egiteko, agindua zailtasunik gabe bete zen. Segur aski, haurrek gurasoei ikusia errepikatzen zutelako.
Baionako bestak
Giroa bero haurren egunean
Urte oroz bezala, haurren eguna ospatu dute Baionako bestetan. Entzierro txikiarekin hasirik, ekimen anitz izan dituzteHarresien azpian haurren gunea ezarri zuten, oihal etxe adina proposamenekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu