Landsat sateliteek milioika argazki atera dizkiote Lurrari urteotan. Lehen Landsat-a 1972 orbitaratu zuten eta azkena, Landsat 7a, 1999an. Egun, azken hori, zenbait arazo teknikorekin, eta Landsat 5 daude soilik lanean. Landsat 6a ez zuten orbitaratzea lortu (1993an). Biek 705 kilometroko altueran orbitatzen dute Lurra, eta 16 bat egun behar dituzte lurrazal osoa eskaneatzeko.
Sateliteok sekulako ekarpena egin diote zientziari, Lurra beste perspektiba batetik ikusteko aukera eskainiz. Klima aldaketa behatzeko erabili dira haien irudiak, eta beste hainbat arloetarako ere: nekazaritza, kartografia, geologia, hezkuntza... Eta bai, baita AEBetako nazio segurtasunerako ere. NASArenak dira sateliteak baina haiek bidalitako irudi eta datuak AEBetako Geologia Behatokiak (US Geological Survey) jasotzen ditu.
Eta erakunde horrexek hilaren 11n Earth as Art (Lurra Arte moduan) argazkien hirugarren bilduma aurkeztu zuen. Aurrekoetan moduan, oraingoan ere, Landsat sateliteek ateratako argazkietan euren ustez ederrenak direnak bildu dituzte, behingoagatik argazkiok eskaintzen duten informazioa aintzat hartu gabe. Jakina, argazkion ikusgarritasuna sateliteetako sensoreen ikuspegiak areagotzen du. Esan nahi baita, sensoreek ez dute argia gizakiok ikusten dugun moduan ikusten; gorri, berde, urdin eta infragorri bandatan baizik. Banda edo uhin-luzera ezberdinak irudi bakarrean konbinatuz, lurrazalaren soslai eta patroi ikusgarriok lortzen dira.
Gotland uhartea, Suedia. 2005eko uztailaren 13an hartua. Landsat 7. Van Goghen pintura baten antza du espaziotik ateratako argazki honek. Itsaso Baltikoan dagoen Gotland uhartea inguratzen duten ur ilunetan, fitoplankton berdetsuen bilgune masiboak ikus daitezke. Ozeanoetako elikagai katearen lehen maila osatzen du fitoplanktonak. Korronte sakonek eguzki argitako uretara elikagaiak ekartzen dituztenean landare mikroskopiko horien hazkunde eztanda sortzen dute.
Iguidi 'erg'-a, Aljeria. 1985eko apirilaren 8an hartua. Landsat 5. Hori kolore apaleko lerroak haizeak astintzen dituen hondar gailurrak dira, Aljeriatik Mauritanian barrena, Afrika ipar-mendebaldean, etengabe mugitzen diren dunetan. Basamortuan, Saharan esaterako, dunek hartzen duten eremu zabalei deitzen zaie erg.
Mississippi ibaia, AEB. 2003ko maiatzaren 28an hartua. Landsat 7.Hiri, soro eta larreak nahaspilatzen dira Mississippi ibaiaren inguruan. Meandro eta gorabeherak kontaezinak dira ibaian Memphis (Tennessee) hegoaldea iristean. Mississippi Ipar Amerikako ibai luzeena da.
Txaunskaya badia. Errusia. 2005eko ekainaren 15ean hartua. Landsat 5. Urdin biziz ageri da Txaunskaya badia; Siberiako ipar-ekialdean dago, eta Ozeano Artikora zabaltzen da. Bi dira hara iristen diren ibai nagusiak: Txaun eta Payavaam. Galdutako glaziarrek margotutako paisaia zeharkatzen dute biek, aintzira bihurriak eta zingirak sortuz.
Okavango delta, Botswana. 2009ko apirilaren 27an hartua. Landsat 5. Tinta berdeko ontzi bat paper gainera erori dela dirudi. Okavango ibaia milaka bidetan banatzen da, Botswana iparraldean delta osatu arte. Oso deltabitxia da, ez baitu inongo itsasotara ematen. Izatez, Okavango delta Kalahari basamortuaren arroan sortzen du ibaiak, lehorte garaian ere ura izaten duten aintzira eta kanalak osatuz.
Byrd glaziarra, Antartika.2000ko urtarrilaren 11n hartua. Landsat 7. Urteko 0,8 kilometroko abiaduran, Mendi Transantartikoak gurutzatzen ditu Byrd izotz ibaiak. 180 kilometrotik gorako luzera du glaziarrak, eta goi ordoki polarretik (ezkerrean) Ross izotz plataformara jaisten da. Gorriz, harri biluziak.
Gatz Basamortu Handia, Iran. 2003ko otsailaren 10ean hartua. Landsat 7. Dasht-e Kavir, Gatz Basamortu Handia da Irango desertu handiena; 77.000 kilometro koadro ditu. Ubide lehorrak, goi ordoki hutsak, padurak eta gatzagak nahasten dira goitik begiratutako paisaian. Ez da inor bizi muturreko beroak eta ekaitz indartsuak ohiko diren eremu horretan.
Mendi Harritsuetako lubakia, Kanada. 2004ko otsailaren lehenean hartua. Landsat 5. Mendi Harritsuek Montanatik (AEB) Yukon hegoalderaino (Kanada) luzatzen den lubakia osatzen dute. Eguzki apalarekin, ibar hondoan biltzen diren lainoak gorriz ikusten dira argazkian.
EZARIAN. ZIENTZIA
Goitik begira
Landsat 5 eta Landsat 7 sateliteek Lurrari hartutako argazki ederrenen hirugarren bilduma plazaratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu