AEBetako filmek europar kutsua lortu ahala izaten dute kritikaren onespena, orokorkeria zilegi bazait.Horietako bat Paul Haggisen Crash hau dugu. (Ez nahastu David Cronenbergek 1996ean zuzenduriko izen bereko film polemikoarekin).
Gaurkoa ikusita, ez dago haren jatorria ezkutatzerik; amerikarra da, zentzu txarrean, bai estetikan, bai garapenean, bai istorioa ehuntzeko moduan eta bai narrazioa amaitzerakoan ere. Eta ez du bere amerikartasuna ezkutatu nahi. Badu zerbait, hala ere, Crash honek, zerbait erakargarria, eta, zergatik ez, zerbait liluragarria.
Hasiera-hasieratik ikuslea eserlekura lotzea lortzen du filmak. Era paraleloan aurkeztutako istorioak kontatzen ditu, eta horien arteko harremana azalduz doa, gutxika-gutxika. Istorioek ohikotasunari erreparatzen diote, gauza txikiei, eta guztiek ezaugarri bat dute: arraza. Azalaren kolorea. Berdin da zein den arraza jakineko gizaseme horren maila soziala: kolore bat, pigmentu bat du azalean, eta horrek sekulako eragina dauka. Ez erabakigarria, baina bai oso-oso garrantzitsua. Estereotipoak erabiltzen ditu, baina estereotipoei astindu onak eman ondoren, horiek haustea lortzen du.Errepikapena erabiltzen du istorioak ixteko, film askotan bezala, baina ederki funtzionatzen du. Badabil, eta hori nahiko da.
Maitane Mitxelena
############
Gizarteko estereotipoak kolpeka hausten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu