Gorenak: upategi osoarentzako kalitate bermea

Euskal sagarraren egoera iraultze aldera, sagastiak homologatzen jarri du indarra Sagardo Mahaiak

Gipuzkoako hamahiru sagardotegik kaleratuko dute sagardoa Gorenak zigilupean. JON URBE/ ARP.
Adrian Garcia.
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Sagardo Mahaia osatzen duten Gipuzkoako hamahiru sagardogilek Gorenak zigilupean merkaturatuko dute euren sagardo guztia. Jadanik ikus eta eros daitezke ohiko saltokietan Gorenak zigilupeko botilako sagardoak. 6 milioi litro merkaturatuko dituzte aurten, Euskal Herrian egiten den sagardoaren %50 inguru, baina horietatik euskal sagarra zenbat erabili den esateko goiz dela esan dute Josu Esnal eta Miguel Mari Lasak, Sagardo Mahaiko bozeramaileak eta presidenteak, hurrenez hurren.

Bermea upategi osoari zabaltzea da eusko labelarekin duen bereizketarik nagusiena. Bertako sagar homologatu guztia erabili ondoren ekoizpena osatzeko kanpoko sagarrak erabiliko dituzte. Sagardoa ekoizteko erabiliko den sagar guztia izango da kalitatezkoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo die sagar horiei analitika ofiziala, Fraisoro laborategian. «Gu ez gara izango jokalari eta epaile aldi berean», esan du Miguel Mari Lasak. Foru Aldundiko teknikariek izango dute, beraz, sagardoak kalitate parametroak betetzen dituen ala ez erabakitzeko azken hitza.

«Guk hasieratik upategi osoaren aldeko apustua egin dugu», aitortu du Miguel Mari Lasak. Lasaren irudiko, upeltegiaren bereizketarekin bertako sagarra ez da indartzen. «Sagardogile batek bi upel besterik ez baditu egiten bertako sagarrekin, eta gainontzekoekin bere sosak ateratzen baditu, ez du zertan bertako sagarra indartzeko motibaziorik».

Gorenak zigilupean ekoizteko bertako sagarrak erabiltzea ezinbestekoa ez bada ere, sektorearen etorkizuna ziurtatzeko bertako sagarra sustatu beharra dagoela pentsatzen dute Sagardo Mahaiko kideek. «Sagarraren hil edo bizikoa errentagarritasunaren baitan dago. Errentagarria izateko, kalitatezkoa eta zuhaitz bakoitzeko ekoizpena handitu behar da», azaldu du Josu Esnalek. Hori lortze aldera sagastiak homologatzen jarri dute indarra Gorenak zigilupean merkaturatuko duten sagardogileek, etorkizuneko ekoizpena ziurtatuko duelakoan.

Urtetik urtera gero eta sagasti homologatu gehiago egongo direla aurreikusten dute Sagardo Mahaiko kideek. «Guk homologatutako sagastietatik landatzen den sagar guztia erosteko konpromisoa hartu dugu, gure beharrak bete arte, eta besteei baino bi zentimo garestiago», esan du Lasak. «Hori da baserritarra animatuko duena sagardogileentzat sagarra landatzera», dio Esnalek.

Gipuzkoako Aldundiaren babesa du Gipuzkoako hamahiru sagardogilek aurrera eraman duten Gorenak marka pribatuak. Sagardogileek hasitako hausnarketa prozesuak aldundiaren babesa izan zuen hasieratik, Rafael Uribarri Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa eta Ingurumen diputatuak azaldu duenez. Plan estrategiko horretan epe batean sagardo guztia bertako sagarrekin egitea aurreikusten zen, beti kontutan izanda upategi osoko sistema izango zela. Eusko Jaurlaritzak dagoen sagarrarekin kalitatezko sagardoa egitea eta merkaturatzea bultzatu zuenean sektorean etendura gertatu zela esan du Uribarrenek. Eusko Jaurlaritzaren proiektuak sortutako etendura «mingarria» izan zen, diputatuaren irudiko. «Aldundiak hobe ikusiko luke hasierako proiektua, bodega osokoa, denon artean aurrera eramango balitz», aitortu du Uribarrik. Hala ere, aldundiak bi proiektuei babesa ematen diela ohartarazi du diputatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.