Ezarian. Argazkilaritza

Gozamenaren hegazkina

Airetik ateratako argazki bidez islatu dute Bilbok azken 50 urteetan jasan duen bilakaera Expodistrito erakusketan. Otsailaren 12ra arte egongo da ikusgai Bilboko Begoña auzoan.

Bilbo
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Zerura igo gabe bada aireko paisaiez gozatzerik. Horretarako, Begoñako udal barrutira joatea baino ez da behar. Izan ere, Expodistrito ekimenaren barruan, Bilboko Udalak gozamenaren hegazkin bilakatu du Bilbao, 50 urteko hiri eraldaketa 'Auzoetako atzoko eta gaurko irudiak' erakusketa. Otsailaren 12ra bitarte egongo da Begoña auzoan ikusgai, San Ignazio-Ibarrekolanda barrutia izango baitu hurrengo geltoki.

Hamar auzotako hogei argazkik osatzen dute bilduma, 60ko hamarkadako eta aurtengo banak. Irudi zaharrak zuri-beltzean ageri dira, eta gaur egungoak, koloreetan. Hala ere, Mar Lopez bisitariaren iritziz, kolorea baino gehiago aldatu zaio Bizkaiko hiriari: «Egin diren gauza batzuk gustatu zaizkit; beste batzuk, ez». Campo Volantin pasealekuan, esaterako, 1967an garabiek janzten zuten ibaiertza. Gaur egun ez da industriaren zantzurik geratzen, lan eremu zena turismo gune bilakatu da. Horren adibide da Zubizuri.

Mende erdiko tartean, hiria zeharo aldatu dela uste du Aitor Benitok. «Lehen ez zeuden auzoak daude orain. Errekaldetik, adibidez, Miribilla sortu da. Badirudi erakusketa bat behar dela zenbat aldatu den Bilbo ohartzeko», nabarmendu du.

Hiriko Historiaren ale bakoitzak bilakaera ekonomiko, sozial eta gizatiarra erakusten du. Argazkiak metro bat luze eta 70 zentimetro zabal dira.

Bilboko Udaleko kultura eta hezkuntza sailak antolatutako Expodistrito programaren barruan dago kokatuta egitasmoa, eta nola FOAT lur eta aireko argazki enpresak, hala Estudios Durerok egin dute gauzagarri. Ikusgarri, berriz, irudien kontrasteak egiten dute.

1968an animalia txikiek betetzen zuten Abandoibarrako zelaia, baina gaur egun Guggenheim museoa dago.

Irudietako beste batean islatzen da itsasontzia igarotzeko Deustuko zubia altxatzen dagoen momentua. Ibaizabal ibaiaren ertzeko zelaia autoentzako errepidea da, eta auto bakartia Bilbobus gorria.

Aldaketa nabarmena

Aitor Benitori oroitzapenak koloreztatu dizkio Begoña auzoan ibilgailuentzako tunela eraikitzen ari diren irudiak: «Gogoan dut nire Galdakaoko aitona-amonek Bilbo oso urrun zegoela zioten garaia. Gaur egun metroa erabilita bi minututan zaude hemen», dio.

1959ko argazkia eta 2011koa alderatuz, San Ignazio auzoan Ibaizabal ibaiaren kanala desbideratu dutela ikus daiteke. «Txikitan, umeek kuboekin arrantzatzen zituzten izkirak hemen… gaur ezinezkoa da hori egitea», gaineratu du.

Mar Lopezi, Basurtu, Errekalde, Santutxu, Abandoibarra, Deustu, Campo Volantin, Otxarkoaga, San Ignazio-Ibarrekolanada eta Begoña auzoen bilakaera baino, Indautxukoa zaio harrigarriago. «Indautxun bizi nintzenez, argazki hori gustatu zait gehien. Asko aldatu da, baina eraikin nagusiak mantendu egin dira. Beste lekuetan, ez». Orduko plazak mantendu egin dira. Aitor Benitok begi onez hartu du nola edo hala gune batzuk modernizatzea. «Lehen, egunero euria egiten zuen, eta 'Aitor, etxera!' baino ez genuen entzuten. Gaur egun, umeek leku estali gehiago dituzte jolastu ahal izateko».

1968ko Errekaldeko argazkiei begiratuta, ordea, autobideak eta Pagasarri mendiko zuhaitzek piztu diote arreta. «Eraikitzeko zuhaitz mordoa moztu zituzten, baina gero, debekatu egin zuten ekintza hori, eta mendia leheneratzeari ekin zioten. Orain duela urte asko baino zuhaitz gehiago dago Pagasarrin».

Guztia, ordea, ez da aldaketa izan. Basurtu auzoan, adibidez, San Mames futbol zelaiak milaka zaleren bisita izaten du oraindik.

Bilboko paisaiak airetik ikusteko ez da hegazkin txartelik behar. Ez, behintzat, Expodistritoko erakusketara biltzen direnentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.