Gotorleku izaera galdu gabe

Uda garaian, egunero mila bisitaritik gora igotzen dira Donostiako Urgull mendira. Motako gaztelua eta kanoiak ikustera joaten dira gehienak. Hainbat kanoi zaharberritzen ari dira aurten.

Gaztelua eta kanoiak dira gotorleku izaeraren erakusgarri. Hiria bistaratzeko leku aproposa da Urgull. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Historia handia du Donostiako Urgull mendiak. Eta historia hori aspaldi atzean geratu bazen ere, garai batean gotorleku izandako mendiak agerian du oraindik bere izaera. Donostiako edozein lekutatik ikus daitezke gailurrean dagoen Motako gaztelua eta hura inguratzen duten harresi sendoak. Baina, batez ere, gazteluaren zati altuenean dagoen estatua ikusten da hiritik.

Estatuak jakin-mina piztu, eta makina bat turista igotzen dira egunero Urgullera, mendiak atzean duen historia gertutik ezagutzera. Baina turistak soilik ez, Donostiako jendea ere ikus daiteke Urgullera bidean, txakurrak paseatuz nahiz paisaiaz gozatuz. Oinez batzuk, eta autobusean besteak, Donostiatik ikusitako estatuara iristea izaten da erronka. «Horra goraino igo behar al dugu? Zoratuta ala?», esan du neskato batek. Aldapatsua baita bidea, baina atsedenaldiak egiteko aukera ere badago. Izan ere, gaztelura ailegatu baino lehen, gauza ugariz goza daiteke Urgull mendian barrena.

Bidean nonahi aurki daitezke mendia gotorlekua zeneko aztarnak, eta bakoitzaren ondoan panel bat dago, gainera, azalpenak lau hizkuntzatan idatzita. Portutik gorako bideari ekin eta erdi bidera iritsita, esaterako, Ingelesen hilerria ikus daiteke. Britainia Handiko legio laguntzaileko ofizialak daude han hilobiraturik, lehen gerra karlistan hilak.

Hainbat turistak begiratzen diete hilerriari buruzko azalpenei, eta alde batera eta bestera begiratzen dute gero, nondik joan erabaki ezinik. Bidezidorrez beterik baitago bidea. Bidegurutze bakoitzean, ordea, argi jartzen du bide bakoitzak non duen helmuga. Eta, azkenean, gailurrean amaitzen dute guztiek.

Donostia osoa ikus daiteke behin gora iritsita. Eta, gotorlekua izanik, derrigorrean ikusi beharrekoa: itsasoa. Motako gaztelutik, urrutira begiratzen dute bisitariek, garai bateko gazteluaren zaindariak balira bezala. Gaur egun, ordea, itsasoaren lasaitasuna baino ez da ikusten, ontzitxoak hara eta hona.

Historiaz jakiteko erakusketa

Urgull mendiaren historiaz gehiago jakin nahi duenak Motako gazteluan bertan dagoen Donostiari begira erakusketa ikus dezake. «Lasai sartu, doan da eta», dio Joxe Mari Astudillo harreragileak. Donostiako historia ikus daiteke erakusketan, 1100. urtetik hasi eta gaur arte. Erakusketara erdi galdurik iristen diren turistei azalpenak ematen saiatzen da Astudillo. «Mundu guztiko jendea etortzen da. Pentsa, egunean mila bisitaritik gora izaten ditugu».

Gazteluaren inguruan begirada bat bota besterik ez dago Astudilloren hitzak egiazkoak direla ikusteko. Familiak eta bikoteak ikusten dira gehienbat, gida liburuxka eskuan hartuta. Belarria erne izanez gero, berriz, atzerriko hizkuntzak entzuten dira, batez ere. Tartean euskarazko esaldiren bat ere entzuten da, ordea,egun-pasa joandako familiaren batena.

Motako gazteluaren kanpoaldean, gaztelaniaz ari dira Elena Ibarbia eta Paula Casla. Ez dira igo gazteluak eskaintzen dituen bistez gozatzera , ezta Donostiako historian gehiago murgiltzera ere. «Rosita Walker kanoia zaharberritzen ari gara. Kanpoan egoten direnez, eguraldiak hondatu egiten ditu kanoiak, eta txukundu egin behar izaten dira noizbehinka». Dena den, Rosita Walker ez da beti Urgullen egon. Alemanian egin zuten, 1502. urtean, eta Pasaiako badian urperatuta aurkitu zuten 1937an. Beste hainbat kanoi ere ari dira zaharberritzen, aurrerantzean ere Urgullera igotzen denak mendia garai batean gotorleku izan zela ahantz ez dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.