Gramo bat radio beharko nuke ikerketekin segitu ahal izateko; baina ezin dut erosi. Radioa garestiegia da niretzat». Harrigarria iruditu dezakeen arren, hitzok Madame Curieren ahotik irten ziren 1920ko udaberrian. AEBetatik elkarrizketa egitera etorri zitzaion William Brown Melony andreari esan zizkion, «zer eskatuko luke berorrek?» galderaren aurrean. Melony andrea hunkituta zegoen elkarrizketatzea hainbeste kostatu zitzaion emakumearen aurrean, ikusita zer kondiziotan egiten zuen lan, eta zein urriak ziren haren baliabideak, curietarrek egindako aurkikuntza ustiatzen zuten Ameriketako fabriken aldean, edo sorterrian ezagutzen zituen zientzialari ospetsuen laborategien ondoan.
Radioa Pierre eta Marie Curieren aurkikuntza izanagatik, ez zen izan aberastasun-iturri haientzat. Senar-emazteek uko egin zioten radioa fabrikatzeko prozesua patentatzeari; aurkikuntzaren eta purifikazio garbitze-prozesuaren xehetasun guztiak argitaratu zituzten, eta eskatu zituen orori eman zizkioten, «espiritu zientifikoaren kontrakoa» litzatekeelako bestela jokatzea.
1920an ehun mila dolarrekoa zen radio-gramo baten balio komertziala, eta Marie Curieren Radioaren Institutuak ez zuen halakorik ordaintzeko dirurik. Laborategi duina zen, paradisua ere bai lehenago izan zituen lan-baldintzak ikusita; baina, bere ikertzaile-bizi osoan bezala, orduan ere dirua ez zen aise iristen, fisikari entzutetsua izan arren. Baliabide mugatuak zituen, eta nahi zuen radio-gramo hura bere ahalmenetik kanpo zegoen. Ez, ordea, Melony andrearenetik.
Kazetari eta ekintzaile garrantzitsua zen William Brown Melony sorterrian, eta erabakia hartuta itzuli zen Paristik: Ameriketako Estatu Batuek oparituko zioten radio-gramo hura Madame Curieri. Esan eta egin, urtebeteko epean bildu zuen behar zen dirua. Marie Curie Radio Funtsa antolatu zuen horretarako, eta milaka pertsonaren dohain txikien bidez osatu zuen kopurua. «AEBetan, ezer ez da ezinezkoa» idatzi zuen Madame Curieren alabak amari buruzko izen bereko biografian, haren bizitzako pasarte horri buruz. Eta, egia esan, dena zuen alde diru-bilketak: eragile handi bat alde batean, emakume engaiatu eta miretsia bestean, eta bidegabekeria bat zuzentzen aritzearen sentipena erdian. Izan ere, nola zitekeen radioaren aurkitzaileak ezin radiorik eskuratu ahal izatea?
Radio-gramoa ez zitzaion doan-doan atera, ordea, Madame Curieri. Bera zen orain hunkitua, eta, azkenean, amore eman eta gutxien maite zuena egiteko prest ontziratu zen 1921eko udaberrian: egingo zuen Estatu Batuetan Melony andreak prestatutako bira jendetsua; ikusia, omendua eta goretsia izango zen, eta jasoko zuen radio-gramoa Estatu Batuetako presidentearen beraren eskuetatik ekitaldi arranditsu batean.
Gaur egungo izar ospetsuenen pare ibili zen hara eta hona Madame Curie Estatu Batuetan, omenaldiz omenaldi, harreraz harrera, eta sariz sari, hilabete eta erdiko bira neketsuan, bere izateko era gaindituz, bere-berea inoiz izango ez zen radio-gramoaren truke. Izan ere, sinesten zuenari leial, laborategiaren izenean jarrarazi zuen oparia, emate-ekitaldiaren bezperan dohaintza-agiria bere izenean zegoela ikusita. Emakume apala zen, baina uste sendoetakoa: «Akta hau aldatu egin behar da. Estatu Batuek emango didaten radioak zientziarena izan behar du betiko. Ni bizi naizela, esan gabe doa, lan zientifikoetarako baino ez dudala erabiliko. Baina gauzak bere horretan uzten baditugu, ni hiltzen naizenean, pertsona pribatuen ondare bilakatuko da radioa, nire alabena. Eta hori ezinezkoa da. Nire laborategiari eman nahi diot dohaintzan. Abokatu bat ekar dezakegu?».
Ezarian. Zientzia. Argialdian
Gramo bat radioren truke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu