Goroldio arteko munizioa

XVIII. mendeko Errege Arma Fabrikaren hondakinak aztertzeko arkeologia lanak egin dituzte lehenengoz Eugin. Oso eraikin garrantzitsua da, arkeologoen hitzetan.

Eugiko arma fabrikaren zatietariko bat, Arga ibaiak gurutzatzen duela. MURARIA.
Inigo Astiz
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Olagintza tradizioa handia izan da beti Eugin (Nafarroa) Erdi Aroaz geroztik. Horregatik kokatu zuten han Errege Arma Fabrika XVIII. mendean. Herritik zortzi bat kilometrora eraiki zuten, antzinako ola baten gainean. Lehengaiak zeuden lekutik hurbil nahi zuten lantokia, eta aproposa zen ingurua: oihana, ura eta burdina, denak bertan. Madril, Paris eta New Yorkeko museoetan daude, egun, bertan egindako piezetariko batzuk. 1794an eraitsi zuen Frantziako armadak, eta hondakinak baino ez dira gelditzen geroztik. Hondakinak eta baita toponimo bat ere: Olaberria. Azalera ekarri dute berriz orain iraganaren zati hori. Sastrakak baztertu, eta goroldiopean egondako harriak ikertzen eman dute uda hamar pertsonak. Uztailean hasi eta urriko lehen astera arte luzatu dira azterketa arkeologikoak, eta martxan da lekukotasun dokumentalen bilaketa ere. Lehenengo saioa baino ez da izan aurtengoa, eta, diotenez, lan handia dago oraindik egiteko. Lehen harria jarri dute behintzat.

Trantsizio une bat da eraikinak erakusten duena, Ana Carmen Sanchezek azaldu duenez. Landa industria eredu batetik espazioari buruzko ikuspegi berri bat duen eredu ekonomiko baterako jauzia. «Lan eredu berriak esperimentatu zituzten lantokian, eta letra larriz idaztekoa da hori. XVIII. mendeko industria arkitekturaren erakusgarria da Errege Arma Fabrika, eta gutxi dira halako kasuak iberiar penintsula osoan». Badaki zertaz ari den. Bera da Paco Laberekin batera, Eugin egindako lanak koordinatzen aritu den arkeologoa. Dioenez, bizitoki ere izan zen lantokia jende askorentzat, eta hori izan zen berrikuntzetariko bat. Lanerako guneak bazeuden, bizi ahal izatekoak, eta zerbitzuak eskaintzen zituztenak. Datuak ere ematen ditu. 200 pertsona baziren bertan 1767an, epaile bat, zirujau bat eta apaiz bat ere bai tartean. Egin zituzten lan zibilak, baina nagusiki munizioa egiten zuten.

Planorik ez zuten, eta lanean aritu ahala joan dira fabrikak zituen eraikinak azaleratzen. Zulaketa batzuk ere egin dituzte, eta pieza interesgarriak aurkitu dituztela dio Sanchezek. Jaurtigaiak bildu dituzte nagusiki, baina baita haiek egiteko moldeak ere. «Oso zundaketa puntualak egin ditugu, eta horrekin bakarrik oso material interesgarriak topatu ditugu».

Banka eta Alduderekin elkarlanean

Baina ez da hor amaitzen arma fabrikan egingo den lana. Egitasmo multzo zabalago bat diseinatu dute kontzejuko arduradunek ingurua biziberritu eta historia berreskuratzeko. Horretarako abiatu zuten Yelmo izeneko egitasmoa Aldude eta Banka herriekin batera (Nafarroa Beherea). Haien arteko harremana bultzatzea da asmoa, eta eskaintza kultural eta turistikoa indartzea. Mendi ibilbideak sortu dituzte, adibidez, eta baita interpretazio zentroak ere. Hala ere, arma fabrika da Eugikoen ikur nagusia. Orain hari buruzko azalpenak ematen dituzten seinaleak jarri nahi dituzte hondakinetan, eta aurrerantzean ikerketa arkeologikoekin jarraitzeko asmoa dute.

Bisita gidatuak ere egingo dituzte hurrengo bi igandeetan, baita azaroaren 4an eta 11n ere. 10:00etan hasiko dira ibilaldiak, eta historialari bat arituko da azalpenak ematen. Etorkizunerako asmoak ere badituzte. Ikaztegia kontzertuak emateko egokitzea da buruan duten ideietariko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.