Bitarlan informatika eta Web Zerbitzuak
Zalantzarik gabe, posta elektronikoa irakurtzeko zerbitzurik onenetarikoa da GMail, batez ere sareko aplikazioen artean. Gainera, GMail kontuak ez ezik, beste posta kontu batzuk ere irakur daitezke. Beraz, GMail ez diren beste helbide batzuk kudeatzeko ere erabil daiteke. Honez gain, Zibergela atalaren beste ale batean GMaili buruzko beste artikulu bat argitaratu zen: http://zibergela.bitarlan.net/2009/12/17/gmail-posta-kudeaketa-aplikazio-bezala/.
Izan ere, GMailek ezaugarri eta aukera interesgarri eta erabilgarri asko ditu. Haietariko batzuk, gainera, ezkutatuta edo lehenetsita desgaituta daude.
Mezuak sailkatu
Esan daiteke sarrera ontzia dela atalik garrantzitsuena posta elektronikorako aplikazio batean: hor jasotzen dira mezu guztiak. Hala, bada, mezu kopuru handia jaso beharrez gero, oso garrantzitsua da ondo antolatzea sarrera ontzia, mezurik ez galtzeko edo irakurri gabe ez uzteko. Horretarako, GMailek zenbait aukera ematen ditu. Mezuak nabarmentzeko aukerarik garbiena izarrak erabiltzea da. Izarrarekin markatu daitezke maiz kontsultatzen diren mezuak edo zerbait begiratzeke, erantzuteke edo amaitzeke duten mezuak. Ohiko izarrez gain, badaude sei kolore eta bestelako sei marka, guztira hamabi marka, mezuak bereizteko eta nabarmentzeko egoeraren edo kasuen arabera, norberaren irizpideei jarraituta. Aukera horiek gaitzeko, GMail ezarpenetara joan behar da, eta hor Orokorra izeneko atalera joan. Hona hemen lotura: http://mail.google. com/mail/u/0/?ui=2&shva=1#settings.
Mezuak sailkatzeko beste aukera bat etiketak sortzea da. Ezarpenetan, Etiketak delako atalean kudea daitezke etiketak; sortu, aldatu, ezabatu, erakutsi edo ezkutatu ahal dira. Ezkerreko menuan agertzen da sortutako etiketen zerrenda, eta nahi den etiketa sakatuta agertzen dira etiketa horrekin lotutako mezu guztiak. Etiketa zerrendaren azpian, etiketa berri bat sortzeko eta etiketak kudeatzeko loturak agertzen dira. Mezuak era erraz batean etiketa batekin edo gehiagorekin lotu ahal dira. Nahi diren mezuak hautatuta mezu zerrendaren gainean etiketa irudikatzen duen ikonoan klik eginda agertzen da etiketa zerrenda, erabiltzaileak nahi dituen etiketekin lotzeko mezuak. Mezuak ere arrastatu eta jaregin daitezke etiketetan. Horretaz gain, azpi-etiketak ere sortu ahal dira, hau da, etiketa hierarkia bat sor daiteke. Etiketak ere kolore ezberdinekin bereiz daitezke, azkarrago eta errazago identifikatzeko.
Adierazle pertsonalak gaituz gero, mezuen aurrean >> edo > ikurrak agertuko dira, bakarrik erabiltzaile horri bidalitako mezua dela eta erabiltzaile horri eta beste batzuei edo posta zerrenda bati igorritako mezua dela adierazten dute hurrenez hurren.
Itxura aldatu
GMailek bistaratzearen trinkotasuna hautatzeko hiru aukera ematen ditu: arrunta, xehatua eta xehatuena. Ezaugarri hori aldatzeko posta zerrendaren gainean dagoen gurpilean klik eginda agertzen dira hiru aukera horiek.
Bestalde, GMailen lehenetsitako itxura zatarra irudituz gero, ezarpenetik alda daiteke konfigurazio hori. Bertan, Gaiak delako atalera joan behar da, eta hor hainbat gairen artean hautatzeko aukera ematen du. Hiru multzotan sailkatuta daude gaiak: kolore gaiak, gai klasikoak eta bereizmen handikoak. Azken horiek atzealdeko irudiak eskaintzen dituzte, gainera. Batzuetan gai generikoa da; Mendia edo Hondartza, adibidez. Eta GMail bera aldatuz doa atzealdeko argazkia erabiltzailea konektatzen den bakoitzean.
Laster teklak
Mahaigaineko aplikazioen antzera, GMailen ere laster teklak erabiltzeko aukera dago. Laster teklak gaitzeko, ezarpenetan Orokorra atalean laster teklak aukera aktibatu behar da, lehenetsita desgaituta datorrelako. Ondoren, Lasterbideak atalean ikusi eta alda daitezke dauden laster teklak.
Adibidez, c tekla sakatuta, mezu berri bat idazteko leihoa irekiko da. Laster tekla zerrendan erakusten ez bada ere, oso praktikoa da Tab+ Enter teklen konbinazioa. Lasterbide hori erabiltzen da mezua bidaltzeko, eta saguarekin Bidali botoian klik egitea baino askoz azkarragoa da.
Zibergela
GMailen sarrera ontzia antolatzeko aukerak
Posta aplikazioen atalik garrantzitsuenetarikoa da sarrera ontzia, hor jasotzen direlako mezu guztiak; GMailek zenbait aukera ematen ditu jasotako mezu zaparrada ondo antolatzeko eta sailkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu