Mendea betetzeko bidean da XIV Orduak ibilaldia. Aralarko zeharkaldi ezagunak 1925eko ekainaren 7an ditu sustraiak. Egun hartan, Tolosaldeko hamalau mendizalek prestatu zuten urteekin ezagun bihurtu den martxa: Francisco Larrañaga, Eduardo eta Manuel Laborde, Francisco Labaien, Francisco Tuduri, Simon Arrue, Rikardo Diaz Sarasola, Victor Arrillaga, Anton Subijana, Teodoro Agote, Ricardo Azaldegi, Ramon Barrio, Juan Jauregi eta Jose Albero. Ibiltari zailduak guztiak ere, Tolosa eta Aralarko Done Mikelen baseliza ibilian lotu nahi zituzten. Ordurako erronka handia, ezohikoa. Hamalaukote hartatik bederatzik bukatu zuten zeharkaldia. Hurrengo urtean, errepikatu egin zuten ibilaldia.
Lehenengo bi ekitaldi haiek mendizale batzuen kontua izan ziren, ez inongo taldek bultzatu eta antolatutako martxa. Urteetako etenaren ondoren, 1943an antolatu zuten Aralar mendilerroa zeharkatzen duen txangoa. Bi berrikuntza izan zituen ekitaldiak: mendi elkarte guztietako mendizaleei eman zitzaien parte hartzeko aukera, eta iraupen luzeko martxek ohikoak zituzten arauak jarri zituzten indarrean. Hori bai, «ibilaldiaren luzera eta gogortasuna aintzat hartuta», emakumeei debekatu egin zieten parte hartzea. «Gizonen eskura» zegoen balentria omen zen. Tolosatik hiru laguneko 37 patruila irten ziren, eta 35 helmugaratu ziren. Irungo Buenos Amigos elkarteko Jaime Manzisidor eta Santos eta Juan Antonio Lekuona anaiak izan ziren ibilbidea erregulartasun handienarekin egin zuten mendizaleak. Baina Tolosako Fronton kafetegira iritsi ziren mendizaleetako batek eman zuen ezustea: Maritxu Aranak. Donostiako Amaikak Bat elkarteko kidea zen Arana, eta antolatzaileek emakumeen parte hartzea debekatzeko jarri zituzten irizpideak agerian uzteko asmoz irten zen, gizon baten plantarekin.
Laugarren zeharkaldia 1967an antolatu zuten, eta 1972tik aurrera, Olinpiar Jokoak egiten zituzten urteetan —1972, 1976, 1980, 1984, 1988, 1992, 1996, 2000, 2004 eta 2008—. Ibiltari kopuruak etenik gabe egin zuen gora, eta 2000. urtean jo zuen goia: 3.062. Ordutik jaitsi egin da, eta aurten nekez iritsiko dira hiru mila lagunen langara.
Gizon patruilen artean, Maritxu Arana
Hamalau lagunek prestatu zuten lehenengo XIV Orduak ibilaldia, 1925ean, baina 1972az geroztik egiten da olinpiar urteetan. Hastapenetan emakumeei jarritako debekua Maritxu Aranak gainditu zuen, 1943an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu