Arantza Lorenzo. Nutrizionista

«'Goxo' eta 'osasuntsu' kontzeptuak ez daude borrokan»

Adrian Garcia.
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Arantxa Lorenzo 200 errezeta goxo eta osasuntsu liburuaren egilea Giza Nutrizioan eta Dietetikan diplomaduna eta Psikologian lizentziaduna da. 1992. urtetik aitzina eskola eta kultur etxeetan hitzaldiak ematen dabil, eta bi klinika pribatutan lan egiten du lan, Tolosan eta Ordizian. Azken bost urteetan, BERRIA egunkariko Osasuna atalean, nutrizioari buruzko artikuluak idazten ari da.

Zerk bultza zintuen errezeta liburua idaztera?

Elikadura ohitura osasungarriak bultzatzeko nahiak eraman nau liburua idaztera. Horretarako, oinarri teoriko batzuk azaltzen ditut, eta gero praktikan, errezeten bitartez. Argi utzi nahi nuen elikadura osasuntsuak ez duela zertan aspergarria izan. Barazkiak eta arrainak plantxan baino zerbait gehiago da. Askotarikoa, sormen eta imajinazioz betea, eta goxoa da. Ez da batere aspergarria. Liburuak horixe azaltzen du. Liburuan askotariko errezetak daude, eta denek dute tokiadieta orekatu batean.

Hortik al datorkio izenburua liburuari? Goxo eta osasuntsu kontzeptuek ez dute zertan kontzeptu kontrajarriak izan?

Hori da liburuaren ideia nagusia: goxo eta osasuntsu kontzeptuak ez daude borrokan. Alderantziz, bat egiten dute, eta ohiturak landuz eta ikasiz elikadura osasuntsua eta goxoa egin dezakegu.

Udari begira jarritako platerak al dira?

Hasiera batean ez zen hori asmoa. Udaberrian ateratzeko asmoa genuenez, argazkiekin eta freskotasuna eman nahi izan diogu. Baina platerak urte osorako dira. Neguan eta udan prestatzeko errezetak ateratzen dira.

Askotariko errezetak jaso dituzu liburuan.

Janari talde guztiak agertu nahi izan ditut. Janarien aniztasuna eman nahi izan dut ezagutzera. Eskoletan dezente ibili naiz hitzaldiak ematen, eta haurrei galdetuta zer barazki jaten dituzten, gehienek porru-patatak eta lekak besterik ez dute ezagutzen. Lan honekin barazki eta arrainen taldea oso zabala dela azaldu nahi izan dut. Zabala izateaz gain, milaka modutan presta daitezke. Aniztasun eta zabaltasun hori jasotzen du errezeta liburuak.

Hitzaurrean otorduetatik kanpo ez jateko aholkua ematen duzu, ohitura osasungarri gisa. Zergatik da txarra otordu horietatik at jatea?

Elikaduran oso garrantzitsua da ordena, nik garrantzi handia ematen diot. Egunean hirutik bost otordura bitartean jatea da komenigarria, eta horietatik kanpo ezer ez jatea. Zergatik? Urdailak ere atsedena behar izaten duelako. Gure gorputzak elikagaiak behar ditu etengabe, odolean karbohidratoak, koipea, proteinak... egon behar dute. Zerbait jaten dugunean, odolera pasatzen da, eta hiruzpalau orduz mantentzen da odolean. Ondoren, zeluletara doa, eta bere prozesua jarraitzen du. Hor deskantsua ematen diozu urdailari eta digestio aparatuari. Handik beste hiru-lau ordura gorputzak berriro behar du elikagaia. Horrela, organismoak hobeto funtzionatzen du, eta elikadura nahasteak saihesten da.

Uda partean gure elikadura ohiturak ez dira hain zorrotzak izaten, ezta?

Gerta daiteke. Lasaiago gabiltza, eta etxean gutxiago egoten gara, oporretan etxetik kanpo gehiago jaten dugu. Norberaren esku dago. Oporretan ere ordena eta elikagai ohiturak manten daitezke, obsesiora jo gabe, betiere. Jakin egin behar da tarteka horrekin hausten, eta noizean behin bazkariak eta ospakizunak egiten. Halere, horrek ez du esan nahi oporretan zaindu behar ez dugunik.

Elikadura orekatu hori aurrera eramateko menuak planifikatzeko aholkua emten duzu.

Bai, asko laguntzen du elikadura orekatua eramateko. Oso zorrotzak ere ez dugu izan behar. Gutxi gorabehera, astean arraina eta haragia hiru-lau aldiz jan behar bada, asteko menua planifika daiteke, eta horrela maiztasunak errespetatzea errazagoa izango zaigu. Erosketak egiteko garaian ere lagungarria da.

Zure lanean ikusten duzunaren arabera, jendeak elikadura orekatua eramaten al du, oro har?

Bi joera nagusi ikusten ditut nire lanean, tamalez. Badago jende bat oso interesatua, oso kezkatua, galdera piloa egiten duena, batzuetan obsesiora iristeraino. Hori ere ez da ona, mutur guztiak dira txarrak. Bestetik, badago beste jende multzo bat bost axola zaiona elikadura, berdin zaie zer jan. Elikagai orekatua mantentzen dutenak ere badira, noski. Baina gizartean badago kezka janariaren inguruan, osasunarekin oso lotuta dagoelako. Guraso batzuekin hitz egitean pena da, baina arrain asko ez dituzte ezagutzen. Seme-alabei ematen dieten arrain bakarrak izoztu horietakoak dira. Gaur egun ume direnek gurasoei ikusita ez badute ikasten, oraindik aukera gutxiago izango dute etorkizunean beren seme-alabei arrain horiek eskaintzeko. Jendea sukaldean gutxiago ibiltzen da, eta haur eta gazteek sukaldean ibili eta elikagai mota desberdinak ezagutzeko aukera gutxiago dute.

Dieta mediterraneoarrean oinarrituriko errezetak dira. Euskal sukaldaritza dieta horretan sar al daiteke?

Dietisten Elkargoko kide naiz, eta beti defendatu dugu dieta mediterraneoarra. Zientifikoki demostratua dago horixe dela onuragarriena eta orekatuena. Praktikan ere oreka berak betetzen du hobekien. Bai, euskal sukaldaritzak badu dieta mediterraneoarraren oinarria, batez ere itsasoa oso gertu dugulako. Gure aitona-amonen sukaldaritza oso mediterraneoarra zen, arraina, fruta, barazki, lekale eta zereal asko erabiltzen baitzuten. Haragi produktuak, ordea, ez horrenbeste, txerria hiltzen zutenean soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.