Goi menditik lautadara

Geografikoki gertu egonagatik, paisaiari erreparatuz gero urrun daude Moncayo eta Bardeak. Rufo Ganuzak eta Alicia Sanzek biak bildu dituzte liburu batean.

Erosioak eragindako harrizko artelanak daude Bardeetan. BERRIA.
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Naturak bizi ditu Rufo Ganuza eta Alicia Sanz. Haurrak zirenetik aritu dira erliebea, fauna eta flora arakatzen; jolasean umeak zirela, eta urteetan ezagututakoak idatzietan bildu eta ezagutarazten azken urteotan. Dagoeneko zazpi gida-liburu argitaratu dituzte, eta azkenak egunotan ikusi du argia: El Moncayo y las Bárdenas. Ebro ibaiak banatzen ditu bi gune horiek, eta geografikoki gertu dauden arren, paisaiari eta erliebeari erreparatuz gero oso urrun daude. «Aberastasun handia dago Euskal Herriaren hegoaldean, eta mendizaleok ahaztu egiten dugu inguru hura, Pirinioak, Aizkorri eta Aralar ditugulako jomuga. Aniztasun horri omenaldia egin diogu liburuan, hori ezagutaraztea garrantzitsua baita», dio Ganuzak.

Aspaldikoa zuten inguru hartako ibilaldiak bilduz liburu bat osatzeko asmoa, eta duela urte eta erdi jarri ziren lanean. Ibilbideak prestatu eta irteerak osatu, oharrak hartu, argazkiak atera, mapak txukundu eta prestatu, testuak idatzi, ibilbideetara itzuli eta oharrak errepasatu; lan handia du atzean gida bat osatzeak. Azkenerako, 22 ibilbide bildu dituzte: 15 Moncayon, eta 7 Bardeetan. «Beti saiatzen gara ibilbide ezezagun eta argitaragabeak biltzen. Moncayora igotzeko bide normala ez dugu asmatuko, noski, baina saiatu gara ibilbide zirkular bat proposatzen». Ibilaldi bakoitzaren azalpen zehatzak bildu dituzte idatziz, eta mapa eta argazkiz lagunduta, azalpen horiek indartu eta dotoretu dituzte.

«Moncayo ez da Euskal Herria, baina ezinbesteko erreferentzia da Erriberako herritarrentzat. Goi mendiaren ezaugarriak biltzen ditu: hiru glaziarren arrastoak eta pagadiak, besteak beste. Bardeak, aldiz, ez dira mendiak, lautada baten hondarrak baizik; basamortua ere bada. Ez dira mendiak, baina bai erosioaren ondorioek utzitako harrizko artelanen lekuko. Ezustekoa hartuko dute ezagutu ez eta joaten direnek», argitu du mendizaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.