Julio Roca. Zuzenak kirol elkarteko presidentea

«Gorlizko erietxeko paretak, hondartza eta Astondo mendia ziren gure mundua»

Kirolarekiko grina piztu zitzaion poliomielitisaren ondorioak behartuta haurtzaroan ezagutu zituen erietxeetan. Zuzenak kirol elkartean kirolari gisa hasi zen, mahai tenisean; 1993. urtetik, bertako zuzendari lanetan dihardu, besteak beste.

Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Bizitza erritmo bizian eraman du Julio Rocak (Gasteiz, 1960). Gaur egun ere hala jarraitzen du, erritmoa mantsotzeko asmoa agertu badu ere. Zalu fotokopia denda itxi, eta erretiroa hartua dago, baina Zuzenak kirol elkarteko presidente da oraindik ere. Bi behar horiek poz ugari ekarri zizkioten iaz. «2015a urte ona izan zen gero!», oroitu du. Hamaika omenaldiren artean, Zeledonen jaitsieran suziria bota zuen, kirol egokituaren eremuan aniztasun funtzionala duten pertsonen alde egindako lana eskertzeko.

Rocak aitortu du ez dagoela sasoirik onenean. Poliomielitisak hainbat kalte eragin zizkion jaioberritan, eta egun polioaren osteko sindromea jasaten ari dela azaldu du. «40 urtetik aurrera agertzen den gainbehera bat da; sintomak agertzen zaizkizu berriz ere». Fisikoki indartsu sentitzen ez bada ere, Gasteizko ekitaldi garrantzitsu bakar bat ere ez du galtzen, betiere argazki kamerak lagunduta.

Nola oroitzen duzu haurtzaroa?

Sei hilabete izango nituen poliomielitisa hartu nuenean, eta, ordutik, mediku artean bizi izan nintzen. 1965ean eraman ninduten Gorlizko Itsas erietxera [Bizkaia]. Jatorrian tuberkulosia zutenentzat bazen ere, polioak kalte egindako umeak bidali zituzten hara 1960ko hamarkadan, Bizkaitik, Arabatik eta Gipuzkoakotik.

Zein ondorio izan zuen polioak zugan?

Ondorioak... Tira, hori baino gehiago, polioak gauza onak eman dizkit. Bakardadera ohitu nau. Ez dut arazorik bakarrik egoteko. Gorlizko erietxera bidali nindutenean, hilean behin nituen bisitak. Hastapenak nituen mundu honetan, eta orduan gertatutakoak markatzen zaitu. Horrez gain, gizartekoiagoa izaten ere ikasi dut. Beste pertsona batzuengana gerturatzen zinen, bakarrik egon nahi ez zenuenean.

Bost urterekin Gorlizera joan zinen, baina aurretik non egon zinen?

Gasteizen eman nituen urte horiek, ikastetxe batetik bestera: Marianistak, Presentacion de Maria... Esango nuke hiriko ikastetxe guztiak pasatu nituela! Horrez gain, medikuarenean nengoen maiz. Adin horrekin ez diozu bestelako garrantzirik ematen horri. Mediku batengana? Ondo. Beste batengana? Goazen.

Eta, esan duzun moduan, 5 urterekin Gorlizera. Oso txikia zinen orduan, baina nola duzu gogoan erietxe hura?

Erietxe hura harrigarria zen. Hiru solairu zituen, bi hegaletan banatuta, eta leku bakoitzean kolektibo bat zegoen: buruko gaixotasunak zituztenak, bizkarrezurreko arazoak zituztenak, bestelako elbarritasunak zeuzkatenak...

Osasun arreta bakarrik ematen zuten, edo hezkuntza ere eskaintzen zuen?

Osasun arreta, nagusiki. Hezkuntza... bai, bazegoen, baina beste maila batean. Eskolak ematen zizkiguten, baina tratamenduak zuen pisurik handiena. Aparatuak, protesiak, gorputz osoa estaltzen zizuten igeltsuak... Gaur egun dudan tripa orduko igeltsuetatik datorkit!

