ZIBERGELA

Google Wave proiektua, pixkanaka ahultzen

2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
2009ko maiatzaren amaieran Googlek Google Wave proiektua aurkeztu zuen. Interneteko erraldoiak proiektu hau komunikazio baliabideetan iraultzailea izango zela iragarri zuen. Baina denbora pasatu da eta hasierako eztandaren uhina makaltzen eta makaltzen joan da. Aspaldi ez zen berririk entzuten sorreran hainbesteko oihartzuna izan zuen proiektu horretaz. Azken albistea ez zen ona izan, Googlek adierazi baitzuen bertan behera utziko duela garapena proiektu independente gisa, urtea amaitu arte zabalik mantenduko bada ere. Gainera, proiektuaren iturburu kodea irekia izango da, bestelako garatzaileek ere aurrera jarraitu ahal izateko egindako lanetik aurrera.

Googlek berak ere ez du baztertzen garatutakoaren zati batzuk beste proiektuetan baliatzea. Baina, azken finean, non gelditu da iragarritako komunikazioaren eta elkarlanaren iraultza hori eta hainbesteko oihartzuna? Proiektuaz baliatu diren erabiltzaileak, hasiera batean pozik azaldu dira emaitzarekin. Beraz, zein izan da porrotaren zergatia? Porrotaren zio bat izan daiteke hasiera batetik ez dela guztiz irekia izan erabiltzaile guztientzat. Hasiera batean, erabiltzaile gutxi batzuk gonbidatu zituzten erabiltzera, eta gonbidapenen bitartez, uhina hedatzen joan zen, baina ez irauteko abiadura nahikoarekin.

Azkenean, denborarekin, proiektua eta hasierako eztanda hori ahultzen eta ahazten joan da erabiltzaileen artean. Izan ere, horrelako komunikazio baliabideen indarra oso lotuta dago erabiltzaile kopuruarekin eta norberaren ezagunak eta kontaktuak egotearekin.

https://wave.google.com

http://www.savegooglewave.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.