Pilotarik ez du ukitzen, eta nekez ikusten du partidarik osorik. Halere, aurrez bera ikusi gabe, ezin partida ikusi. Pilotalekuan izaten diren fokuez kanpoko gunean aritzen da bera, nolabaiteko itzalean. Kristal baten atzean egoten da Olaia Gallastegi (Soraluze, 1973) sarrerak saltzen, eta Aspe pilota enpresako logistika arduraduna ere bada. Pilotariak dira jokoa jartzen dutenak, bera lekua eta eguna zehazten dituena. Partidaren buelta du lanbide. «Frontoian lanean dagoen jendea koordinatzen dut».
Igandero egoten da Astelena pilotalekuan, eta ezagunak ditu zalerik fidelenak. Hori da lanaren alderik atseginena, dioenez. «Harreman berezia edukitzen duzu, azkenean, astebururo etortzen diren horiekin. Ehun edo 150 pertsona ibiltzen dira ohiko jaialdietan. Betiko jendea». Hor egoten da bera eroso. Pilotariei gertatzen zaien bezala, salbuespenak dira gogorrago zaizkionak: finalak. Lan handiagoa izaten du halakoetan, eta jendearekiko harremana ere ez da hain hurbilekoa izaten.
Gizonak dira nagusi pilotan, dioenez, baina ez pentsa litekeen bezain era nabarmenean. Kanpoa eta barrua bereizten ditu Gallastegik. Bistakoa dena eta itzalean dena. «Gizon mundua ikusten da kanpoan, baina gero ikusten ez den gune horretan emakumeak ere egoten dira, barruan. Hasi dira ikusten lehen epaile emakumezkoak, masajistaren bat, eta administrazio lanetan aritzen direnetariko asko eta asko emakumeak dira, adibidez».
Olaia Gallastegi. Tiket saltzailea eta logistika arduraduna
«Gizonena da kirola kanpotik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu