Auzolana eredu denon Aste Nagusian aurtengo leloarekin, azken bederatzi urteetan auzolanean aritu diren guztiak omendu nahi izan dituzte piratek aurtengo jaietan, eta adibide berberari jarraiki, lanean hasi ziren atzo milaka haur, gazte nahiz heldu goizean goizetik. Urtetik urtera gorantz doa parte hartzaileen kopurua, eta atzokoa inoiz baino jendetsuagoa izan zen, 500 txalupa inguru erregistratu baitziren abordatzean parte hartzeko, iaz baino 150 gehiago.
Lehen piratak 08:00etan heldu ziren kaira, arratsaldean Donostia abordatzeko txalupak prestatzen hasteko. Ordu eta erdiko tartea izan zuten horretarako, baina batzuek denbora gehixeago behar izan zuten. «Abordatzean parte hartzen dudan lehen aldia da. Ez geneukan ezer pentsatuta, eta kosta egin zaigu txalupa muntatzea. Antolakuntzarekin harrituta geratu gara, beren laguntzari eskerrak lortu dugu azkenean zerbait egitea; ea arratsaldean Kontxara iristea lortzen dugun. Azken batean, helburua ongi pasatzea da. Dena den, hurrengo urtean hobeto egin beharko ditugu gauzak», zioen Haritz Gorosabel donostiarrak.
Jende kopurua zela eta, aurten ere lau txandatan banatu behar izan zuten kaia, eta berritasun modura, txalupa bakoitzeko arduradun bat aukeratu eta erregistro gunean pultsera bat eman zioten. Galbahetik pasatzeko nahitaezkoa zen pultserarekin joatea.
Horrez gain, antolakuntzak ohiko poltsak jarri zituen salgai, baita paleak ere, lehengo urtean ehunka pale lapurtu baitzizkien arrantzaleei. Urtero legez, egurra izan zen piratek gehien erabilitako materiala, bidoi edota toxikoak izan daitezkeen materialekin egindako txalupak ez baitituzte onartzen galbahea pasatzerakoan.
Amaia Insausti zarauztarrak, berriz, karpa handiaren arrakasta azpimarratu nahi izan zuen: «Karpa handia jendez gainezka egon da azken bi egunetan, eta tabernetan lasaiago egon zaitezke orain, jendea sakabanatuago baitago. Urteak daramatzat abordatzean parte hartzen, eta jende guztia animatzen dut gauza bera egitera, uretan egoteak ez baitu zerikusirik ikusle soil izatearekin. Gero bazkaltzera joateko asmoa ere badugu; irrikan gaude arratsaldeko bostak noiz iritsiko».
Txalupak amaitutakoan gose ziren guztiek ohitura bihurtu den bazkarira joateko aukera izan zuten. 14:00etan egin zen, kaian, eta bertan ere lagun ugari bildu ziren.
Inoiz baino nabarmenago geratu zen, beraz, kaia piraten gune naturala dela, baita abordatzea Aste Nagusiko ikur nagusietako bat bihurtu dela ere.
Ez da harritzekoa, beraz, Aratz Trecet Donostiako piraten bozeramailea pozik agertu izana: «4.000 edo 5.000 pertsona inguru bildu gara, iaz baino dezente gehiago. Gainera, larunbat nahiz igandean karpa handia jendez gainezka egon da egun osoan, eta, beraz, orain arteko balorazioa guztiz positiboa da, jendea oso gustura dago».
Goizean goizetik auzolanean
Abordatzerako 'txalupak' prestatzeko, goiz jaiki behar izan zuten atzo piratek. 500 'txalupa' inguru erregistratu ziren, iaz baino 150 gehiago, eta argi utzi zutem piraten gune naturala kaia dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu