Bilborekin lotura zuzena duen pertsona, eta zerbaitegatik ezaguna izan dena. Horixe da Bilbon txirene izateko bete beharreko baldintza. «Pertsona bereziak izan ohi dira, bizi propioa izan dutenak», azaldu du Ana Reka BilbaoHistorikoko koordinatzaileak. Bilboko hogei txireneen ilustrazioak biltzen dituen erakusketa zabaldu berri dute San Frantzisko kalean dagoen lokalean, eta otsailera arte egongo da zabalik. Pertsonaien artean daude La Otxoa, Fito, Pitxitxi, Don Claudio, Hernani kaleko herrena eta beste hainbat. «Pertsonaia horien bidez balio edo historia batzuk berreskuratu eta plazaratu nahi izan ditugu», Rekak adierazi duenez.
Hiriburuko pertsonaia ezagunen ilustrazio horiek guztiak marrazkilari bilbotar entzutetsu baten eskutik etorri dira: K-Toño Frade. Urtetan Bilboko ohitura ugari biltzeko lanean aritu da, eta BilbaoHistorikoko Txireneak izeneko erakusketa ere haren ekimenez iritsi da. «Hizketan hasi ginen behin, aipatuz nola Bilbo alde historikoan bazirela hainbat pertsonaia, eta horien inguruan zerbait egitea merezi zuela adierazi zuen Fradek», azaldu du Rekak. Esan, eta izan. Hortik abiatuta, Frade bilketa lana egiten hasi zen; pertsonaia horien inguruko ikerketa eginez, fisikoki nolakoak ziren jakin ahal izateko. Horren guztiaren emaitza da erakusketa.
Pertsonaia horien lana eta oroimena lantzea beharrezkoa dela uste du Rekak. Izan ere, askok ez dakiten arren, Licor del Polo hortzetako pasta asmatu zuen Julio de Orivek Askao kalean zuen farmazian, eta bertan hasi zen saltzen, esaterako. Eta Don Claudio San Anton elizako elizgizona frankismo garaian Bilbon euskaraz meza ematen zuen apaiz bakarrenetarikoa zen. Horren ondorioz, hainbat buruhauste izan zituen gainera. Txirene horien guztien ilustrazioak, bakoitzari buruzko azalpen batekin eta kasuan kasuko abestiekin lagunduta daude erakusketan, pertsonaia bakoitzaren nondik norakoak ezagutzeko. «Txirene askok dituzte eurei eskainitako abesti propioak».
Ilustrazio eran ekarri dituzte hogei txireneak erakusketara, eta karikaturak ez diren arren, badute estilo horretatik hainbat elementu. Bakoitzaren aurpegiak errealistak dira erabat, baina testuingurua karikaturetatik dator. «Bakoitzaren bizitzarekin zerikusia duten elementuak jarri dizkie bakoitzari, era komikoan batzuetan».
Hirian hedatuz
Erakusketa otsailera arte egongo da BilbaoHistorikoko lokalean, «eta arrakasta edukiz gero, luzatu ahal izango litzateke». Baina pertsonaia horiek ez dira bertan bakarrik ikusiko. Hiriko hainbat gunetan panel batzuk jartzeko asmoa dute, txireneen aurpegian zuloa izango dutenak, unean uneko bisitariak bertan burua sartzeko. Horietako bat erakusketan bertan jarri dute. Gisa horretan lehiaketa batean parte hartu ahal izango da, eta panel bakoitzarekin ateratako argazkiak bidaltzearekin nahikoa izango da parte hartu ahal izateko.
Horretaz gain, hogei txireneen marrazkiak biltzen dituen egutegia ere kaleratu dute, eta dagoeneko bigarren edizioa ere kaleratu dute. «Jendea gustura ikusten ari da erakusketa, eta bati baino gehiagori oroitzapenetarako bidea ere eman dio», adierazi du Rekak.
Gogoratzeko marrazkiak
Bilbotar peto-petoak izan diren eta diren hogei pertsonaia ezagunen erakusketa zabaldu berri dute BilbaoHistorikoko lokalean, txireneen memoria ez ahazteko asmoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu