Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, euskal liburuaren irakurketa publikoa egitea ohitura bilakatu da Iruñeko Biurdana Institutuan. Bernardo Atxagaren Obabakoak hautatu zuten lehen ekitaldian; atzo, berriz, Pako Aristi idazlearen (Urrestilla, Gipuzkoa, 1963) lanetako testuak irakurri zituzten.
Egungo idazleen eta klasikoen lanak txandaka entzuten dira Biurdana Institutuko areto nagusian urtero. Sendo dagoen ohitura da. Ez alferrik, atzo hamahirugarren aldia egin zuten. «Zorioneko zenbakia da guretzat. Jende ugari eta ezagun asko bildu garelako euskal testuak irakurtzera. Gizarteari begira, gure ikastetxea euskal literaturaren bozemaile bihurtzea lortuko dugu», azpimarratu zuen Javier Mangadok, institutuko zuzendariak. Ikastetxean DBHko eta batxilergoko lehen eta bigarren mailetako 559ikasle daude, eta maila guztietako neska-mutilen ordezkaritza handi batek parte hartu zuen irakurketan, txandaka. Hainbatek hitza hartu zuten ikaskideen aurrean. Gainontzekoek entzule lana bete zuten. Gutxi batzuk aurkezle lanetan aritu ziren, arrosak eta musuak banatzen irakurketara gonbidatu zituztenen artean.
Izan ere, Biurdanako irakurketa publikoak aukera ematen dio institutuari haien eta kanpoko euskaldunen arteko harremanak estutzeko. Horregatik, ikastetxeko ikasleak ez eze, beste lagun batzuk ere aritu ziren irakurtzen, tartean pertsona ezagunak. Irakurketan izan ziren, besteak beste, Pello Lizarralde eta Santi Leone idazleak; Nestor Salaberria Sortzen-eko kidea; Josu Jimenez Nafar Ateonoko ordezkaria; Mikel Idoate eta Peio Martinez de Eulate pilotariak; Andres Iñigo euskaltzaina; Itziaz Benede eta Txari Eleta kazetariak; Xabier Silveira bertsolaria; Iñigo Astiz BERRIAko kazetaria eta idazlea; eta omendutako idazlea bera, Pako Aristi.
Sei orduko lana
Irakurketa saioa goizeko zortziak eta laurdenetan hasi zen, eta sei ordu iraun zuen, arratsaldeko ordu biak eta laurdenak arte. Denbora horretan, Pako Aristiren ondoko lanetatik aukeratutako testuak irakurri zituzten jendaurrean: Din dan don… kanpai lapurrak non?, Txabola terapeutikoa, Benetako lagunen aterbea, Auto-stopeko ipuinak eta Kcappo. Irakurketa Belen Urteaga guraso elkarteko amak hasi zuen. «Horrela daudela, ateko txirrina entzun da...» izan zen irakurri zuen lehen esaldia.
Haren atzetik hamaika lagunek hartu zuten hitza. Batzuk testua gainetik kendu nahian bezala ibili ziren, bizkor-bizkor eta arnasa hartu gabe irakurtzen. Horietakoa izan zen Mikel Idoate pilotaria. «Hau pilotan aritzea baino zailagoa da», zioen lana bukatutakoan irribarre eginez. Peio Martinez de Eulate pilotari eta Iruñeko zinegotziari ere kostatu zitzaion testuan sartzea. «Iruñeko udal batzarretan hitz egitea baino zailagoa da hau», esan zuen arnasa hartuz. Beste batzuk, berriz, gozatuz aritu ziren, irakurtzen zutena sentituz, tartean Pako Aristi, omendutako idazlea bera.
Azkenaldian idatzitako hiru poema irakurri zituen Aristik. Oraindik argitaratu gabe daude, solte daude,baina noizbait poesia libururen batean irakurri ahal izanen dira. Poema horietako bat oso periodistikoa dela aitortu zuen, gainera. «Albisteak hartu eta horien inguruan egindako gogoetak dira. Azken albisteen harira idatzitako urgentziazko poema bat». Albisteen inguruko esaldi luzeak eta gogoeta telegrafikoak irakurri zituen adi zituen ikasle gaztez betetako aretoan. Beste bi poemak espiritualagoak izan ziren, isiltasunari eta heriotzari buruz esaten diren gauzen inguruan idazleak idatzitako gogoetak.
«Maratoi bat da hau»
Biurdana Institutuaren ekitaldiarekin oso gustura zegoen Aristi. «Oso polita iruditzen zait. Harrigarria da. Uste dut Euskal Herrian ez dagoela horrelako besterik», zioen pozik. Irakurketa ongi aski deskribatu zuen idazle gipuzkoarrak. «Maratoi txiki bat da. Hainbat pertsona zure testuak sei orduz irakurtzen aritzea harrigarria da». Aristi hamaiketan iritsi zen ikastetxera, eta irakurketa bukatu zen arte ikasleen artean eserita adi egon zen bere testuak nola irakurtzen zituzten entzuten. «Entzuten ari zaren guztia zuk idatzitako testuak dira. Garai ezberdinetan idatzitakoak. Denboran bidaia bat egitea bezala da, zulo beltz batean sartzea bezala da». Bere liburuetako testuak nola ahoskatzen eta interpretatzen diren ikustea «polita» da idazlearentzat. Jendaurrean hitz egitearen eta komunikatzen jakitearen balioaz ere mintzatu zen Aristi. «Komunikazioaren gizartean bizi gara. Publikoaren aurrean agertzen eta egoten jakitea oso garrantzitsua da. Zure ideiak komunikatzen jakitea eta adieraztea ezinbestekoa da».
Gorazarre literatur irakurketari
Iruñeko Biurdana Institutuan Pako Aristi idazlearen testuak irakurri dituzte jendaurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu