M-15 izendatu dugun mugimendua zertan da? Existitu al da, jarraitzen al du, ekarri al digu iragarritako aldaketarik? Gauza handirik ez dakit utzi digun, baina utziko digu dokumental bat. Seinale txarra: gauza bati buruzko dokumentala egiten bada, gauza hori umeldu xamar dagoen seinale. Edo zuzenean hilotz.
#Indignados deituko den pieza M-15aren gaineko hausnarketa bat izango da eta eragin nahi izango du azaroaren 20ko hauteskundeetan. Ez dira joan buru mediatikoen bila, baina aurkitu dituzte, bururik nahi izan ez zuen mugimenduaren erakusgarri: Arcadi Oliveres, Paco Ibañez (!), Alex de la Iglesia (!!!) eta abar. Ez dute telebistan pasako, ez zine areto komertzialetan, Internet, sala alternatibo eta gizarte etxeetan baizik, kanpaina hasten den azaroaren 4tik aurrera. Mugimendua hasi zenetik filmatutako irudi piloa ere baliatuko dute dokumentala osatzeko.
Tira, dokumentalaz gain, gauza gehiago ere utziko diguM-15ak. Irudi gutxi batzuk bai, behintzat: aita santuak Madril bisitatu zueneko protesta eta egurtzeak; Bartzelonako kanpatuei emandako jipoiak Katalunia plazatik ateratzeko; diputatuei Kataluniako Parlamentura sartzea galarazi zietenekoa, eta gero epaitegietara nola sartu ziren 50 polizia autonomiko beren borondatez aurkeztu ziren sei sumindu ehizatzera. Telebistak, hedabideek, suminduez eraiki irudia, izenlagun sorta: perroflauta-tik hasita. Eta euskal herritarron indiferentzia orokortua.
Ez dakit M-15 mugimendua egun zertan den zehazki, baina, dokumentala gorabehera, badirudi aurrera jarraitzen duela. Gaur, luze gabe, urriak 15, protesta baketsu baterako eguna antolatu da munduko hainbat bazterretan, Global Revolutionary Day izen arranditsuaren azpian. Bordele, Marseilla, Parisen; Burgos, Madril, Bartzelonan; baina baita Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñean ere. Gauzak zer diren, Wall Streetera ere iritsi da protesta. Orain hemen beste gauza batzuetan gabiltza, ordea. Pedro J. Ramirezek informazio beroa darabil. Dena lotuta omen dago: astelehenean Nazioarteko Bake Konferentzia, asteartean konferentziako ondorioak eta asteazkenean ETAren komunikatua. Eta ez dut uste oraingoan ere igoko garenik M-15aren zaldira. Aurretik gertatu bezala, dokumentala ikustearekin konformatu beharko gara oraingoan ere.
Komunikazioa. Ekografiak
'Global Revolutionary Day'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu