Entrenatzaile pertsonala

Mikel Larra: «Gorputz idealaren kontzeptu bat dugu, eta hori ez da aproposa»

Udari begira, hainbat herritarrek ematen dute izena apiril eta maiatz aldera gimnasioan, ustez sobran dituzten kiloak galtzeko helburuarekin. Gaur egun, asko dira talde kirolak atzean utzi eta gimnasioan giharrak lantzen dituztenak.

Mikel Larra, lan egiten duen gimnasioan, Irunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Larra, lan egiten duen gimnasioan, Irunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
urko iridoy alzelai
Hondarribia
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Bi hilabete pasatxo falta dira uda heltzeko, eta horrek hainbaten alarma pitzarazi du. Gizarteko ohitura bilakatu da bikini operazioa egitea, aurreko udatik irabazitako kiloak galtzeko, eta bakoitzak nahi duen gorputza hondartzan erakutsi ahal izateko. Horrek gorakada bat eragin du gimnasioetako bazkide kopuruetan, eta gaur egun jendez beterik daude asko eta asko. Horren testigu da Mikel Larra (Hondarribia, Gipuzkoa, 1999) Irungo (Gipuzkoa) Azken Portu kiroldegiko gimnasioko entrenatzailea.

Jendez beteta daude orain gimnasioak?

Bai. Bi data zehatz identifikatzen ditugu normalean bazkide berriei dagokienez. Batetik, urtarrilean, Gabonen ondoren, jende asko etortzen da, urte berriko helburuen harira. Eta, ondoren, orain, uda baino bi hilabete lehenago, gutxi gorabehera, jendeak berak identifikatuta dauzkan kilo gehigarri horiek galtzeko helburuarekin.

Helburu hori lor daiteke bi hilabetean?

Uste dut bakoitzaren helburuarekin lotu beharko genukeela galdera horren erantzuna. Bai, posible da, noski, bi hilabetean kilo batzuk galtzea, baina hain hilabete gutxian ez ditugu lortuko Instagramen ikusten ditugun fisikoak.

Errealak dira fisiko perfektu horiek?

Azken finean, gorputz hori lortzeko horretan dihardute askok, haien lana bilakatzen da, ondoren sare sozialetan erakusteko. Baina kontuan hartu behar dugu baita ere askotan argazkiek argi eta angelu jakin bat izaten dutela, eta batzuetan filtroak izaten dituztela edo editatu egiten dituztela. Gorputz idealaren kontzeptu bat dugu, eta ez luke horrela izan beharko.

Bazkide berriek jarraitzen dute gerora?

Oso erraza da gimnasioan izena ematea; etorri, eta izena eman behar da soilik. Baina, lehenengo egunen ostean, etortzeari uzten diote askok. Lehen egun horietan gogortasuna sentitzen da gorputzean, ez daudelako sasoi betean, eta horregatik askok sufritu egiten dute. Azkenean, horrek denak motibazioa galarazten die askori. Hori asko nabaritzen da, adibidez, urtarrilean. Urte hasieran etortzen diren askok otsailerako jada gimnasioa utzi egiten dute.

Badaude gimnasioak erabat lotzen dituztenak ere?

Bai, noski. Gimnasioak harrapatu egiten zaitu, kirolak harrapatzen zaituen moduan. Azken finean, endorfinak askatzen ditugu kirola egitean, eta, gainera, emaitza onak ikusten ditugunean, horrek bete egiten gaitu.

Harrapatzetik obsesiora muga fina dago.

Obsesioa badago, dezentekoa, gainera. Askotan gizakiak bere bertsio edo egoerarik onena bilatu eta lortu nahi izaten du, eta horrek itsutu egiten gaitu. Zekenkeriaz betetzen gara askotan, beti nahi dugulako daukaguna baino gehiago, eta horrek, gimnasioan, harreman txarra sortzen du gure gorputzaren eta kirolaren artean. Egun batean ondo pasatzeagatik ez gara huts egiten ari. Uste dut positiboa dela noizean behin gimnasiotik at ongi pasatzea eta kirola alde batera uztea.

Gazteek atzean utzi dituzte futbola edo saskibaloia bezalako kirolak gimnasioan buru-belarri aritzeko?

Orokorrean, gazteen bizitzako oinarri oso sendoa da kirola. Talde kirolak praktikatzen jarraitzen dute askok, baina egia da gimnasioetan lehen baino gazte gehiago dabiltzala. Normalean, estetikoki hobeto egoteko etortzen dira gimnasiora, eta, horregatik, gehiago ikusten ditugu giharrak lantzen kardioa egiten baino, adibidez. Lehen aipatutako erreferenteek eragin dute hori, sare sozialetakoek.

Baina badaude kirolean osasuna hobetzeko jarduten direnak ere, ezta?

Bai, baina jende helduagoa izaten da normalean. Horiek kardioa egiten dute gehiago, haien ustez sobran dituzten kiloak erretzeko. Uste dut nabaria dela zatiketa, eta argi ikusten dela gaur egungo gazteek zein ohitura dituzten.

Jendeak badu beldurrik gimnasioan hasteko?

Beldurra baino gehiago, lotsa daukala esango nuke nik. Jendeak, normalean, ez du jakiten nola hasi, eta hori erakusteak lotsa ematen dio. Horrez gain, emaitzak ez lortzeko beldurra ere ohikoa izaten da. Horregatik, uste dut beldur edo lotsa hori atzean uzteko oso garrantzitsua dela pertsona erreferente bat alboan edukitzea; hau da, gimnasioko entrenatzaile edo monitore bat ondoan izatea, nola hasi azaltzeko.

Zer garrantzi du janariak kiloak galtzeko prozesuan?

Kirola egitea eta jaten duguna zaintzea eskutik doaz bikinioperazioa egin nahi badugu. Defizit kalorikoa lortu behar da kiloak galdu behar nahi badira; hau da, jaten dugun baino kaloria gehiago erre behar ditugu. Baina, hala ere, oreka bat bilatu behar da, ezin dugu egun batetik bestera defizit kaloriko oso handia eduki; hori ez da osasuntsua.

Badaude gizentzen eta argaltzen duten jakiak?

Betidanik deabrutu izan dira janari batzuk, baina ez dago gizentzen duen janaririk. Konposizio nutrizional ezberdina du janari bakoitzak, eta zuk baldintzatzen duzu bakoitzetik zenbat kaloria jaso nahi dituzun. Noski, errazagoa da kaloria gehiago duen janari batekin gizentzea, baina bakoitzak erabakiko du zenbat jan.

LOTSABAKO

Ariketa bat? Kukubilkatzeak barrarekin.Kirol bat gimnasiotik at? Akroyoga.Entrenatzeko ordu bat? 13:00etan.

Egunero jaten duzun zerbait? Urdaiazpiko ogitartekoa.Euskal Herriko txoko bat? Hondarribiko [Gipuzkoa] Alde Zaharra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.