Nolatan hori?

Gerritik lepora arte igeltsua jartzen ziguten. Dena den, otorduetan handitu egiten zen tripa, eta lekua utzi behar zioten. Beraz, zulo bat uzten zuten igeltsuan, tripa inguruan. Tarteka jarri bazidaten ere, zazpi urte igaro nituen tratamendu horrekin, eta azkenean forma geratu zitzaidan.

Nola oroitzen duzu hango giroa?

Bertan ikasi genuen haur izaten, eta ekosistemak ahalbidetzen zuen moduan dibertitzen ginen. Mojek eta apaizek kudeatzen zuten erietxea, eta bakartuta geunden, kanpoan gertatzen zena jakin gabe. Erietxeko paretak ziren gure mundua, Astondo mendia albo batean, eta hondartza aurrean. Dena den, izugarrizko parrandak eta bihurrikeriak ere oroitzen ditut.

Bihurrikeriak?

Orduko gelak ez ziren egungoak bezalakoak. 40 haur geunden gela bakoitzean, gutxienez! Ni nengoen lekuan, guztiok bizkarrezur arazoak genituen: polioaren arrastoak, eskoliosia... Baina beldurgarriak ginen! [Barre egin du] Gauak gogoratzen ditut...

Zer egiten zenuten gauez?

Zaintza zorrotza zen. Egiten genuena entzuteko, interfono bat zuten gelan, eta gauero moja batek bi aldiz ikuskatzen zuen gela. Edonola ere, bilatzen genuen jolasteko eta zirikatzeko tartea: futbol partidak ilunpean, adibidez. Behin hilda aurkitu genuen txori bat zintzilikatu genuen mojak aurki zezan. Halakoetan, sututa etortzen ziren gelara, egileen bila. Inork ez zuen ezer esaten, eta guztiok jasotzen genuen gure egur dosia, baita lo zeudenak ere.

Harremana mantendu al duzu orduko kideren batekin?

Ez, ez. Orain , erretiratu naizela, gai horri heltzeko asmoa dut. Ez dakit nola, baina zerbait egin nahiko nuke. Noizbait topatu izan ditut han egondako pertsonak; polita izan zen partekatutako bizipenak gogoraraztea.

Nolakoak ziren tratamenduak?

Itsasoko iodoak mesede egiten zigunez, terrazara atera edo hondartzara joaten ginen maiz. Egunero genituen gimnasia saio edota ur tratamenduak. Baina sendagileek zure izena esaten zutenean... beldurra!

Zergatik?

Zegokion gelara joaten zinen. Han zeuden medikuen aurrean biluzi, eta haiek erabakitzen zuten zer egin: igeltsua jarri, protesiak, trakzioa... Trakzioa, ene! Maiz egiten ziguten. Ohean etzanda aldaka finkatzen zizuten, eta burutik eta hanketatik tiraka luzatzen zintuzten. Egun osoa eman behar zenuen bertan! Bazkalorduan baino ez genuen atsedena. Zenbaitetan lo ere egiten genuen bertan. Suposatzen dut puntako tratamenduak izango zirela garai hartan, baina denborak ematen duen ikuspuntuarekin begiratuta... Niri bizkarrezurrean ebakuntza egitear egon ziren. Frantziako medikuak omen ziren, adituak. Baina sendabidea bainoago, ikerketa kutsua zuen. Ikerketa gure lepotik! Zorionez, ebakuntza gelan sartu baino lehen utzi nuen.

Kostaldea utzi eta Madrilera joan zinen, ezta?

Hala da, institutu batera, eta adi izenari: Elbarriak Berrezitzeko Espainiako Institutua. Hezkuntza lehenesten zuten. Eskola graduatua lortu nuen han, baita lanera bideratutako hamaika ekintza egin ere: zurgintza, mekanika...

Irteera interesgarriren bat edo beste egin zenuten 1975. urtearen azken txanpan...

[Barre egin du] Franco hil zenean txaketa janzteko esan ziguten, eta Erorien Haranera eraman gintuzten! Eta kuriosoena zen apenas genekiela nor zen Franco. Erakunde horietan ez zen kanpoko munduari buruzko gaiez hitz egiten. Kanpoko munduarekin genuen harreman apurra ziren halakoak.

Beste adibiderik?

Gorlizen hesiaren kanpoaldetik pasatzen ziren oinezkoak entzuten genituen. Batzuetan, dirua ematen genien izozki bat ekar ziezaguten. Baten bati «Gora Euskadi!» entzun, eta erietxean errepikatuz gero, hamaikak eta bi jasan behar genituen apaizen eta mojen partetik. Gerora ikasi genuen kanpoan gertatzen zen guztia.

Bide batez, noizbait itzuli al zara Gorlizko erietxera?

Duela gutxi joan nintzen. Zuzenak kirol elkartearekin hainbat ekintza egiten ditugu, eta Laudiokoek [Araba] proposatu zuten zerbait egitea Gorlizen. Bilera batera joan ginen, eta bertako zuzendariak bota zidan: «Esango nuke ezagutzen zaitudala!» [barre egin du].

Madrildik itzuli, eta segituan hasi zinen lanean. Fotokopia dendara heldu aurretik, dena den, beste alor batean aritu zinen.

Kartel argidunak egitenzituen enpresa batean hasi nintzen, Argi izenekoa. Eta 1982. urtean fotokopia dendan hasi nintzen.

Lanean hasi, bai, baina horrek ez zizun denbora kendu Zuzenak elkartean buru-belarri aritzeko.

Fotokopia dendan hasi eta berehala sortu zen Zuzenak. Kirolari gisa hasi nintzen, mahai tenisean. Aurretik ere aritua nintzen. Madrilen ikasten ari nintzenean txapelketaren bat edo beste ere irabazi nuen. Gorlizen, kirolerako grina piztu ziguten, baina Gasteizen ez zegoen kirol egokitua eskaintzen zuen inor. Jendea mugitu zen, aldundiarekin hitz egin eta Zuzenak sortu zuten.

Nolakoa zen kirol egokitua?

Egokitua ez zenaren modukoa! [Barre egin du] Aulkitxoan zeudenak erretzen, besteak jokatzen ari ziren bitartean, patxaran botila ere ondoan. Granadan jokatu genuen txapelketa bat gogoratzen dut. Gau osoa Sacromonte auzoan eman nuen, gitarra jotzen. Hurrengo egunean ez nuen pilota ere ikusten, baina hura bai gau ona.

Musikarekiko zaletasun hori ezkutatuta daramazu orduan!

Autodidakta naiz. Gauzaren bat edo beste egin izan nuen bere garaian, baina utzi nuen eta... Denetarik egin izan dut. Gehiena erdizka, hori bai. Garrantzitsuena da ondo pasatzea, eta egiten duzun horrekin une oro zintzoa izatea.

Zaila izan al zen kirol egokitua sustatzeko egitasmoa abiaraztea?

Oso astunak izan ginen. Tira, oso astunak izan behar genuen! Dena den, administrazioan zeuden pertsona batzuk laguntza handia eman ziguten. Gaur egun Ahal Dugu-ren senataria den Angel Meson Arabako Foru Aldundiko kirol teknikaria zen, eta laguntza izugarria eman zigun. Inork ez zekien zer zen eskatzen genuena, ezta zer behar genuen ere. Aurrekontuak eskatu, gurpil aulkiak bilatu... Hamaika traba izan genituen. Dena den, argi ikusi zuten ekimen handia genuela, eta nahi genuena erdietsiko genuela.

Kirolari gisa hasi arren, denbora gutxian zuzendaritzara heldu zinen.

Kudeaketarako lantxoren bat edo beste egiten hasi nintzen, eta 1993tik aurrera zuzendari hasi nintzen. Apur bat lehenago lehen hitzarmena lotua genuen Gasteizko Udalak, aldundiko Ongizate eta Kirol sailek eta laurok. Mugarri garrantzitsua izan zen hori aurrera begira.

