Karlos Zurutuza. Dokumentalgilea

«Giza trafikoa ikertu nahi izan nuen, Iraken etorkinak bazeudela ikusi nuenean»

'Esklabu Iraken' ikus-entzunezko erreportajea estreinatuko du kazetari donostiarrak gaur bere jaioterrian. Kurdistanen kasta bihurturiko Bangladeshko kale garbitzaileen kasu lazgarria azaldu du.

BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Karlos Zurutuza (Donostia, 1971) kazetaria eta dokumentalgilea da. Ekialde Hurbileko eta Asiako gatazka gune asko ezagutzen ditu, freelance gisa eginiko lanarengatik. Esklabu Iraken 30 minutuko erreportajea aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Koldo Mitxelena Kulturunean (Donostia), eta pertsonen trafikoaz arituko da.

Irakez ari garenean, hedabideetan ez da ohikoa pertsonen trafikoaren gaia. Zer ikusi duzu han horrek arreta deitzeko?

Irakeko Kurdistanera hainbat bidaia egin, eta harritu egin ninduen han etorkinak topatzea. Deigarria da halako egoeran dagoen herrialde batean etorkinak aurkitzea. Jakin-mina nuen: zergatik aukeratu dute Irak, eta zer utzi duten atzean halako herrialde batera joateko? Lortu dugu sukalderaino sartzea, kasu honetan. Mafia kurdu batek Bangladeshtik ekarritako langileekin egon gara. Langileok 3-4 mila dolar ordaintzen dute, ustez Dubaira joateko hiru urtez. Han aireportuan bertan esaten diete Dubain ez dagoela lanik eta Irakera eramango dituztela. Kurdistanen pasaportea kendu eta kanpaleku batera eramaten dituzte. Hurrengo urteak kaleak astean zazpi egunez garbitzen pasatuko dituztela jakiten dute orduan, esklabo.

Lan publikoa egiten ari dira. Giza trafikoaren mafia eta estatua gauza bera dira han?

Bai. Jakina da oso eskualde ustela dela. Bi familia nagusi daude han: barzanitarrak eta talabanitarrak. Senidekeria oso zabalduta dago. Kargu publikoa izan dezakezu eta hainbat enpresa, eta halako langilez baliatu. Kalean dabiltza, jeandaurrean, denek dakite nola dauden han, eta ezin da ezer egin. Zigorgabetasun osoa dago. Bagdaden izan naiz otsailean, eta han ere ikusi dut halako baten bat, baina ez da Kudistangoa bezain deigarria. Han kasta berria bihurtu dira: Bangladeshko kale garbitzaileak.

Zertan bereizten da horien egoera eta Saudi Arabian dabiltzan filipinetako garbitzaileena, esaterako?

Saudi Arabian bezala, mota guztietako gehiegikeriak pairatzen dituzte Kurdistanen, baina azken horretan beste arazo bat dute: herri bakoitzak kontrol bat dauka sartu eta ateratzeko, eta hortik pasatzeko agiriak behar dituzu. Horiek deus ez dutenez, ezin dira kanpalekutik atera: euren bizimodua da goizeko bostetan jaikitzea, kamioetan lanera joatea eta egun osoan lanean aritu ondoren kanpalekura itzultzea.

Arazorik izan al zenuten horien inguruko erreportajea egiteko?

Nagusia hasieran engainatu behar izan genuen: Irakeko Kurdistango enpresaburuen inguruko erreportaje bat egin nahi genuela esan genion, eta kaleak horren garbi ikusita horren ardura duen enpresa ezagutu nahi genuela. Bost egun eman genituen grabatzen. Langile batzuek ez dute hitz egin nahi izan. Amaieran, nagusia konturatu egin zen zertan aritu ginen, baina zigorgabetasuna horren handia da, nekez espero duzula langileak zigortzea. Badakit hemendik bost urtera han egongo direla oraindik. 200 dolar kobratzen dute hilean, eta 50 bat gastatzen dute telefonoan. Horra joan ahal izateko, askotan, familiak etxea hipotekatu du.

Nazio Batuen Erakundea edo beste inor ba al dago horrekin kezkatuta?

Han egonda segituan ohartzen zara nazioarteari bost axola zaiola hango herritarrei gertatzen zaiena. Egunero daude erasoak eta hildakoak kalean, eta ez da albiste. Gainera, badute kale horiek nork garbitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.