Gizonezko bat eta emakumezko bat besterik ez dira, bata bestearekin harremanetan, bien artean inolako hierarkiarik gabe. Lau elementuk bat egiten dute Carni di prima qualità dantza ikuskizunean: mugimendua, soinua, larruazala eta haragia elkartuz ernaltzen da Natxo Monteroren lana. Gaur eta bihar eskainiko dute emanaldia, Bilboko La Fundicion aretoan, 20:00etan.
Egunerokotasunean topatu daitezkeen egoerak aurkezten dituzte Patricia Fuentes eta Natxo Montero dantzariek. Ez dago mugarik, ezta zehaztutako antolakuntzarik ere: gorputzen arteko talkek, igurtziek, mugimenduek eta ukituek gidatzen dute ikuskizunaren ildoa.
Montero bera, dantzaria izateaz gain, Carni di prima qualità obraren zuzendaria eta argiztatzailea ere bada. 2008. urtean sortu zuen bere dantza konpainia, eta Cuadra-t ikuskizunarekin egin zuen debuta. Asteburuan Bilbora dakarten obra da konpainiaren bigarren lana. 2009an Madrilgo koreografia lehiaketan bigarren saria jaso zuen; Choreogram epaimahaiak, berriz, lehenengo saria eman zion. Orain, 2011. urteko bira bete-betean daude, eta Bilbotik igaro ondoren, Donostian izango dira martxoaren 15ean, Dferia jaialdian.
'CARNI DI PRIMA QUALITà'
Noiz. Gaur eta bihar, 20:00etan.
Non. Bilbon, La Fundicion aretoan.
Gorputzen arteko elkarreragina
Natxo Monteroren konpainiak 'Carni di prima qualità' ikuskizuna ekarriko du Bilbora asteburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu