Jaiak. Lakuntza

Gosez gelditzeko aitzakiarik ez

Oraindik bost egun geratzen zaizkie lakuntzarrei festaz, musika eta dantzaz gozatzeko

Lakuntzako erraldoiak eta dantzariak, atzo, txupinazoaren ondoren. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Lehertu egin da suziria. Hasi da festa, eta jai giroa nagusi da Lakuntzan (Nafarroa). Atzo bota zuten festei hasiera eman zien txupinazoa, eta, geroztik, gozatzeko aukerarik baino ez da egon. Aizkolariak, Elai Alai eta Orritz dantza taldeak eta Tximeleta taldearen kontzertuak izan ziren atzo. Baina oraindik ekintzez betetako bost egun geratzen dira.

Festen bigarren eguna da gaur. Mezarekin hasiko da, eta, ondoren, Lakuntzako Pertza elkarteak antolatutako auzatea izango da. Arratsaldean beste bat egingo dute. Egunero bi auzate prestatuko dituzte Lakuntzan, ez baita ez jatekorik ez gosea asetzeko aitzakiarik faltako festetan.

Bihar haurrei eta biltzen diren guztiei txokolatea banatuko diete herriko plazan. Asteartean, berriz, aitona-amonen egunean, kalderete txapelketa egingo dute 11:30ean, eta, sariak banatu ostean, 14:30ean aitona-amonen bazkaria izango da. Auzate eta bazkarietan, guztietan egongo da musika. Herriko bandurria taldea ariko da giroa alaitzen, aitona- amonen bazkariaren bazkalondoan, eta gaur, berriz, Ansa ahizpek emango dute kontzertua eguerdian. Arratsaldean, dantza afrikarrak dantzatuko ditu Sokole taldeak. Gauetan ere izango da musikaz gozatzeko aukera. Joselu Anaiak taldea izango da gaur. Bi kontzertu emango ditu: lehenengoa 20:00etatik 22:00etara, eta bigarrena 00:00etatik 03:00etara. Bihar, berriz, Itzartu taldeak joko du dantzaldian, etahurrengo egunetan, Amets, Holako eta Tirry eta Terry DJak izango dira.

Gauero kolorea herrian

Bihar jokoak izango dira nagusi. Haurren eguna izango da, eta Erraldoi eta buruhandien konpartsarekin hasiko da eguna. Ondoren, puzgarriak jarriko dituzte, eta bazkal ordura arte, jokoak egongo dira plazan. Ludoteka izango da, baita crazy-bikes, semway elektrikoen zirkuitua eta kiner-dance jokoa ere. Arratsaldean, berriro izango da jolasteko eta saltatzeko aukera. 18:00etara arte aterako dituzte jokoak plazara, baina ondoren ere izango da dibertitzeko parada. Abestu nahi duenak play back egiteko aukera izango du 18:30ean, eta 20:00etan buruhandiak ibiliko dira herriko kaleetan haurren atzetik. Gauero bezala, zezensuzkoa ere aterako da herria kolorez betetzera. Gazteek itxiko dituzte Lakuntzako festak. Gazteen eguna izango da ostegunekoa, eta kaleak sormenez betetzen hasiko dute eguna artistek. Eguerdirako gazte bazkaria antolatu dute, konplimendu lehiaketa eta guzti. Arratsaldean, bertso poteoan irtengo dira. Baina ez da izango bertsoak entzuteko aukera bakarra. Asteazkenerako bertso saioa antolatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.