Hasieratik bertatik ondo bereizi zenuten kirol federatua eta kirol egokitua, baita oso kontuan hartu ere erabiltzaileen izaera: elbarritasuna jaiotzatik ote duten, edo ezbehar baten ondorioz ote zen.

Kolektibo bat osatzen dugu guztiok, baina, lan txukuna egiteko, ondo bereizi behar ditugu zenbait alor. Dena den, jendeak ez du hori barneratzen. Urteak eman ditugu lanean, baina jendeak ulertu gabe jarraitzen du. Nolabaiteko elbarritasuna dugunak ikusezinak gara besteentzat. Normalizatu behar da egoera, egiten den oro guztientzat izan dadin. Ikusten ez gaituzten horiek uneren batean gurpil aulki baten beharra izan dezakete. Gertu ikusi arte egunerokotasuneko arazoek ihes egiten digute: muga arkitektonikoek, bestek beste.

Ezin zaie hori ikusarazi agintari politikoei?

Gertatu izan da agintaritza postuetan egondako pertsona bati mugitzeko arazoa agertu, edo Down sindromea duen seme-alaba izan, eta orduan inplikatzen hastea. Eta galdetzen dizute: «Zer egin dezakegu?». Botere postu batean urteak pasatu ondoren hori galdetzea ere... Tira.

Hizkuntza bera oztopo bat izan al daiteke?

Batzuetan nahasten gara. Nor da elbarria? Dagokion profesionalak aztertuta, %33ko ezintasuna baino handiagoa duen pertsona da. Hortik aurrera, erabili nahi duzun izenondoa. Urtero berri bat dugu: elbarri, ezindu, aniztasun funtzionala duen pertsona... Gutxiespena, hitzak berak bainoago, esateko moduan dago. Aitortu behar da, nahi gabe ere, mingarriak izan daitezkeela hitz batzuk. Hori amaitzeko normalizazioa behar dugu, aurretik aipatu dudan bezala: normalizazioa hezkuntzan, lan munduan, osasun sisteman...

Nola helduko da normalizazio hori?

Abiapuntua garai batekoa da. Elbarritasunak zituztenek erabat baztertuta zeuden. Lan egin behar da. Gran Hermano-n gertatzen denaz arduratuago gaude ondokoaren beharrez baino. Diruak balio ez duenean azalarazten diren balioak dira garrantzitsuenak.

Familietan ere aldaketarik gertatu behar al da?

Lortu behar dena da inor ez dadila etxean geratu, eta familiek zeresan handia dute horretan. Hein handian familiek babeserako joera dute. Ez dituzte seme-alaben gaitasunak ikusten. Gehiegi babestu ohi dituzte.

Hortaz, ez da aldaketa handirik gertatu...

Familian aldaketak daude, baina geldoak. Politikan, sistemak berak jartzen dizkigu trabak. Sistema da gainditu behar duguna, hautsi behar dugun hori. Ideia zoragarriak izan ditzakezu, baina sistemaren barruan abiarazi nahi badituzu, jai daukazu.

Erronka nagusiak...

[Kazetaria eten du] Erronka nagusia osotasunari heltzea da. Zuzenak elkartearen barruan aholkulariak jartzea pentsatu dugu, sexualitatearen gaiari heltzeko, adibidez. Baina horretarako baliabideak behar dira. Eta berezko zailtasunei krisi egoera gehitzen badiozu, akabo. Jendearen asmo onari eta lan egiteko grinari esker jarraitzen dugu lanean, aurrekontu murrizketen ostean.

Grina hori eskertu dizute hainbatetan. Erretiratu zinenetik hamaika omenaldi jaso dituzu.

Kirol egokituan sartzen zarenean badakizu ez duzula asteburu lasairik izango. Beti dago alde batetik bestera eramaten zaituen zerbait. Tamalez, osasunak ez dit uzten erritmo horri eusten. Lanak uzteko bidean nago. Kemena falta zait. Ez buruan, gorputzean baizik. Eztabaidatzeko fisikoa ere behar da. Izango banu, tente jarriko nuke bat baino gehiago!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.