Google liburu elektronikoen negozioan murgildu da

AEBetako saltoki eta editoreekin elkarlanean, plataforma irekia sortu du, liburuak edozein gailutan eskaintzeko

Mikel Carramiñana.
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Bilaketak, posta elektronikoa, itzultzailea, blogak... eta, orain, liburu digitalen saltokia ere bai. Googlek beste urrats bat egin du Interneteko ahalik eta informazio gehien kudeatzeko lasterketa luzean. Bilatzaile nagusiaren etxearen produktua izanik, alabaina, ez dute nolanahiko ataria egin. Google eBooks liburu elektronikoen plataforma irekia izateko sortu dute, eta, horri esker, telefono, tablet, ordenagailu zein liburu irakurgailuekin bateragarria da.

Eredu berritzailea ezarri nahi du enpresak liburu elektronikoen kontsumorako. Erabiltzaileek Gmail kontua aski izango duteatarian sartzeko, eta, Android eta iOS sistemetarako -iPhone eta iPad ezagunek darabiltena, alegia-, aplikazio bereziak egingo dituzte. Telefono adimendun batean autobus bidaian irakurtzen hasitako liburua etxeko ordenagailuan irakurtzen jarraitu ahal izango da, eta aplikazioak zenbatgarren orrian utzi den gogoraraziko du.

Espero baino hilabete geroago aurkeztu du Googlek bere proposamen berria, eta, gainera, oraingoz AEBetan bakarrik dago martxan. Hasiera batean, 3,3 milioi liburu baino gehiago eskainiko ditu, gehienak doakoak eta beste 300.000 jabetza eskubidedunak dira. Berez, Interneteko erraldoiak ez ditu argitalpenak zuzenean salduko; liburu editoreen edo sareko liburu denden webguneetarako loturen bitartez erosi beharko dituzte erabiltzaileek.

Europako herrialdeetarako, 2011n irekiko dute zerbitzua. Bertoko argitaletxeekin ere negoziatzen ari dira, ordainpeko liburu digitalen eskaintza osatze aldera.

Nexus eta Android berriak

Liburugintza elektronikoaren negozioa irauli aurretik, Googlek sakelako telefonoetarako jauzia ere egin nahi izan du aspaldi. Lehenengo pausoa Android sistema eragilea izan zen, eta, ondoren, Nexus One telefonoa salgai jarri zuen estatubatuarrak. Bata zein bestea gaurkotuko dituela jakin da egunotan.

Batetik, Gingerbread aurkeztu dute, Android sistemaren 2.3 bertsioa. Bigarren berritasuna Nexus S telefono adimenduna da. Lau hazbeteko Super AMOLED pantaila izango du, Ghz bateko ARM Cortex A8 prozesagailua, 512 Megabyteko RAM memoria eta 5 megapixeleko argazki zein bideo kamera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.