Komunikazioa. Ekografiak

Goxo betiere

Jokin Labaien.
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Asteazkenean bitan eseri nintzen sofan; bitan piztu nuen telebista. Kasualitatez, ala kateen zerrendan lehen lekuan dagoelako, bietan ETB1 katearekin egin nuen topo. Eguerdian, bazkaldu berritan, dokumental bat ematen ari ziren. National Geographicek ekoitzitakoa zen; Australian bizi diren hamar animalia hilgarrienen gainbegiratua egiten hasi ziren. Ederra zen: hain bakartua egon den lurraldean, asko garatu dira animaliok. Hainbeste, bizirauteko pozoin ikaragarri arriskutsuak garatu dituzte, hilgarri bihurtzeraino. Kuriosoa da. Bezperan ez nuen lo askorik egin. Nekatuegi nintzen, a priori, bazkalosteko ordu erdi libre horri begiak zabalik eusteko. Ez nuen lortu. Begiak itxi eta esna jarraitu nuen dokumentalaren gidoia. Deskantsua hartu eta munduaren berriizan nuen.

Gauean, arraina labean prestatzen ari nintzela, norbaitek telekomandoa hartu eta telebista piztu zuen; ETB1, berriz ere. Realaren eta Eibarren arteko partida. Harritu bezainbeste poztu zen hura, nik ez nion kasu askorik egin. Behin legatza hezurretan utzi eta platera ogiz garbituta, azkenetan zegoen lagun artekoa. Appaloosa filma zetorren segidan. Futbolzalea aseta, haren aldamenekoak hartu zuen hitza. Duela urte pare bat filmatua zela, Ed Harrisek zuzendua, bera eta beste hainbat aktore handik jokatua. Western moderno ondo egina. Ekin genion ikusteari. Itxura ederra zuen. Eszena bat iltzatu zitzaidan gogoan: Appaloosa herrixkako Virgil Cole sheriff eta haren laguntzaile Everett Hicht pantailan, herrira iritsi berri zen emakumea hizpide hartuta:

–Ezkonduta ote zauden galdetu dit.

–Eta zer erantzun diozu?

–Ez dakidala.

–Nola ez dakizula, elkarrekin lanean hainbat urte daramatzagu eta.

Eta oraingoan bai, loak hartu ninduen, goxo-goxo, pozarren. Ordu erdiren buruan, sofatik oherako odisea itxurako bode luze bezain gogorrean, gustura sentitu nintzen. ETB1en eskaintza ona iruditu zitzaidan, nola hasi eta buka ikusteko, hala hark lagunduta loak hartzeko. Izan ere, bietara ikusle datua bera da. Baita gozamena ere. Hain zuzen, zinemara joandako azken aldietako batekin oroitu nintzen. Coen anaien azkenarekin, ondo egindako westernarekin, nola hartu nuen lo, goxo betiere. Ondo ordaindutako dirua bailitzan, deskantsuaren mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.