Sanferminologoa

Grabitatearen apetak

Indarrean jarraitzen dute grabitatearen arauek sanferminetan, baina oso era apetatsuan, eta hari aurka egiteko saioak ere izaten dira. Hautua argia da: grabitatearen alde ala kontra.

Inigo Astiz
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Gauza asko erortzen dira sanferminetan. Erortzen dira objektuak, erortzen dira mitoak, eta erortzen dira maskarak. Baina, batez ere, pertsonak erortzen dira. Posizio ezberdinetatik bakoitza, eta bere pisuarekin bakoitza; baina, halere, azelerazio berarekin denak. 9,81 m/s2, unibertsoaren gune honetan. Azkar batean, alegia, edo zehatzago eta, beraz, era zientifikoagoan esanda: azkarregi. Izan ere, kolpe handiegia da sanferminetara biltzen diren gorputz zerutiarrentzat lurrari lotu behar hori. Ezin izaten zaio luzaro zutik eutsi bertikaltasunari, eta, horregatik, interes zientifiko handiagoa dute salbuespenek legeek baino. Alor honetako teorialari nagusiek, behintzat, garrantzi handiagoa eman diete lurretik altxatu eta zerura hurbiltzeko aukera eskaintzen duten une ziztrin horiei (Eskudero, X, 1985; Larraioz, I, 1986). Gutxi ere ez dira izaten, gainera.

Naturaren legeak gainditzeko ahalegina dira sanferminak, neurri handi batean. Desafio bat jainkoen, naturaren eta gizakiaren legeen aurka. Huts egiten duen desafio bat da, gehien-gehienetan, bai, baina ez beti. Grabitatearekin gertatzen dira salbuespen horietariko batzuk. Indarrean jarraitzen du arauak, noski, festetan; baina izaten ditu eten uneak ere. Txupinazoan, adibidez (Lakasta, J.K.L., Eleta, T., 2010-2011). Jendearen bultzadek eraginda, Unikornio urdinen itxurako globoen pare flotatzen egoten da jendea Udaletxe plazan segundo batzuz. Jendetzan hegan, edo jendetzan igeri, hautatu nahi den eskola filosofikoaren arabera. Elkartasunean, betiere, lurrera kondenatzen dituen arauaren aurka, salbuespenaren alde.

Oraindik ez da jarrera horren zergatiari buruzko adostasunik zientzialarien artean. Nafarreria plazako kanpotarren jauziak dira polemikaren iturria. Teorialariek ez diote zentzu argirik ikusten. Jaio aurreko grabitaterik eta, beraz, araurik gabeko esperientziarako erregresio gisa ulertzen dituzte salto horiek psikologo kognitibo esanguratsuenek (Lacan, J, 1978). Umekeriatzat, alegia. Soziologo esperimentalen ustez, ordea, kontzientziaren etenaldi bat jasaten duten izaki bereziak dira jauzilariak (Marido, J. R., 2011). Inkontziente batzuk, alegia. Batera edo bestera izan, hau da oraingoz neurketa fidagarriez frogatu ahal izan den bakarra: arkitekturarekin batera, medikuntza da Nafarreriako iturriari buruzko ikerketarik sakonenak egin dituen zientzia esparrua.

'Grabitofilian' eroriak

Dena ez da aurka egitea, ordea, sanferminetan. Badago alderantzizkoa egiten saiatzen denik. Jainkokeriak baztertu, eta naturaren legeen alde eginahalak eta bi egiten dituenik. Eta, azken neurketen arabera, ez dira gutxi grabitatearen indarrek erakarrita sanferminetan grabitofilian erortzen direnak. Zutik ere ez dute egon nahi izaten izaki horiek. Ez, ordea, ezintasun biologiko bategatik, hautu politiko bategatik baizik: bertikaltasunaren aurka daude (Plath, S, 1962). Baina, era berean, bakarka erortzeko beldur ere badira. Gaua pasatzen dute, horregatik, kide bila, grabitatea nola praktikatu asmatu nahian. Eta grabitatea praktikatzen ere bai batzuk.

Legeak hori dio: gero eta txikiagoa izan bi elementuren arteko distantzia, orduan eta handiagoa da grabitate indarra. Horregatik da hain apetatsua grabitatea sanferminetan. Jendea lurretik gertu sentitzen delako batzuetan, unearen arabera, eta zerutik hurbil beste batzuetan, beren txori ametsetan. Horregatik daude hominidoak sanferminetan bat-batean lurrari hain lotuta, eta bat-batean hain lurrari lotuago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.