KOMUNIKAZIOA. Ekografiak

Gonbidatuen indarra

Jokin Labaien.
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
IazETB1ek Kalaka saioan hasitako bideari eutsi nahi izan dio aurten ere. Horretarako, Xabier Euzkitze eta Joana Lasheras kazetariak jarri ditu aurkezle gisa Anitzele-n. Aurkezpenean, eztabaidak eta elkarrizketak izango zirela aurreratu zuten. Hala da, eta aitortzen dut elkarrizketek harritu nautela ni eztabaidek baino gehiago.

Izan ere, gero eta gutxiago erakartzen naute gaur egungo telebistako eztabaidek. Izena zein izana dela medio, kolaboratzaile finkoak izan ohi dira mahaiaren inguruan jorratu beharreko gaia dena delakoa ere. Eta horiei gai bakoitzean aditu den norbait erantsi arren, zaila da astero-astero errepikatzen diren aurpegiei sinesgarritasuna ematea. Inor ez baita aditu gai guztietan. Inor ez orojakile.

Agian, arrazoi horregatik ez dut oraindik Anitzele hasi eta buka ikusi. Saioaren hasiera da jarraitu izan dudana, elkarrizketen tartea. Indartsua iruditzen zait. Aurrez egin behar diren lanak ongi betetzen dituztela iruditzen zait. Inoiz baino hobeto. Denboraldi berrian, Julian Iantzi, Barbara Goenaga, Gorka Otxoa, Juan Mari Arzak, Anjel Lertxundi, Xabier Saldias, Aimar Olaizola, Anne Igartiburu, Joseba Llorente, Jose Luis Korta eta Amaia Zubiria eseri dira, oraingoz, gonbidatuen aulkian. Ez dira izen ahulak. Ziur asko, ez dira saio asko, astero-astero halako ibilbidea duen pertsonaia bat platora eramatea lortu dutenak. Aldez aurretik lanik zailenetako bat eginda izatea dakar horrek: ikus-entzuleak erakartzea. Ni ere erakarri izan naute.

Gero, noski, eutsi egin behar zaio erakarpenari. Ez da erraza, ikus-entzuleak orotarikoak baitira. Bi bide urratzen ari dira hori lortzeko. Batetik, gonbidatuaren unean uneko egoeratik edo proiektuetatik abiatu arren, haren urteetako ibilbidea errepasatzea. Egokia iruditzen zait. Salbuespenak salbuespen, joko gehiago ematen du eta. Bestetik, elkarrizketatuarengana ahalik eta gehiena hurbildu eta, ohiko elkarrizketa zurrunetik aldentzeko, elkarrizketatzaile gonbidatuak txertatzea. Hiru izaten dira aldiro, Xabier Euzkitzez gain. Dena den, azken erabaki horrek badauzka bere arriskuak. Beti asmatzea zaila da. Ez baitira guztiak gonbidatua hurbiletik ezagutu eta galdera egokiak egiteko gai direnak. Baina badakar aberastasuna ere. Badauzkat arriskuak arrakasta bihurtu zituzteneko adibide pare bat buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.