Gora eta bibak ez ziren faltatu, atzo, Lizarrako txupinazoan (Nafarroa). Felix Alfaro kultura zinegotziak ez zuen inor ahaztu nahi izan suziria bota aurreko oihuetan. «Gora Puiko Ama Birjina! Gora San Andres! Gora Lizarra!». Eta bereziki enfasi handia eman zion azken oihuari: «Gora Nafarroa!». Balkoiaren azpian jendetza bildu zen, eguzkitik babesteko txanoa jantzita gehienak. Haiei guztiei bestak ongi pasatzeko gonbita egin zien Alfarok udaletxeko balkoitik. Txupinazoa lehertzearekin batera hasi ziren gaita doinuak, eta udaletxearen aurrean Lizarrako larrain dantza eskaini zuten Ibai Ega eta Larraiza dantza taldeek.
Dantzan hasi zuten batzuek besta, eta zikinkerian itota besteek. Gazte asko bildu zen txupinazora, eta denetarik bota zioten elkarri: irina, tomatea, xanpaina... Haien arropen kolorea agudo aldatu zen, minutu gutxian. Haietariko askok puzgarriak zeramatzaten eskuan. Izan ere, zikindu ondotik ibaian murgildu ziren, garbitzeko asmoz. Garbitzeko asmoz edo.
Txupinazoaren ondotik, musika gailendu zen Lizarrako kaleetan. Arratsaldean Puiren jaitsiera egin zuten, eta haurrek erraldoi eta buruhandien konpartsarekin gozatu ahal izan zuten. Eta aurrerantzean ere txaranga eta fanfarreen doinuek ez dute gelditzeko asmorik. Jo eta ke arituko dira zazpi egunez.
Egitarau oparoa
Gaur ere egitarau oparoa dute lizarratarrek bestez gozatzeko. Goizean aurtengo lehenbiziko behi entzierroa izanen da. 09:00etan zezen plazaraino korrika eginen dute behiek, eta entzierroaren ondotik bigantxak askatuko dituzte. Orotara zortzi entzierro eginen dituzte bestetan. Hain zuzen, asteazkenean eta ostegunean bi entzierro izanen dira, bata egunez eta bestea arratsaldez.
Bestalde, astearteko zekor entzierroa bertan behera geratu da. Udalaren arabera, herritarren «segurtasuna» izan da erabaki hori hartzera bultzatu dituena. Lodosan zezen batek hesia apurtu zuen asteartean, eta 74 urteko gizon bat hil zuen adarkadaz. Gertaera horrek «beldurra» sortu duela esan du udalak, eta, horregatik, zekorrak atera beharrean behiak aterako dituzte, gainontzeko egunetan bezala. Ikusteko dago neurria behin-behinekoa izanen denetz.
Festagiro jai batzordeak ere ekitaldiak prestatu zituen atzo, egun osorako. Goizean herri bazkaria egin zuten, arratsaldean kalejira, eta gauean kontzertuak. Gaur, banatzaile alternatiboen azoka izanen da autobus geltokiaren atzealdean. Gauean, berriz, Bide Bakarra, Kasu eta Itziarren Semeak taldeen kontzertua.
Lizarrako ikastolak Santiago plazan du bere txokoa. Buru-belarri ibiltzen da bestetan, eta haien egitaraua prestatu dute. Goizero salda banatzen dute herritarren artean. Gaupasa egin dutenek eta goiz jaikitzen direnek 08:00etan gosal dezakete Santiago plazako txokoan. Horretaz gain, dantzaldiak ere prestatzen dituzte. Gaurko, adibidez, Dantzari taldearen kontzertua prestatu dute. Garean euskal elkarteak, berriz, laia lasterketa antolatu du 18:30ean; hori ere Santiago plazan izanen da.
Jaiak. Lizarra
Gora eta bibak Lizarrako besten hasieran
Txupinazoarekin batera hasi dira Lizarrako bestak; dantzariek alaitu dute ekitaldia larrain dantzarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu