Grafenoak ez luke komunitate zientifikoan eta industrian duen garrantzia izango, berezkoak dituen ezaugarriak ez balitu; oso gogorra da, ia hautsiezina, gardena eta malgua;argindarraren eroale bikaina da, gainera, silizioa baino askoz azkarragoa. Grafenoak bi dimentsioko materialarekin lan egiteko ateak zabaldu, eta orain arte ia pentsaezinak ziren ahalmenak eskuragarri jarri ditu.
Kimikari eta fisikarien artean grafenoa dela-eta gertatzen ari den iraultza txiki horren jakitun ziren CIC Nanogunean aspaldian. «2009an gizarteratu gabe zegoen oraindik grafenoak duen eta izango duen garrantzia, baina guk bagenekien», azaldu du Jose Maria Pitarkek, CIC Nanoguneko zuzendariak (Bilbo, 1960). «Ingelesek gap hitzarekin azaltzen dutena genuen aurrez aurre: hutsune bat bete gabe, aukera bat». Artean ez zegoen era kontrolatuan grafenoa sintetizatzeko erarik. Alor horretan hasi ziren lanean 2010eko apirilean Grafenean, Nanoguneko instalazioen azpiegiturak aprobetxatuz.
Nanogunek hartzen du bere barruan enpresa berria. «Grafenoa ekoizteko metodoak garatu behar ziren». Hainbat inbertitzailerekin harremanetan jarri, eta Grafenea gauzatu zen duela urtebete inguru. Jesus de la Fuente Grafeneko kudeatzaile nagusiaren hauspoa izan zuen proiektuak, batetik,baita Jose Maria Pitarkerena ere, bestetik. «Geimi eta Novoselovi Nobel saria eman aurretik eratu zen hau guztia. Nanogunek gap horretan lehiakor izateko baldintzak betetzen zituen. Grafenozko transistoreak egiteko ez ginateke lehiakor izango, adibidez, baina grafenoa bera sintetizatzeko metodoak garatzeko bagara. Puntako ikerlariak ditugu alor horretan, munduko onenak zertan ari diren badakigu, hau da, ezagutza eta azpiegitura baditugu. Aukera ikusi eta horretara abiatu ginen».
CIC Nanogune eta ekimen pribatuaren artean sortu dute, beraz, Grafenea. Munduko teknologia aurreratuenean jarduten duten ikerketa laborategiak eta enpresak hornitzeko jaio da erakundea. «Dagoeneko baditugu eskariak, grafeno laginak sortzen hasi baikara jada».
Grafenea, etorkizunari begira
Grafenoa ekoizteko modu lehiakorren bila dabiltza Donostian, Grafenean. Ezagutzen den bi dimentsioko material bakarraren laginak sortuak dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu