Gorbeialdera neguko aterpe bila

Iberiako Penintsulan sekula egon den negu txonten multzorik handiena ikus daiteke egunotan Gorbeialdean. Ia bi milioi hegazti etorri dira gure ingurura, negua pasatzera

edurne begiristain
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Gorbeialdeko zeruari begira daude azken egunotan ornitologo ugari. Txundituta daude, handik eta hemendik hegan dabiltzan bisitari berriei so.Izan ere, bi milioi txori inguru Europako iparraldetik Euskal Herrira etorri dira negua igarotzera. Orain arte ezaguna den negu txontaren etzalekurik handiena sortu da Gorbeialdean, Bizkaia eta Araba arteko mugan. Iberiako Penintsulan inoiz egon den gisa horretako txori multzorik handiena dago gurean.

Aurrean duten ikuskizuna sinetsi ezinik daude adituak. «Historikoa» da egunotan Gorbeiako zeruak eskaintzen duen ikuskizuna, Gorka Belamendia ingurumen teknikariaren esanetan. Eskandinaviako eta Siberiako negu gorritik ihesi etortzen dira txontak Europa hegoaldera, janari bila. Txori txikiak dira, txolarreen antzeko neurrikoak, baina koloretsuagoak eta askoz ere «ederragoak». Gorbeialdean pagatxa ugari dago aurten, eta horren bila etorri omen dira txoritxoak. Multzo txikitan iritsi ohi dira ingurura, ehun edo berrehun inguruk osatutako taldeetan, baina sekula ez da etorri halako talde handirik, Belamendiak dioenez. Hortaz, ez da harritzekoa egunotan Gorbeialdera negua pasatzera etorri den txonta talde erraldoiak horrenbesteko ikusmina sortu izana.

Adituak dagoeneko hasi dira hegaztiak gertutik aztertzen. Lehenetarikoa izan da Jose Angel Isasi Aranzadi zientzia elkarteko kidea. Berak ikusi zituen aurrenekoz txontak mendi gainetik hegan, eta segituan pasatu zien abisua beste lankideei. Hala, Euskal Herri osoko aditu talde bat Gorbeialdean etzalekua sortu duten hegaztien errolda egiten ari da egunotan. Kopuru zehatza jakitea nekeza denez, txorien hegaldiak grabatzen ari dira, gutxi gorabeherako kopurua ateratzeko. Bi milioi inguru egon daitezkeela ondorioztatu dute orain arte egindako azterketen arabera. Halaber, txonten tamaina, pisua eta bestelako ezaugarriak ezagutzeko, txoriei eraztunak jartzen ari dizkiete.

Hegaldiak eta zarata

Goizez eta arratsaldez ikus daiteke negu txontak arrapaladan zerua igarotzen. Arin-arin ibiltzen dira leku batetik bestera, txioka.Belamendiak azaldu duenez, goizean etzalekutik ateratzen direnean, «modu ordenatuan» egiten dute, zeruan marrazkiak irudikatuta. Lo egitera itzultzen direnean, berriz, «banatuagoak» hegan egiten dute, «erotuta» bezala. Zerua aise betetzen da puntu txikiz, segundoro mila txori irteten baita mendietako zuhaitzetatik. Hortaz, zarata ere, izugarria da. «Erreka emaritsu baten soinuaren antzekoa da egiten dutena», dio Isasik. «Izugarria da».

Adituek ez dakite zenbat denbora emango duten txontek Gorbeialdean. «Ohikoena litzateke otsailera arte hemen egotea, baina ez dago jakiterik. Eguraldi aproposa egiten badu, hemen geratuko dira», dio Isasik.

Bitartean, txoriek eskaintzen duten ikuskizunaz gozatzeko aukera dago. Naturazaleentzatgozamena izaten ari da. «Ohituta gaude halako irudiak telebistatik ikustera, baina hemen egotea izugarria da», dio Aranzadi elkarteko kideak. Naturaren «alderik basatiena» begi aurrean izatea «hunkigarria» dela aitortu du Belamendiak. Haren ustez, «bizitzan behin ikusi beharreko ikuskizuna» da Gorbeialdean dagoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.