Aurre-aurretik pasatzen zaie bidea, eta gertutik ezagutzen dute haren jende jarioa. Lehen hilabeteak pasatzerako jakin ohi dute urtea ona edo txarra izango den, baina, diotenez, badira urte batzuk garai txarrik izan ez dutela. Urtea joan eta urtea etorri, gero eta jende gehiagok egiten du Donejakue bidea. Bertatik bertara ezagutzen du igoera hori Jesus Idoatek, Orreagako aterpetxeko prioreak. Udaberria heltzearekin, eta Aste Santuarekin, 200 bat lagun ditu egunero lotan orain. «2010ean honek goia joko zuela uste genuen. Donejakue bidearen urtea ospatu genuen orduan, eta hurrengo urteetan erromes kopuruak behera egingo zuela kalkulatu genuen, baina gora eta gora egin du. Ez dakit zein izango den goia». Ez da Idoateren inpresio soila. Santiagoko Erromesaren Bulegoak ere eman ditu zenbakiak, eta, haien arabera, 2.184 erromes izan dira urteko lehen hiru hilabeteetan ibilaldia han bukatu dutenak. Iaz baino %49 gehiago.
Ahoz ahokoaren eragina nabarmendu du Idoatek. Zaharra da fenomenoa, eta sinplea da haren funtzionamendua: bideari buruz mintzo dira bidea egin dutenak, eta hala ugaltzen dira erromesak. Liburuen oihartzuna ere aipatu du Orreagako aterpetxeko arduradunak. Dioenez, literaturaren arabera irakur daiteke bideko jende jarioa. «Paulo Cohelo idazleak Donejakue bideari buruzko liburua kaleratu zuen urtean, sekulako brasildar pila izan genuen. Orain bi urte, berriz, finlandiar andana izan zen. Bideari buruzko serie bat egin zuten hango telebistan urte hartan, eta hari esker izan zuten askok bidearen berri. Azkenaldian korearrak hasi dira etortzen». Koreerara itzuli omen dute orain ez asko Coheloren liburua.
Asko dira fedeak bultzatuta bidea egiten dutenak. Langabeziak ere edukiahal izan du eraginik, ordea, erromes kopuruaren igoeran, Idoatek aitortzen duenez. «Lanik gabe dagoen jende asko dago. Zaila da bidea egiteko 30 egun hartu ahal izatea lanean dagoen norbaitentzat. Litekeena da langabezian dagoen jende askok Santiagora joatea erabakitzea, beren buruei egindako promesa gisa, edo gaixo dagoen norbaiten osasunaren alde». Zaila da, hala ere, erromesaldiaren kausak zehaztea. «Argi dagoena da erromesaldien kulturak indarra hartu duela berriz ere. Hiru erromesaldi gune nagusi daude munduan: Lur Santura, Erromara eta Santiagora. Gora doa Santiagorakoa urtez urte».
Gero eta unibertsalago
Tradiziora jotzen du Javier Camañok bidearen egungo egoera azaltzeko. «Bazen esaera zahar bat lehen: Donejakue bidea, Europako bidea. Europa osoko jendea ibiltzen zen bidean, baina orain gero eta urrunagotik etortzen dira erromesak, eta, martxa honetan, aldatu egin beharko dugu esaera: Donejakue bidea, unibertsala den bidea». Lizarrako erromesen aterpeko arduraduna da bera, eta baita Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteko kide ere. 50 urte bete ditu aurten taldeak, eta, horregatik, ospakizun gisa, bidea oinez egitea erabaki dute 74 kidek. Okerrik ezean, igandean helduko dira Santiagora, eta, beraz, bidetik bertatik mintzo da Camaño bideaz. Ezagutzen du sasoiz sasoiko jende jarioa, eta orain dator urteko lehen kolpea, dioenez. «Urte osoan izaten da jendea bidean, baina udaberrian erromes kopuruaren igoera nabarmena izaten da, eta Lizarrako aterpean jadanik igarri dugu hori».
Gorantz doan bidea
Udaberrian gora egiten du beti Donejakue bidean erromes kopuruak, baina aterpeetako arduradunek inoiz baino jende gehiago sumatu dute urteko lehen hilabeteetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu