Orain urte asko ez zuen uste buru-belarri ariko zela 36ko gerrako eta diktadura garaiko hilobietako gorpuzkiak berreskuratzeko lanetan. Baina 2000. urtean hasi eta orain arte ehunka kasu argitu ditu, talde zabal batekin batera. Memoria historikoa berreskuratzeko legearen itzalean arindu egin da senitarteko galdu eta frankistek hilak berreskuratzeko saioa.
Gerran edo diktaduran hobi batera jaurtitako pertsona baten hezurrak berreskuratu aurretik lan handia egin behar da, eta gorpuzkiak berreskuratzean ez da amaitzen prozesua. Nola da hori?
Prozesu luzea da; ez dakigu non sortuko den informatzailea. Batzuetan, senitartekoak eurak dira gorpu bat non egon daitekeen dakitenak; beste batzuetan, hobia egin zuten herrian bertan zerbait ikusi edo entzun zuelako baten batek. Ikerketa lan bat egin behar da aurretik. Gero, prospekzioak, eta, ondoren, indusketak. Hobia topatuz gero —ez baita batere erraza—, hezurrak laborategira eraman behar dira, haiek identifikatzeko. Batzuetan, horrek ere ez digu errazten haien senitartekoak topatzea. Bestetan, berehala identifikatzen dira. Eta, azkenik, gorpuzkiak senitartekoei eman behar zaizkie; eta ez hala moduz, ekitaldi ofizial eta duin batean. Omenaldiak elkarteek eta senitartekoek antolatzen dituzte, baina haiek ere prozesuaren zati dira.
Laborategiko DNA probak identifikazioa egiteko garrantzitsuak dira, ezta?
Bai, baina haiekin ere batzuetan ez da erraza senitartekoak topatzea. Kasu batzuetan, herriko hilerriko hilobi batean sartu behar izaten dira, legeak dioen bezala. Beste batzuetan, ez dago DNAren beharrik. Erakusketa areto honen zoruan [Donostiako Carlos Santamaria zentroan] ikus daitekeen argazkian La Andayako 4. hilobia azaltzen da, Burgoskoa. Aranda de Dueroko udalbatza osoa zegoen bertan: 29 eskeleto guztira. Bada, hatz baten hezurtxoan eraztun bat aurkitu genuen emakume baten izen-abizen eta data batekin. Identifikazioa, batzuetan, berehalakoa da kasik.
Eta prozesu guztia amaitzean, zer?
Txosten bat dugu, argazkiak, bideoa, errealitate bat familiei emateko, herriko alkateari emateko. Atzetik datozenek jakin dezaten hau dena egia dela. 70 urtez isilik egon direnak agerleku publikora eramateko balio du egia horrek.
Espainian egindako indusketa askoren argazkiak ikus daitezke erakusketan, ez hainbeste Euskal Herrikoak. Gehiago aritu zarete kanpoan?
Euskal Herrian hil zituzten gehienak hilerrietan bukatu zuten. Espainian ez zen hori gertatu; ez zituzten lur sainduan lurperatu nahi izan. Baina arrazoi bat dago Euskal Herritik kanpo aritzeko: euskal herritar askok laguntza eskatu digute senitartekoak topatzeko, eta haien jatorria Espainian dago. Adibide bat: Aste Santuan Espinosa de los Monterosen egon ginen, Burgosen. Hango hobian aurkitutako biktima guztien senitartekoak Bilbon bizi dira.
Azken hamabi urteetan lan izugarria egin duzue. Aurrerantzean orain artekoaren pare aritzeko gai izango zaretela uste duzu?
Askoz gehiago egingo dugu; ikerketa tarte kronologikoa diktadura frankista osora zabalduko dugu. Guk garbi dugu zeregina, eta aurka daudenei buruz zer esango dizut: gorpuzkiak hobietatik atera nahi ez dituztenak identifikatu beharko lirateke. Gerrako biktimekin hasi ginen, baina orain frankismoaren biktimak ere aztergai ditugu. 1975 arte joan gaitezke, eta handik harago ere bai, seguruenik. Salbuespen egoeraz hitz egin beharko dugu. Hori dena xehetasunez azaldu beharko da. Aro horietan gehiegikeriak sufritu zituztenen testigantzak jasotzea posible da. Beraz, gehiago egingo da, nahiz eta hobien faktoreak protagonismoa galdu. Eta, hala ere, informazioa ofizial egitea faltako da.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Egia ofizial egin behar dela. Egia ezagutzeko informazioa ekoizten dugu, baina informazio hori ofizial egin al da? Defizit hori daukagu. Informazioak egiaren kategoria har dezan erakundeek baliotu behar dute, dela udal bilkuretan, dela egia batzordeen bidez. Inork doktore tesi bat egin badu unibertsitatean, zergatik ez erabili egia baliotzeko. Horrela jakingo genuke halako gertaeren inguruan egia halakoa dela halako herrian. Idatziz jarrita behar du, eta ados ez dagoena esan dezala.
Francisco Etxeberria. Aranzadiko lehendakaria
«Gorpuzkiak hobietatik atera nahi ez dituztenak identifikatu beharko lirateke»
Urteak daramatza 36ko gerran eta frankismoan hobi ezezagunetan lurperatutakoak bilatzen eta aurkitzen; Francisco Etxeberriak duintasuna eman die hildakoei eta atsedena ekarri haien senitartekoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu