Ongi ezagutzen du Angelita Alfarok Euskal Herriko sukaldaritza. Ahoz eta eskuz. Erroskilak egiten pasatu du goiza gaur. San Blas opilak egin zituen aurrekoan, eta hurrengo zer egingo duen ere badaki. Umorez ematen du azalpena: «Santu baten hezurrak orain, beste santu batenak gero. Zer santu den, halako postrea, egunaren arabera. Eta ez dago gaizki hori. Aski goxo daude guztiak, eta postreari izena aldatuz gero, santu guztiak izango ditugu pozik. Gerorako, badaezpada, ez dago gaizki, gure alde hitz egin dezaten edo». Nafarroako sukaldaritzan aditua da, eta hamaika liburu kaleratu ditu hura oinarri hartuta. Postreei buruzkoak dira haietariko bi.
Txantxigorri opilak, goxua, intxaur saltsa, bizkotxoa, torrijak, piper opilak... Zerrenda luzea da Alfaroren ahotan, eta neguarekin lotuta daude aipatzen dituenetariko asko. Egutegiari itsatsita. «Sutan dagoenaren arabera ere jakin daiteke batzuetan zer egun den». Izan ere, santu izendegiak hautatzen du, maiz, urdaila zerekin gozatu. San Blas opilarena izan liteke adibiderik argiena, baina badira gehiago. Inauterietan bakarrik jaten dituzte torrijak etxe batzuetan. Guneka aldatzen dira joera horiek, baina ohikoa da egun bati zapore bat lotzeko joera.
Gozo sasoia da hotz sasoia. Plater eta postre sendoen garaia. «Udan badaude postreak, noski. Udako fruituekin egiten direnak, adibidez, mousseak eta halakoak. Giroak plater arinagoak eskatzen ditu. Neguan, aldiz, txitxigehiago duten platerak prestatzen ditugu. Eta are gehiago azkenaldian egin duen hotzarekin. Errazago sartzen dira giro honekin babak eta gisakoak. Postreekin ere, antzera. Nik beti ematen dut gomendio hori: sasoian sasoiko produktuekin aritu behar da sukaldean. Ez du zentzurik plater bat prestatzeko ez dagoen zerbaiten bila aritzeak, hobe da dagoen hori baliatzea».
Etxetik datorkio zaletasuna Alfarori. «Zortea izan nuen, eta gure ama oso ona zen sukaldean. Aingeruen pare aritzen zen. Eta nire izeba txikiak Alfaron (Errioxa, Espainia) gozo mordoa egiten zituen. Eta oraindik ere oso ona da sukaldean. Haiei ikasi diet nik gehien-gehiena. Tradiziozko sukaldaritza da gehien gustatzen zaidana, egia esanda. Garai bateko errezetak egiten pasatuko nuke eguna nik neuk, baina modernizatu ere egin behar, era berean». Horregatik, tradizioarekin jolastea maite du Alfarok.
Geografiaren zaporea
Horretan aritzen da, behintzat: dakienari ez dakiena nahasten. «Inork ez daki errezeta berriak probatzeko zenbat diru gastatzen dudan; baina, azken finean, horixe gustatzen zait. Sukaldean nago ni gustura, eta zerbaitekin asmatzen dudanean, jendea pozik ikustea da nire helburua». Postreak omen dira esperimentatzeko tarterik handiena ematen dioten platerak. «Lehen plater bat moldatzeko errezeta bat ateratzen zaidanerako, hogei ideia baditut postreak egiteko».
Garaiarekin beste daude postre batzuk lotuta gune geografikoarekin. Torrijak, adibidez, oso Nafarroakoak dira. Eta badaude gune zehatzagoekin lotutakoak. San Adriango mahatsar hostoak (Nafarroa), esaterako, edota Leringo almendra zopa izeneko opila (Nafarroa). Lekua, sasoia eta zaporea, dena ahoaren neurrira.
Gozogintzaren neguko berotasuna
Euskal Herriko sukaldaritzaren tradizioaren zati handi bat ezagutzen du Angelita Alfaro sukaldariak, eta, dioenez, egutegiarekin lotuta egoten da maiz gozogintza. Sasoiak eskatzen duenez, sendoagoak izaten dira neguko postreak. Errezetarik ez da, behintzat, falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu